Reala 0-3 Bartzelona

Nahi bai, baina ezin

Realak 0-3 galdu du Bartzelonaren aurkako Espainiako Kopako final-laurdenetako lehia. Bigarren zatian erabaki da kanporaketa

Nerea Eizagirre baloiarekin, atzo jokatutako neurketan. JON URBE / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
2022ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Caludia Pinak (10. min.). 0-2: Alexia Putellasek (53.min.). 0-3: Alexia Putellasek (59.min.)

Espainiako Kopako kanporaketek beti uzten dute ezusterako tartea, eta aukera apurrak izanagatik, balentria egiteko esperantzarekin zelairatu zen atzo Reala. Parean ez zuen aurkari makala, ordea: txapelketa guztietan emaitza ikusgarriak lortzen ari den Bartzelona, hain zuzen —asteburuan liga irabazi zuen—. Kataluniarrek ez zuten sorpresarako aukera zipitzik eman, eta 0-3 irabazi zuten neurketa. Beraz, Kopatik kanpo geratu ziren txuri-urdinak, itxura ona eman zuten arren.

Denboraldi aparta egiten ari da Natalia Arroyoren taldea, baina geldiezin dabil aurten Bartzelona, aspektu guztietan nagusi. Duen maila berretsi zuen atzo, beste behin, eta txuri-urdinek ezin izan zioten eutsi katalanen erauntsiari. Planteamendu nahiko defentsiboa egin zuen hasieran Realak, aurkariaren joari eusteko asmoz, atzean itxita. Ordea, hamargarren minutua bete aurretik iritsi zen kolpea. Katalanek sareetara bota zuten izandako lehen aukera: eskuin hegaletik egindako erdiraketa bat bakar-bakarrik errematatu zuen Claudia Pinak, eta 0-1ekoa ezarri markagailuan.

Ez zuen etsi Realak. Zartatekoak esnatu zuen, eta pauso bat aurrera ematea erabaki. Segidan etorri zen partida berdintzeko aukera garbiena; Amaiur Sarriegiren jaurtiketa, baina, atezainak gelditu zuen. Hegalekoaren oinetatik pasatu zen, hain justu, txuri-urdinek lehen zatian sortu zuten arrisku gehiena.

Lerroak luzatu zituen Realak, eta ireki egin zen partida. Zaleei gustatzen zaien traza hartu zuen lehiak: aukerak bi areatan eta erritmo bizia, baloia ondo eta zentzuarekin mugituz. Bartzelonak makina bat aukera izan zituen aurreneko zatian partida bideratuta uzteko, baina ez zuen asmatu, eta bizirik iritsi zen Reala atsedenaldira. Gainera, min egiteko gai zela erakutsi zuen, eta, hala jarraituta, jakitun zen bere aukerak izan ahal zituela .

Bigarrengoan, ezinean

Bestalakoa izan zen, ordea, bigarren zatia. Hasi eta gutxira etorri zen kolpea, 53. minutuan. Sareetara joan zen Alexia Putellasek zutoin albora botatako jaurtiketa, eta ilundu egin zitzaien bidea txuri-urdinei; hortxe amaitu zitzaien erregaia, baita lehia iraultzeko esperantzak ere.

Beste abisu bat eman zuen Bartzelonak, eta hurrengo erasoanutzi zuen erabakita kanporaketa. Berriro Putellas protagonista. 2021eko Urrezko Baloiaren garaileak duen kalitatearen zantzuak eman zituen: area kanpoan baloia hartu, jokalari bati izkin egin, eta gol ikusgarria sartu zuen, jaurtiketa indartsu batekin. Ezin izan zuen ezer egin Elene Letek. 59. minutua zen.

Azken txanparaino abaguneren batekin iristea zen txuri-urdinen nahia, baina ez zuten lortu. Lanean jarraitu zuten arren, nabari zen ihes egin ziela kanporaketak, eta erritmoa galdu zuen partidak. Apurka itzaliz joan zen Bartzelona ere. Baloiaren jabetza zuen, baina hainbeste estutu gabe ari zen. Ez zuen behar. 0-3 irabazi zuen neurketa, eta finalerdietarako txartela lortu. Txapelketatik kanpo geratu zen, berriz, Reala, baina dena emanda, eta sentipen onekin. Lehiatuta, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.