Jokin Murgialdai. Caja Ruraleko txirrindularia

«Aitak esaten dit ni naizela orain ezagunagoa»

Abizenak ematen du aditzera zerbait. Murgialdai bat izan zen tropelean aurreko mendean. Bigarren hau aurreneko hark eramaten zuen lasterketetara, umea zela. Javier aitari segika egin da ziklista Jokin semea.

MIQUEL FRANCO.
Aitor Manterola Garate.
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Itzuliko bigarren etapa amaitu eta pare bat ordura, telefonoz erantzun ditu BERRIAren galderak Jokin Murgialdai txirrindulariak (Gasteiz, 1990). Bigarren denboraldia du profesionaletan, eta etxeko bategatik dago bizikletaren munduan. Aita Javier du, ziklista aurreko mendean, euskal txirrindularitzaren orduko erreferentzietako bat. Semea bere bidea egiten ari da, pausoz pauso, eta Caja Ruralen dabil pedalei eragiten. Amets bat baduela dio, Italiako txirrindularitzarekin lotura duena. Eskalatzailea izanik, ez da zaila asmatzen zer darabilen buruan arabarrak.

11 urterekin hasi zinen txirrindularitzan, Aguraingo Arabarrak taldean. Zenbateko eragina izan zuen aitak?

Handia, edo erabatekoa. Aita ere talde horretan ibili zen umetan, eta hark eraman ninduen. Beregatik ez balitz, ez dut uste bizikletan ibiliko nintzenik sekula.

Javier Murgialdairen semea izatea zama edo ardura da?

Normaltasunez hartzen dut. Hasieran, aita zen ni baino ezagunagoa, baina esaten dit orain ni naizela ezaguna.

Aholkuak tamainan ematen dizkizu, ala gehiegi?

Badaki zer egin behar dudan. Kadeteetan eta gazte kategorian gainean izan nuen, baina orain badaki ni neu ondo moldatzen naizela.

Gainean zenuen garai horietan, askotan haserretzen al zineten aita-semeak?

Hainbatetan, eta askotan kanpokoei kasu gehiago egiten nien, aitari baino.

Zenbateko jauzia dago afizionatuetatik profesionaletara?

Azken urte ona egin nuen, 23 urtez azpiko Giroan zortzigarren eta bi bigarren postu Espainiako Txapelketan, erlojupekoan eta errepidean. Erregularra izan nintzen denboraldi horretan. Aldea dago, azkar doazenak oso azkar joaten baitira. Korritzeko modua zoroagoa da afizionatuetan, lasterketa guztietan hasi eta buka oso bizi egiten delako. Profesionaletan, taldeko taktika gehiago dago, estrategiak zeresan handiagoa dauka, eta une batzuetan lasaiago joan gaitezke. Horregatik, afizionatuetan gogorrago da. Hemen, gaur [herenegun], ia egun osoan lasai joan gara, azkeneko hamar kilometroetan sartu arte. Gero bai, gero topera.

Nola bizi zenuen etapa berean lasai joatea eta azkenera bizitzea?

World Tourreko txirrindulariei errespetu handiarekin. Horiek aurrean joaten dira, eta Kontinental mailakoak, atzean. Apalagoen lekua da hori.

Errespetua ez ezik, konplexua ere bai?

Ez, horrelakorik ez.

Lehen aldia duzu Itzulian; zer ari zaizu iruditzen?

Oraingoz, lasai goaz, baina bihartik [atzotik] su festa hasiko da.

Zer esan nahi du etxeko lasterketa nagusian aritzea?

Zuk esan duzu zer den Itzulia: etxeko lasterketa. Inguruko guztiak errepidean egoten dira, errepideak ezagunak dira, entrenatzen bertatik ibiltzen garelako, eta ezin aipatu gabe utzi zaleak, euskaldunak, munduko onenak.

Ezagutzen dituzun errepideetatik lehiatzeak konfiantza handiagoa ematen dizu?

Bai. Gogo handiagoarekin joaten naiz, konfiantza handiagoarekin.

Zein dira Itzuliaz dituzun aurreneko oroitzapenak?

Aita ez nuen sekula ikusi lasterketetan. Gogoan dut aita etortzen zela ikastolara, lehenago ateratzeko, Itzulia ikustera joateko. Zein pozik joaten nintzen!

Nor zenuen eredu edo idolo umetan?

Ez naiz gogoratzen, oso txikia nintzen. Gogoan dudana da taldeen autobus inguruetan ibiltzen ginela, eta aitak esaten zidan hau ez dakit zein zela, beste hark hura egin zuela, eta denekin hasten zen hizketan. Ez nuen inor ezagutzen, eta aita astun samarra jartzen zela pentsatzen nuen [barrezka].

Txirrindularitzan hasi zinenean, norengana joaten zitzaizkizun begiak?

Chris Froomerengana. Ia oraintsu arte, gainera.

Amets bat txirrindulari gisa?

Giroko etaparen bat irabaztea. Italia gustatzen zait, hango txirrindularitza epikoa. 5.000 metroko desnibeleko etapa menditsuak zer dira ba ederrak!

Taldea Espainiako Vueltatik kanpo geratu da. Kolpea da.

Bai, eta gogorra. Baina aurrera egin beharra dago, eta taldeko arduradunak lasterketa bila aritu dira. Ematen du lasterketarik ez zaigula faltako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.