Alavesek asko dauka jokoan gaur Levanteren kontra, Mendizorrotzan

Eñaut Agirrebengoa -

2018ko martxoak 1
Inoiz ez da samurra 4-0 galtzea, baina Santiago Bernabeuko estropezuak ez luke Alaves itsutu beharko. Finean, logikaren barruan sartzen da esku hutsik gelditu izana. Eta kolpea ahaztu ezinik badabil, horretarako primerako abagunea du gaur, Levante aurkari zuzena hartuko baitu Mendizorrotzan. Ez da izango edonolako partida. Irabaziz gero, pauso handia emango luke mailari eusteko bidean, eta hamabi puntura utziko luke Levante; berriz galduta, ordea, zalantza egiten hasiko lirateke berriro.

Baikor izateko arrazoi dezente dituzte Alavesen. Nagusia etxean erakusten ari diren sendotasuna da. Azken sei partidetatik bost irabazi dituzte, eta bat berdindu. Bederatzi gol sartu dituzte, eta hiru besterik ez dizkiete sartu. Hori gutxi ez, eta neurria hartua diote Levanteri. Izan ere, ez dute galdu haren kontra azken 21 urteetan. Epe horretan zortzi lehia jokatu dituzte elkarren aurka, eta seitan gasteiztarrak gailendu dira. Gaurkora bolada negargarrian iritsiko da Levante: hamahiru partida daramatza irabazi gabe.

Abelardok jokalari guztiak izango ditu eskuragarri, Vigaray eta Hectorren ohiko salbuespenekin. Munir hamaikakora itzuliko da, iragan jardunaldian zigorra bete ondotik. Bestalde, Bernabeun partida aulkian hasi zuten Martinek, Pinak eta Ibaik, eta litekeena da gaur hasieratik aritzea. Hala, etxean zelairatu ohi duen hamaikakoa aterako du Abelardok. Partida «zaila» espero du, «Levante oso talde landua delako. Ez dago bolada onean, baina bi aldeetatik apur daitekeen lehia horietako bat izango da».

ALAVES-LEVANTE

Alavese. Pacheco; Martin, Laguardia, Ely, Duarte; Ibai, Pina, Manu Garcia, Pedraza; Munir eta Guidetti.

Levante. Oier; Coke, Postigo, Rober, Luna; Lerma, Lukic, Campaña,

Morales; Ivi eta Sadiku.

Epailea. Fernandez Borbalan.

Lekua. Mendizorrotza (19.810 ikusle).

Ordua. 21:30ean (BeIN La Liga).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna