Realak 0-4 irabazi dio Santa Teresari

ainara arratibel gascon
2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Garaipen bat lortzea izan ohi da porrot bat ahazteko modurik onena. Hala egin zuen atzo Realak. Natalia Arroyoren taldeak0-4 irabazi zuen Santa Teresaren zelaian, eta igandean Madrilen aurka jasotako porrota iraganean geratu da jada. Nahikarik egin zuen azken gola.

Hasi eta buka izan ziren nagusi txuri-urdinak. Gemma Giliren, Nerea Eizagirreren eta Maitaneren abisuak eta gero, epaileak penaltia adierazi zuen, eta Barbara Latorrek gola egin zuen (28. min.). Bigarrena handik bost minutura ailegatu zen. Oraingoan ere geldikako jokaldi batean. Falta jaurtiketa zuzen batean gol ikusgarria sartu zuen Nuria Mendozak.

Realak kontrolpean zuen partida, eta hala amaitu zen lehen zatia. Bigarrenean ere txuri-urdinek bide beretik jarraitu zuten. Santa Teresa igo berria da Lehen Mailara, eta sasoiko ezustea izaten ari zen. Baina atzo ez zuen ohiko sendotasuna erakutsi. Azken txanpan beste bi gol egin zituzten Arroyorenek. Bata Leire Bañosek, 73. minutuan, eta bestea Nahikarik ,86.ean. Biek area burratik jaurtita. Igandean jokatuko du hurrengo partida Realak, Zubietan, Granadilarren kontra (12:00). Ateak itxita izango da.

Athletic-Madril, gaur

Realak Madrilen aurka jokatu zuen aurreko igandean, hain zuzen ere gaur Athleticek izango duen kontrarioa, Lezaman (18:00, Teledeporte eta Athleticen Youtubeko kanala). Nekane deialditik kanpo geratu da, min hartuta, eta Garazirekin zalantza dago.

Angel Villacamparen arabera, «konplexua» izango da partida. «Hiru gol bakarrik sartu dituzte, baina bakarra jaso dute soilik. Talde tinkoa da, ideiak argi dituena.Erritmoa eta ideiak argi izatea erabakigarria izango da». Gustura dago taldea egiten ari den lanarekin: «Lau puntu galdu ditugu azken minutuetan, eta momentu horiek ondo kudeatzen asmatu behar dugu. Gainontzean, taldea oso ondo ari da lehiatzen. Aurkariek gauza asko egin behar dituzte ondo irabazteko». Zuri-gorriek ez dute partidarik galdu. Bi garaipen eta bi berdinketa pilatu dituzte jokatutako lau neurketetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.