Donostiako 67. Zinemaldia. Made in Spain

Eguneroko hiriaren ifrentzua

Madrilgo lur azpian beste dimentsio bat topatu du Victor Morenok 'La ciudad oculta' pelikulan

Victor Morenoren La ciudad oculta dokumentaleko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Andoni Imaz.
Donostia
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Argiak ageri dira pantaila beltzean diz-diz. Izarrak dirudite gaueko zeru garbian. Pixkanaka urruntzen da kamera, enfokatuz, zeru zabalaren paisaia lurrera jaitsiz. Zerua lurra da, asfaltoa. Espazioak eta lurpeak elkar gurutzatzen dute Victor Morenoren La ciudad oculta lanean, unibertsoarekin ari baita jolasean, mugarik gabe. Lurpeko galeriak, tunelak eta estoldak filmatu ditu, hiriaren ifrentzuaren sinfonia osatzeko. Donostiako Zinemaldian izan da filma, Made in Spain sailean.

Metro bidaiek piztu zioten zinemagileari pelikula egiteko gogoa. «Geltokien arteko zati beltz horiek pentsarazi zidaten zer dagoen haien atzean; dena ezin da beltza izan», kontatu du Morenok. «Amildegiaren» beltzak erakarrita jo zuen lurpera, egunerokoaren atzean dagoena argitara eramateko asmoarekin.

Haren esanetan, oso film gutxik landu dute lurpeko paisaia, modu horretan behintzat: ez da ezkutaleku bat, inor ez da ihesi ari, bere horretan ageri da dena. «Imajinario osoa asmatzeko aukera izan dut, lurpea oso gutxitan irudikatu izan delako».

Behera jaitsi zenean, Morenok «azpiegitura handi bat» topatu zuen, altzairuzkoa eta hormigoizkoa. Isiltasuna zen nagusi. «Ezagutzen dugun horren azpian, espazioak eta denborak beste dimentsio bat hartzen dute». Oso leku arrotza iruditu zitzaion lur azpia, «berez gizakiak sortutako lekua» izan arren. Izarrekin eta asfaltoarekin egiten duen loturak beste zentzu bat hartzen du horrela. Lurpea eta Nazioarteko Espazio Estazioa ez daude horren urruti elkarrengandik: naturari «kendutako» elementuak dira biak.

Urtebete eman zuten dokumentala filmatzen. «Filmaketa gogorra izan zen, behar genituen baimen guztiengatik, batez ere». Madrilgo lurpea filmatu zuten, baina hiria bezain handia da haren azpian dagoena, eta lan handia egin zuten lokalizazioak topatzen. Gainera, bizpahiru orduz besterik ezin zuten filmatu egunean, segurtasunagatik.

Lurpeko bizidunak

Lur azpiko mundua ageri da filmean, baina baita «habitat» horretako bizidunak ere: langileak. Zinemagileak pelikularen erdigunean jarri nahi izan ditu hiriaren zati ezkutuan lan egiten dutenak, hori bera ezagutarazteko asmoarekin.

Morenok «ikus-entzunezko esperientzia» moduan sortu du lana; «hau ez da fotografia». Iluntasunarekin jolastuta, ikus-entzuleen «sena iratzarri» nahi izan du, misterioa sortuz, gauzek diruditenarekin eta benetan direnarekin jolastuz. Ez dago elkarrizketarik, eta azpiko munduko elementu txikien eta inguruaren handitasunaren arteko kontrasteak gidatzen du kontakizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.