Alaves 1-1 Valentzia

Pixka bat gertuago

Alavesek berdindu egin du Valentziarekin Mendizorrotzan. Parejok sartu du lehen gola, eta Edgarrek egin du banakoa

Ximo Navarro, Denis Txerixevekin lehian, atzo, Mendizorrotzan. DAVID AGUILAR / EFE.
Julen Etxeberria.
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Parejok (34. min.). 1-1: Edgarrek(73. min.).
Epailea. Gil Manzano. Txartel horiak: Alaveseko Lucas Perezi, Ximo Navarrori, Elyri, Joseluri eta Edgarri; eta Valentziako Kondogbiari, Gayari, Celadesi eta Diakhabyri.
Bestelakoak. 15.000 ikusle inguru Mendizorrotzan.

Alavesek beste urrats txiki bat egin du denboraldiko helburu nagusia betetzeko bidean: mailari eustea. Bana berdindu zuen atzo Valentziarekin, Mendizorrotzan, eta horri esker, eta jardunaldiko emaitzen zain, hamar punturen aldea du jada jaitsiera postuekiko. 11 norgehiagoka falta dira jokatzeko, eta 33 puntu banatzeko, baina Gasteizko taldeak nahiko bideratuta du bosgarren denboraldiz jarraian Espainiako maila nagusian jokatzea.

Atzoko emaitzak, gainera, segida emango dio gasteiztarrek aspalditik daramaten bolada onari, partida bakarra galdu baitute azken sei jardunaldietan. Ezin izan dute hirugarrenez jarraian irabazi bere zaleen aurrean, baina gutxienez, puntu bat lortu dute.

Eta ez da sari txarra, Valentziak sartu baitzuen aurreneko gola, 34. minutuan, Parejok maisuki jaurtitako falta bati esker. Golak min handia egin zion Alavesi, eta minutu askoan bazirudien Herrialde Katalanetako taldeak erabakita utziko zuela neurketa. Baina bigarren zatiak aurrera egin ahala, etxekoek gora egin zuten, eta gero eta arrisku gehiagorekin hasi ziren iristen Cillessenen arearen ingurura. 73. minutuan jaso zuten saria. Jokaldi nahasi batean, Edgarrek baloia jaso zuen, eta haren jaurtiketa sareetara joan zen, Kondogbiak ukitu eta gero.

Golak hauspotu egin zituen etxekoak, eta azken minutuetan oso estu hartu zuten Valentzia. Hala, Joseluk aukera bikaina izan zuen bigarren gola sartzeko, partida amaitzear zela. Bakar-bakarrik geratu zen ate aurrean, baina bere jaurtiketak Diakhabyren hankaren aurka joan zen. Hortxe amaitu zen partida. Ez zen aukera gehiagorik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.