Eibar 1-0 Valentzia

Arnasa hartu du

Eibarrek Valentziari irabazi dio Ipuruan, Kondogbiak bere atean sartutako golari esker. Mailari eusteko urrats bat egin dute etxekoek

Eibarreko jokalariak, Kondogbiak bere atean sartutako gola ospatzen, atzo, Ipuruan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Kondogbiak, bere atean (17. min.). Epailea. Martinez Munuera. Txartel horiak: Eibarreko Escalanteri, Charlesi, Enrichi eta Orellanari. Txartel gorria: Valentziako Mangalari (89. min.), bi txartel hori ikusi eta gero.

Real Madrilen aurkako lehen zatian ez beste, ondo aritua zen Eibar etenalditik bueltan, lehiakor. Hobera egina zuen ligaren lehen zatiarekin konparatuta. Baina hobekuntza horrek sari txikia izana zuen: bi puntu baino ez. Horren ondorioz, larri segitzen zuen sailkapenean, jaitsiera postuekiko aldea handitu ezinik.

Baina, azkenean, jaso du lan onaren saria: garaipena. 1-0 irabazi zion atzo Ipuruan Valentziari. Horri esker, bolada txarra eten du, garaipenik ez baitzuen lortu aurreko bost jardunaldietan; horietatik hiru etxean jokatutakoak. Horri esker, halaber, arnasa hartu du sailkapenean, eta aurrerapauso bat eman du mailari eusteko.

Betiko oinarrietan eraikitako garaipena izan zen Eibarrek Valentziaren aurka lortutakoa, bere estiloari leial izanda lortutakoa. Indartsu zelairatu ziren etxekoak, aurkariari presioa itogarria eginez. Pentsatzen ere ez zioten uzten. Zelai erdian, zorrotz, eta erasoan, bizi. Denbora gutxi behar izan zuten Orellanak, Kike Garciak eta Charlesek lehen arrisku jokaldiak sortzeko. Nagusi zen Eibar, eta ordu laurdena pasatu berritan jaso zuen saria. Zorteko jokaldia izan zen. Pedro Leonek kornerra atera zuen, eta, Bigasi aurrea hartu nahian, Kondogbiak baloia ukitu zuen, eta bere atean sartu zuen gola. Zorteko jokaldia izan arren, merezitako saria zen, nagusi baitzen etxeko taldea.

Gola jasota, Valentziak aurrera egitea espero zitekeen. Eta halaxe izan zen. Gehiago ailegatu zen Dmitrovicen area ingurura, baina ez zen gai izan gol aukera garbi-garbirik sortzeko. Hala, 1-0ekoarekin amaitu zen lehen zatia.

Presioari esker, nagusi

Atsedenaldiak mesede egin zion Eibarri, indarberritu egin baitzen, eta berriz presioa egiteari ekin baitzion. Fruitua eman zuen: batetik, Valentzia bere zelaian preso geratu zen; eta, bestetik, etxekoak maiz eta arriskutsu hasi ziren kontrarioaren ate ingurura iristen. Cotek izan zuen lehen aukera garbia, falta jaurtiketa batean, 60. minutuan, baina Cillessenek bikain urrundu zuen baloia. Beste horrenbeste egin zuen bisitarien atezainak 82. minutuan, Enrichek buruz egindako errematean.

Ondo ari zen Eibar, nagusi, baina gol bakar baten aldea zuen. Edozein jokalditan gera zitekeen saririk gabe. Fresko zuen etxean Athleticen aurkako derbian gertatutakoa. Hiru puntuak nahi zituen; hiru puntuak behar zituen. Eta, asmo horretan, berri ona izan zen epaileak 89. minutuan Mangala kaleratu izana. Azkenean, garaipena: garaipen garrantzitsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.