Vila-real 3-1 Alaves

Ezin martxa hartu

Alavesek galdu egin du Vila-realen zelaian, defentsan itxura eskasa emanda. Puntu bakarra bildu du ligako lehen lau partidetan

Paco Alcacer Vila-realeko aurrelaria, partidako lehen gola sartzen, atzo. DOMENECH CASTELLO / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Alcacerrek (13. min.). 1-1: Edgarrek (37. min.). 2-1: Gerard Morenok, penaltiz (44. min.). 3-1: Alcacerrek (67. min). Epailea. Medie Jimenez. Txartel horiak: Alaveseko Laguardiari eta Ximo Navarrori.

Sasoi hasiera zaila ari da izaten Alaves. Emaitzek ez diote gezurrik: lehia bat berdindu du, eta hiru galdu. Atzo, Vila-realen kontra neurtu zituen indarrak, eta, duin aritu arren, itxura hauskorregia eman zuen berriz ere. Taldeari ezin zaio ukatu Machinen plana abian jartzeko borondatea, baina teknikariak nahi duenetik urrun dago oraindik.

Lau atzelariko sistema bere horretan utzi zuen Machinek, Getaferen aurka izandako hobekuntzari jarraipena emateko intentzioz. Defentsan nahiko sendo aritu zen orduan, eta aurrenekoz utzi zuen atea hutsean. Abiapuntu ona zen. Atzo, ordea, pitzadurak agertu ziren berriro arabarren egituran. Beren zelaian gotortuta ekin zioten partidari, eta hainbestean eutsi zioten gisa horretan. Haatik, sufritzen hasi zen lerroak aurreratzean. Distantzia handia zegoen atzelarien eta atezainaren artean, eta hutsune horretara pozoiz beteriko baloiak bidali zituzten Vila-realeko erdilariek.

Horietako bati esker, bakar-bakarrik gelditu ziren Moi eta Alcacer Pachecoren aurrean. Aurrelariak baloia sareetara bultzatu besterik ez zuen egin behar, baina Lejeunek diru-zorroa lapurtu zion azken unean. Hurrengo jokaldian, ordea, ez zuen barkatu Alcacerrek, Gasparrek lehen zutoinera egindako erdiraketa dotore baliatuta. 13. minutuan, 1-0.

Golaren ostean, Vila-realen lehen paseak mozten saiatu zen Alaves, presio aurreratuaren bidez. Zenbait baloi berreskuratu zituen areatik gertu, baina ez zen gai izan jokaldiak behar bezala bukatzeko. Susperraldiak gutxi iraun zion Arabako taldeari, eta Vila-real arriskua sortzen hasi zen berriro. Estupiñanen jaurtiketa gurutzatu batekin saiatu zen, eta Gerardek baliorik gabe gelditu zen gola egin zuen. Gertu zirudien 2-0ekoak.

Eta, halako batean, neurketa berdindu egin zuen Alavesek, Asenjoren opari bati esker. Atezainari gainetik pasa zitzaion Deyversonen pase luze bat, irteera gaizki neurtuta, eta Edgarrek aise sareratu zuen baloia. 37. minutua zen, eta atsedenera merezi gabeko sariarekin iristeko aukera zuten gasteiztarrek. Bada, VAR-ak zapuztu egin zien itxaropena. Lejeuneren penaltia ikusi zuen, eta Gerard Morenok ez zuen barkatu Pachecoren aurrean.

Aldageletatik hirugarrenaren bila irten zen Vila-real. Estupiñanek beste jaurtiketa bat egin zuen ezkerretik, eta aldaratzean ez zuen asmatu Alcacerrek. Alaves ere saiatu zen, Borja Sainzek hasi eta Edgarrek jaurtiketa arriskutsu batekin bukatu zuen jokaldian. Atzean, ordea, arrakala zuen oraindik, eta 66. minutuan 3-1ekoa egin zuten etxekoek. Alcacerrek golerako sena erakutsi zuen berriro, Morenok langara jaurti ostean.

Ez zuten amore eman Machinen mutilek, eta hori albiste ona da. Partidan sartzeko aukerak izan zituzten Guidetti eta Lucasen bidez; markagailua, baina, ez zen gehiago aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.