Zientzia

Inbasio barbaroen albisterik ez

Erromako Inperioa hondoratu osteko hilerrietan bila ibili da EHUko ikertzaile talde bat, Euskal Herrian eta inguruan. Erdi Aroko herritarren dieta nolakoa zen aurkitu dute, eta migrazio gutxi egon zela ondorioztatu dute.

Iranzu Guede ikertzailea, ikerketan erabilitako Erdi Aroko hezurretako batekin.
Iranzu Guede ikertzailea, ikerketan erabilitako Erdi Aroko hezurretako batekin. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Edu Lartzanguren -

2019ko otsailak 22

Erromako Inperioa hondoratu zen iparraldeko herri barbaroek inbaditu zutenean. Horrela azaldu izan dute askotan inperio haren amaiera. Baina hezurrek eta aginek beste historia bat kontatzen dute, Euskal Herrian behintzat. EHUko Mineralogia eta Petrologia (arrokak ikertzen dituen zientzia) saileko ikertzaile talde batek garaiko lau hilerri aztertu ditu, eta, ondorioztatu dutenez, han urte luzez lurperaturiko gehienak bertan jaiotakoak ziren.

Geologia ikasi zuenean, Iranzu Guedek (Elorrio, Bizkaia, 1989) ez zuen susmatzen egun batean telesailetako detektibeak bezala arituko zenik hildakoen hezurrak eta hortzak aztertzen. «Karreran ez ditugu gauza horiek ikusten, baina gero, hemen, lantaldeak arkeologiaren munduan ere ibiltzen dira», esan du. Tesia argitaratu berri du: Ipar Iberiar Penintsulako Erdi Aroko biztanleriaren paleodieta eta mugikortasunaren ikerketa geokimikoa.



Dulantzi (Araba) zen etorkin barbaroak topatzeko hautagairik hoberena. Seigarren mendetik aurrera hango San Martingo basilikako hilerri germanikoa deiturikoan lurperaturiko 33 gizakiren gorpuzkiak aztertu ditu Guedek. Hala esaten diote hilerriari, hildakoak armekin, ontziekin eta apaingarriekin lurperatu zituztelako, eta objektu horiek antz handiagoa dutelako Europako Mendebaldean topatutakoekin, Iberiar penintsulako aztarnategietan topatzen direnekin baino. Antzeko gauza gertatzen da Euskal Herriko beste aztarnategietan. «Bisigodoekin lotzen ziren han lurperaturikoak, baina ikusi dugu migrazioak ezin direla lotu Erromako Inperioaren hondamenarekin. Hau da, joan-etorriak hainbat unetan gertatu direla historian zehar». Izan ere, ondorioztatu dute han lurperaturiko gehienak bertan jaio eta hazitakoak zirela, kanpoko oso jende gutxi zegoela, eta VI. eta X. mende artean tantaka heldutakoak zirela. «Beraz, bitxi bisigodoekin lurperatu arren, bertako jendea ziren». Ikertzaileak azaldu duenez, ezin da jakin haien arbasoak nongoak ziren, edo bitxi bisigodoak erosi egin ote zituzten.

Nola daki Guedesek, ordea, duela hamaika mende hildako norbait bertakoa edo kanpotarra ote zen, haren hezur bat edo hagin bat besterik ez duenean?

Isotopoetan dago erantzuna.

Ikertzaileek inguruko lur, arroka eta uren osaketa aztertu dute, batez ere estrontzio elementuaren isotopoei erreparatuz. Horrek leku bakoitzari nolabaiteko nortasun agiria ematen dio, baita han bizi diren landareei, animaliei eta gizakiei ere. Gizakien haginek eta hezurrek inguruneak daukan osaketa berdina izaten dute, eta hori isotopoetan ikusten da.

Baina hortzetako esmaltea haurtzaroan zigilatua geratzen da, eta ez da gerora aldatzen haren osaketa. Hori ingurunearen osaketarekin parekatuta, esan daiteke norbaitek haurtzaroa leku batean pasatu zuen edo ez. Hezurretan, ordea, ez da zigilatzerik gertatzen, eta haien osaketa aldatzen da bizitza osoan. Ikerketan azterturiko emakume baten kasuan, esaterako, jakin ahal izan dute lurperaturiko tokian jaio zela, baina gero kanpoan bizi izan zela, hiltzera herrira itzuli aurretik. Bost urte behar ditu hezurrak ingurumenarekin orekatzeko, horregatik daki Guedek emakumeak denbora hori baino gutxiago egin zuela herrian, hil aurretik. Detektibe lana da. «Izan ere, CSI telesaileko atal batean erabiltzen dute estrontzio ratioaren teknika hau, hildako bat nongoa zen jakiteko». Guedek azaldu duenez, ardo eta jatorri izena duten bestelako produktuak benetan toki horietakoak diren jakiteko ere erabiltzen dute teknika.


Haginetako estrontzioa erabili dute hilen jatorria jakiteko. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Nongoak ziren, ordea, Dulantziko etorkin bakan horiek? «Arkeologoekin eta beste diziplinetako ikertzaileekin partekatu ditugu emaitzak, eta, ondorioztatu dugunez, haien isotopo ratioak bateragarriak dira Piriniotik iparrerako hainbat gunetakoekin», gaur Landak (Okzitania) diren lekuetakoekin, besteak beste.

Euskal Herriko Kapadozia

Trebiñuko Lañu herria (Araba) altxor agortezina dela ematen du Euskal Herriaren historia ikertzen dutenentzat. Hango harrobian dinosauroak, dortokak, sugeak eta bestelako 40 espezie topatu dituzte, tartean hamar espezie berri. Baina horren antzinera joan gabe ere, informazio asko ematen ari da. Guedek Lañuko Leizeak parajean topaturiko gorpuzkiak ikertu ditu. Euskal Herriko Kapadozia deitu zion lekuari Jose Maria San Sebastian Latxaga historialariak. Izan ere, IV. mendean jendea bizitzen jarri zen han, mendian zulaturiko kobazuloetan. IX. mendetik XII.era arte, hilerri bihurtu zuten.

Lañuko Leizeetan lurperaturiko hemeretzi gizon, hamabi emakume eta zazpi haurren aztarnak aztertu dituzte. VII.-IX. mende arteko gorpuzkinetatik bi gizonezko bakarrik ziren kanpotarrak. Gehiago dira, ordea, X.-XI. mendeen artean, eta gehienak emakumezkoak. Guedek eta harekin lan eginiko historialariek ondorioztatu dutenez, ongi erakusten du horrek nekazari gizartearen joera: gizonezkoak kanpora joaten dira bizimoduaren bila, eta kanpoko emakumezkoak bertara ezkontzen dira. Edonola ere, Dulantziko ondorio bera agertzen da Lañun: mugimendu gutxi.

Titia kendu, eta hil

Oiz mendiaren magalean, umez beteriko hilerri bat dago. Durangaldeko Garai herriko auzoa da Momoitio (Bizkaia), eta San Joan Bataiatzaileari eskainitako baseliza bat dago han. Horren inguruan, 70 hilobi baino gehiago topatu dituzte azken urteotan.

Aztarnategiko 93 gizabanako ikertu ditu Guederen taldeak, Behe Erdi Aroan (VI.-X. mendea artean) eta Goi Erdi Aroan (XIV.-XV. mende artean) bizitakoak. Horietako gutxi batzuk ziren kanpotarrak.

Baina ustekabea haurren kopurua ikustean hartu zuten ikertzaileek: «Hildakoen herena ume txikiak ziren». Ez da erraza jakitea horren arrazoia, baina adinak aztertuta, titia kendu eta elikagai solidoak jatera pasatzeko trantzea bete ezinik hil zirela ondorioztatu dute ikertzaileek.

Jatorriaz harago, Lañun eta Momoition lurperaturikoen dieta ere aztertu du Guedek. Horretarako, karbonoaren eta nitrogenoaren azterketa isotopikoa egin du. Izan ere, gizabanako batek gero eta haragi gehiago jan, orduan eta handiagoa izango da haren hezurretan antzemango den nitrogeno isotopoen ratioa. Izan ere, landareetatik eratorritako elikagaiek karbono asko dute; haragiak, berriz, nitrogenoa. «Ikusi dugu jendea orojalea zela». Batez ere zerealetan eta barazkietan oinarritzen zuten elikadura, eta, gero, haragi apur batekin osatzen zuten dieta. Momoition, baita itsasoko produktuekin ere, kostatik gertu dagoelako.

Ikusi dutenez, ez zen alderik elikaduran generoaren edo adinaren artean; hau da, berdintsu jaten zutela gizonezkoek eta emakumezkoek, gazteek eta helduek. Maila sozialak ere ez dira islatzen gizabanakoen elikaduran.

Pozoituriko musulmanak

Tauste gaurko Aragoin (Espainia) dago. Hiriburua Tuteran (Nafarroa) zuen banukasitarren eragin eremuaren mugan zegoen VIII. mendetik aurrera, eta erabat barruan X. mendetik aitzinera. Banukasitarren dinastiaren sortzaileak islamera konbertituriko nafarrak ziren.

«Tausteko musulmanen kasuan ikusi dugu ezberdintasunak bazeudela gizartean, batez ere gizon helduen, emakumeen eta gazteen artean». Nitrogenoa aztertuta ikusi dute 35-50 urte artekoek jaten zutela haragi gehien, eta emakumeek eta gazteek gutxiago. «Pribilegioak zituzten gizon helduek». Tausten ere, populazio mugimendu gutxi antzeman dute ikertzaileek.

Isotopez gain, beste elementu kimikoak hortzetan aztertzeko teknika bat erabili du Guedek Tausten. Horri esker, aztertutako lau gorpuzkinetan berun kontzentrazio handiak topatu dituzte. «Gizakiek erabilitako beruna etengabe hartzeak eragindako pozoiketa erakusten du». Guederen taldeak uste duenez, musulmanek ontzigintzan erabilitako esmalteetan dago berun horren jatorria.

Erdi Aroan Euskal Herria eta inguruko populazioaren erretratu bat egin nahi izan dute EHUko ikertzaileek. Diziplina arteko ikerketen beharra nabarmendu dute: historialariekin, arkeologoekin, antropologoekin, eta keramikan adituekin aritu dira lanean, hipotesiak planteatu, eta zentzudunak ote ziren galdetu diete.

Ondorio argia atera dute: Dulantziko ustezko bisigodoek eta Tausteko musulmanek erakutsiko lukete «etnikotasuna ez dela kontu biologikoa, baizik eta etengabe moldatzen eta eraikitzen den nortasuna». Jendea baino gehiago, kulturak mugitu izan direla, alegia.

Beste ondorio nagusia: «Jaten duguna gara», esan du Guedek. Literalki da horrela, gainera. Hortzei eta hezurrei galdetzea besterik ez dago.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna