Beldurrari kosk egiteko

Ohikoa da umeek dentistari beldurra izatea; sarritan, gurasoek eraginda. Gainera, haur asko mina dutenean baino ez dira joaten dentistarengana, eta esperientzia txarrekin lotu ohi dute. Odontologiak, baina, gero eta arreta handiagoa jartzen du haurrengan, eta haiei egokitutako prozedurak ditu.

Ainhara Abaitua eta Andrea Poza, Bilboko Oreka Dental hortz klinikako haurren itxaron gelan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jakes goikoetxea
Bilbo
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Ggurasoengandik», erantzun dute, aho batez, Ainhara Abaituak eta Andrea Pozak. Haurrek batez ere gurasoengandik jasotzen dute dentistekiko beldurra. «Azkenean», azaldu du Abaituak, «nik neure semea norbaiti aurkezten diodanean, nire aurpegia ikusten du jakiteko pertsona berri hori nolakoa den, lehen urteetan gurasoengandik jasotzen dute bizitza ikusteko modua».

Ez da ohikoa gurasoek dentistei buruzko komentario positiboak egitea. Eta haurrek hori guztia jasotzen dute. Zenbat etxetan ez ote da baliatzen dentistaren mehatxua haurrek hortzak behar bezala garbitzeko. Umeei beren iruditeria osatzen laguntzen dieten bestelako elementuak ere ez daude dentisten alde: «Disneyk berak irudi txarra zabaltzen du gutaz, ez dago gutaz ongi hitz egiten duen filmerik».

Abaitua eta Poza odontologoak dira. Bilboko Oreka Dental hortz klinikakoak. Ortodontzietan espezializatua Abaitua, gaztetxoekin lan egiten duena; odontopediatra, haurren dentista, Poza. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitateko odontopediatria irakasle ere badira biak.

Haur bat dentistaren kontsultan. Normalean, dentisten itxarongelek eta kontsultek ez dute laguntzen umeak lasaitzen —haurrei egokitutakoak dituzte Oreka Dentalen—: etzaten den besaulkia, argiak, ahoa ikuskatzeko eta tratamendu guztiak egiteko metalezko tresnak ordenatuta eta erabiltzeko prest, denbora luzez ahoa zabalik eduki beharra, hozkia eragiten duten soinuak, tresna metalikoak ahoan aurrera eta atzera, ura botatzeko hodia, listua eta bestelakoak xurgatzekoa... «Eta, gainera, ondo jokatu behar dute», esan du Pozak, haurrekin ulerbera. «Gauza asko eskatzen dizkiegu. Normala da umeak deseroso sentitzea.

Haurren dentistaren lehen araua: gezurrik ez esatea. «Haur guztiei esaten diet ez diedala gezurrik esango», nabarmendu du Abaituak. Horrek esan nahi du prozeduraren batekin deseroso sentituko bada, esan egin behar zaiola. «Umeak konfiantza eduki behar du zugan. Ez zaio gezurrik esan behar. Gauza bat esan, eta beste bat egiten baduzu, agur».

Konfiantza lortzeko eta haurrekin jokatzeko moduaren oinarria zehaztu du Pozak: esan, erakutsi eta egin. Haurrari zer egingo dioten esatea, zeregingo dioten erakustea eta esandakoa egitea. Eta haurraren jarrera indartzea txalotzea.

Ispilua lagungarri

Haurra konplize bihurtzeko, tresna arrunt bezain praktiko bat baliatzen dute: ispilua. Haurrei ispilua ematen diete, ahoa ikus eta esplora dezaten. Haurrik txikienen kasuan, peluxezko krokodilo bat ere badute besaulkiaren ondoan, krokodiloaren hortzekin jolastu daitezen.

Konfiantza lortzeko funtsezko tresna da komunikazioa, eta komunikazioa haurrei egokitu behar zaie. «Gure hizkuntza haien ulertzeko gaitasunera egokitu behar dugu», azaldu du Pozak.

Hizkuntza. Euskaldunak dira Abaitua eta Poza, eta euskaldunak dira haien kontsultara joaten diren haurretako asko. Horrek asko laguntzen die: «Euskaraz dakigula konturatzen direnean, asko erlaxatzen dira, konfiantza hartzen dute», Abaituaren esanetan; «askoz ere lasaiago eta hobeto espresatzen dituzte sentimenduak, izugarri nabaritzen da», gehitu du Pozak.

Dentistak dira Abaitua eta Poza. Ahoan turbinak eta xiringak sartu behar izaten dizkiete haurrei tratamenduak egiteko. Saiatzen dira halako tresnek haurrei—eta hainbat helduri— sortzen dieten beldurra arintzen. Xiringak, esaterako, estalkiarekin erakusten dizkiete. Edota haurraren buruaren atzetik pasatzen dute, ikus ez dezan. «Orratza oso gutxi sartu behar izaten da, eta, gaur egun, zenbait teknika dauzkagu minik ez emateko: anestesia, oia lokartzeko kremak...», zehaztu du Abaituak.

Anestesia jartzeko momentua izaten da zailenetakoa. Indar asko egingo diela eta zerbait nabarituko dutela esaten die Pozak umeei. Eta, nabaritzen dutenean, geldirik egoteko eta hamar arte zenbatzeko. Izan ere, umeen kasuan denboraren kontzeptua lausoagoa da: «Baina oso garrantzitsua da egingo dugunak zenbat iraungo duen pixka bat zehaztea. Horrela, ikusten dute egiten duzunak hasiera bat eta bukaera bat dituela».

Prozedura horiek, baina, ez dute balio haur guztientzat. Beste klinika batzuetatik joandako haurrek jada badakite xiringekin ziztatzen dituztela, bai eta orratzak non sartzen dituzten ere.

Beldurraren horma psikologikoa aipatu dute biek. Eraitsi beharreko horma. «Eraisten duzunean», azaldu du Pozak, «egoera askoz ere lasaiagoa da». «Ikusten dutenean ez diezula minik egingo edo mina txikia izango dela, gauzak aldatzen dira». Orduan, bai, xiringari orratza jartzen diote, eta umearen ahoan sartzen dute.

Hortz edo hagin bat ateratzea izan daiteke tratamendurik desatseginena eta beldurgarriena haur batentzat. Edota hortzetako nerbioa tratatzea. Hortza edo hagina ateratzeko indarra egin behar izaten da, nerbioa tratatzeko zulatu eta betegarria jarri... Kasu horietan, gainera, umea jada minarekin joaten da kontsultara.

Mingarri ez, «deseroso»

Pozak, hala ere, uste du ez dagoela prozesu mingarririk, «deserosoak» baizik. «Ez diegu minik egiten, gaur egungo teknikekin ez dago mina egin beharrik», jarraitu du Abaituak. Minik egiten ez duten dentistak: «Askotan, mina buruan daukagu; benetan, ez da hainbesterako».

Gerta daiteke ume bat blokeatzea edota histeriak jotzea. Kasu horretan, egoera horretatik atera behar da. «Aurrez aurre hitz egiten dugu berarekin, begietara begira», azaldu du Abaituak. «Zerk molestatzen dion galdetzen diogu, zerk ez...». Eta gurasoak? «Sartu nahi izaten dute, baina komeni da kasu horietan kanpoan egotea. Ez umeari ezkutuko zerbait egingo diogulako. Lasaitzen direnean, gurasoa barrura sartzen da». Haurren jokabidearen kudeaketan oinarritzen dira.

Kexu dira, ordea, gaur egun haurrekin lan egiten duten dentista batzuek, sarritan umeak lasaitzeko botikak erabiltzen dituztelako eta, kasu batzuetan, baita besaulkiari lotu ere. «Muturreko kasu bakan batzuetan agian eman behar zaie lasaigarriren bat, baina ez da gure lehen aukera», nabarmendu nahi izan du Abaituak. Ez dute onartzen, inolaz ere, ume batzuei dentistarekin ordua daukaten bakoitzean, baita azterketa arruntetan ere, lasaigarriak ematea.

«Lasaigarriak erabiltzen baldin badituzu, kontsulta askoz ere errazagoa da, jakina; baina zer-nolako harremana sortzen ari gara haur horrekin?», galdetu du Pozak. «Ez duzu harremanik sortzen. Gure helburua da haurrarentzat kontsulta egoera on bat izatea, pozik etortzea, konturatzea ez dugula ezer txarrik egiten».

Kasu batzuetan, gurasoek eskatzen dute umeari lasaigarriren bat emateko, ezin dutelako semea edo alaba sufritzen ikusi. Pozak onartu du batzuetan gogorra dela umeak negarrez-eta entzutea eta ikustea, baina egoera horiek aurrez aurreko harremanaren bidez konpontzearen aldekoa da: «Gure helburua ez da haurra zulo guztiak beteta ateratzea, umea pozik joatea baizik».

Aurretik dentistekin esperientzia txarrak izan dituzten zenbait haurrekin aurrena tratamenduen prozedurarik errazenak egiten dituzte, konfiantza sortzeko, eta gerorako uzten dituzte prozedurarik deserosoenak eta korapilatsuenak.

Haur askok mina daukatenean izaten dute lehen harremana dentistarekin. Beraz, mina duen norbait tratatu behar izaten dute dentistek. «Eta, gainera, sozialki onartuta dago mina daukazunean joan behar duzula dentistarengana»; kexu da Abaitua. Minik ez daukatenak ohiko azterketa egitera joatea arraroa iruditzeraino.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan badira dentistarengana lehen aldiz 7 urterekin joaten diren haurrak, Eusko Jaurlaritzaren Haurren Hortzak Zaintzeko Programaren gutuna jasotakoan. «Kasu askotan, beranduegi», Pozaren iritziz. Benetako prebentzioa egiteko urteak, hain justu, 7 urte artekoak direla uste du.

Prebentzioaren garrantzia

Prebentzioa. Prebentzioa eskatu dute Abaituak eta Pozak. «Aho osasuna ahaztuta dago», salatu du Pozak. Haren esanetan, oso garrantzitsua da haurdunak eta urtebetetik gorako haurrak dentistarengana joatea. Ez bakarrik, umeen kasuan, dentista etxekotzeko eta beldurrik ez izateko, baizik eta etorkizuneko arazoak saihesten hasteko, «txantxarrik gabeko belaunaldiak» sortzen hasteko. «Gure filosofia ez da tratamenduak egitea, saihestea baizik». Zoritxarrez, baina, haurrek gero eta txikiagoak direnean dituzte hortzetako eta haginetako arazoak.

Pozak uste du ahalegin berezia egin behar dela haurdunetan eta haur txikietan: «Umeek amarengandik mikrobiota bat jasotzen dute, eta horrek txantxarra sor dezake; haurdunen ahoa asko zaindu behar da. Amak txantxarra eragiten duten bakterioak kutsa diezazkioke haurrari eta, beraz, txantxarra izateko arrisku handia duen emakumea baldin bada, jakin behar du nola saihestu».

Haurdunen eta haur txikien aho osasuna emaginen eta pediatren esku geratzen da askotan. Dentisten eta odontopediatren esku egon behar duela uste dute Abaituak eta Pozak, ezagutza eta eskarmentu gehiago eta tresna hobeak dituztelako. Arazoak ikusteko modukoak bihurtu aurretik antzeman ditzaketelako. Baina Abaitua eta Poza kexu dira, «ahaztu» egiten dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.