LARRIKI SARITUTAKO HORIEK

Laudorio eta kritika iturri izan ohi dira literatur sariak. Badira sormen lanen arteko lehia ulertzen ez dutenak, eta badira lehia horretan sariak izan dezakeen eragin positiboa goratzen dutenak. Alde ala kontra, literatur sistemen pieza nagusietako bat izan ohi dira, zorionez edo zoritxarrez.

Euskadi Sarien garaikurra, Jose Ibarrola eskultoreak egina. JOSE IBARROLA.
Ander Perez Argote
2016ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Ez da esamolde berria tituluak dakarrena. Oso zaharra ere ez, ziur asko, baina badu nolabaiteko tradizioa literatur sariei buruz modu kritiko batean mintzo direnen artean. Zeren, izan liteke saria ospea eta prestigioa, baina gorde ditzake atzean alde ilunagoak ere, zenbaiten irudikoz. Horregatik hitz jokoa: saritua, zauritua bezainbeste. Eta, batzuetan, larriki.

Eztabaida ez da berria, baina azaleratzen da kasik urtero, literatur sari nabarmenenak ate-joka etortzen direnean. Halako batean gaude: ez dira asko izango erakusleihoetara Bob Dylanen liburuak atera ez dituzten liburu saltzaileak, eta, neurri apalagoan, hala eginen dute Euskadi sarien irabazleekin ere, aurki. Eta izango da literaturak azalak eta lagunarteko elkarrizketak betetzen dituen une bakanetakoa. Oasi bat, urteko basamortu zabalean. Hortik kritiketako batzuk.

Egia esateko, sariak banatzeko mekanismo, helburu eta ondorioetatik harago, oinarri oinarritik abiatzen da eztabaida. Galdera sinple bat du iturburu: saritu daiteke literatura? Edo, zehatzago, izan liteke lehiarako bazka? Xabier Mendiguren idazle eta Elkar argitaletxeko editoreak argi du, oro har, erantzuna: «Sariak gauza arrotza dira literaturan. Artearen funtsa ez da konpetitiboa. Ez du zentzu handirik planteatzeak zein den pintore hobea, Rafael edo Michelangelo. Zein da konpositore hobea, Schumann edo Schubert? Philip Roth edo Don DeLillo? Halere, jendeak badu pasio eta irrika bat zerrendak egiteko, sariak emateko, kanonak ezartzeko. Baina, funtsean, literaturan distortsio bat da saria».

Antzera mintzo da Jose Luis Otamendi idazlea ere. 1995ean Espainiako Kritikaren Saria jaso zuen Lur bat zure minari (Susa) poema liburuagatik, eta aitortzen du orduan ez zuela eduki «aski argitasun eta nahiko barru» aitorpenari uko egiteko. Ordutik, edonola, ikuspegi kritikoa garatu du sarien inguruan. «Kontraesan asko sortu dizkidate». Bereziki kritikatzen ditu diru publikoz emandakoak, ez baitzaio iruditzen «literatur esparrua laguntzeko erarik egokiena» direnik. «Errezeloa» du alde horretatik, ez ote zitezkeen baliabide publikoak «hobeto» erabili. Eta, aukeran, ez du literatur lanen arteko lehiaz ezer jakin nahi: «Ahal dela, ez dut nahi nire lanak beste batzuekin lehian jartzea, ez da gure jardunaren lehentasuna. Hortik ahalik eta urrunen, orduan eta askeago eta gure lanean murgilduago».

Lehia, edonola, saihetsezina da Lourdes Otaegi EHUko euskal filologian doktore eta literatura irakaslearentzat. Sariak banatzeko hamaika epaimahaitan parte hartu du, eta ongi ezagutzen ditu literatur sistemaren nondik norakoak. Argi egin du horren deskribapena: «Literatur sistema deitzen dugun hau merkatu baten deskripzioa da. Egileek produktuak jartzen dituzte merkatuan, eta berez lehiatzen dira; ez dago sarien beharrik horretarako. Lehia horretan, batzuk indartsu ateratzen dira, adibidez, argitaletxe indartsuago bat dutelako atzean, promozio gaitasun handiagoa duena». Panorama horretan eragiten duen elementu bat gehiago da saria, haren ustez. «Mezenasgo» ariketa bat, zehatzago, «egile bati aukera bat ematen diona irakurleengana modu indartsuagoan iristeko». Alde horretatik, «prestigioa» eta «legitimitatea», biak ematen dizkie sariak sarituari, merkatu librearen arauetan esku hartuz, eta obra batek «balio intrintseko bat» duela aitortuz. Otaegiren ustez, garrantzitsua da legitimitatearen faktorea literatur sistema batean, «badirelako arrakastatsuak ez diren generoak, edo estilo eta estetika minoritarioa dutenak». Eta ebatzi du: «Horiek saria hartzen dutenean legitimitatea hartzen du haien estiloak ere».

Galdera litzateke ohikoa izaten ote den bazterreko joera horiekiko apustua. Adibide bat, eta ez nolanahikoa: Euskadi sariak. 1997an eratu zituen Eusko Jaurlaritzak, eta, egun, euskal literaturaren sari gorentzat hartuak dira, beste hainbat literaturatako sari nazionalen pareko. Hori alde argia. Iluna: sortu zirenetik, halako mesfidantza eta polemika lanbro batek bildu ditu sariak: 2007an, eztanda egin zuen tentsioak; aurrena, Jon Alonsok epaimahaietako irregulartasunak azaldu zituenean Argia aldizkariko artikulu luze batean, eta, hurrena, 29 idazlek Utikan Euskadi Sariak manifestua plazaratu zutenean, lehiaketaren kontra eginez. Beste hainbat kritikaren artean, «aginteari otzana zaion jardun intelektual eta literario bat» bultzatzeko nahia egotzi zieten Euskadi sarien antolatzaileei. Gaur, ia hamar urte joan direnean, agiriak «berrikuste bat» eskatuko lukeela uste du Otamendik, orduko sinatzaileetako batek, baina, funtsean, «tinko» mantentzen da orduko iritzi askotan. Ez baitu uste gauzak askorik aldatu direnik: «Lan batzuen kalitatea goratzeak besteena gutxiestea zekarrela genioen, edo literaturaren kontzeptu murritz bat zekartela. Hori esatea badago oraindik».

Izan ere, idazlearen iritziz, «jendarte eredu batetik, statu quo batetik» banatzen dituzte sariak erakunde publikoek. Agintearen interesak ikusten ditu literatur aitortzen bueltan, letretatik haragoko irizpideak, nonbait. Eta badu horretarako azalpena: «Estatuaren administrazioa kontserbadorea da bere irizpideetan, eta horrek, neurri batean, saria kutsatzen du». Hots, ez duela proposamen apurtzaileen aldeko babesik ikusten, ikusi nahi lukeen tokian: «Zirkuitu onetsienetatik aparteko jardunak eta arriskuak hartuko dituzten aukerak lagundu behar dira bereziki».

Azken batean, aitortu du Otaegik ere «joera kontserbatzailea» izan ohi dutela sari emaileek, «arrakastatsu gertatu nahi dutelako», eta «hartzaileek ondo ulertuko duten saria eman». Baina, hori esanda, uste du egin ditzakeela salbuespenak ere, eta, alde horretatik, sisteman eragin: «Zenbait sarik gaitasuna dute baldintza okerragoetan abiatzen den obra bati uste gabeko garrantzi bat emateko». Adibide batez jantzi du argudioa. 1997an bera zen epaimahaikide euskal literaturaren Euskadi saria Aingeru Epaltzaren Tigre Ehizan lanak berenganatu zuenean. «Izen handiagoekin lehiatzen zen, liburu motza zen, arrakasta kritiko handirik gabea, baina sari horrek bihurtu zuen liburua interesgarri». Horregatik defendatzen du sarien balioa: «Gizartean merkatuak dituen legeak erreproduzitzen dituzte, baina interbeni ditzakete modu positiboan ere».

Nork burua azaleratu

Saihetsezina da: aukeraketak bazterketa dakar. Batzuk hautatu eta beste batzuk utziko dituzu kanpoan, halabeharrez. Eta, zorionez ala zoritxarrez, ahalmen horren jabe dira literatur sariak. Kanonak sortzen dituzte. Eta hori «arbitrarioa» dela uste duen bezalaxe uste du Mendigurenek «naturala» ere izan daitekeela, adibidez, kanpo proiekzioaz ari garenean. «Euskal literaturan, demagun ehun bat garela nolabaiteko maiztasunez idazten eta argitaratzen gabiltzan idazleak. Kanpoko kulturetan normala da ehun horiek ez ezagutzea, ez hogei, baizik eta bat. Beraz, nolabaiteko iragazkiak gertatzea naturala da». Gero dator ñabardura: «Ez dut esaten iragazki horiek bidezkoak direnik, edo kalitatearenak direnik beti. Izan daitezke txiriparenak, edota harreman pertsonalenak, eta ideologikoak ere bai». Era berean, sariek «aukeraketa bat egin behar duenari laguntza» ematen diotela uste du Mendigurenek, adibidez, Durangoko Azokan «liburu bat erosi nahi baina zein ez dakienari».

Editorea den aldetik, sarien eragin komertziala ere ezagutzen du, edo, hobeki esanda, ez du gehiegi ezagutzen, euskal literaturan ez baitu efektu handiegirik izaten. Saritutako idazle batek «zerbait gehiago salduko du», baina salmentak ez dira «esponentzialki handituko», ez behintzat auzo kultur hegemonikoetan gertatzen den neurrian. Izatekotan, euskal literaturatik haragoko sariek dute eragina: «Tristea da esatea, baina Euskadi saria ez da asko igartzen [salmentetan]. Nabaritu izan da gehiago Espainiako saria irabazi duen norbaitekin».

Literatur uzta zabalean burua nork azaleratuko da gakoa. Aukeraketa bat, edo kanona deitu, saihetsezina baita Otamendirentzat ere. Kontua da kanon hori, haren ustez, «merkatuaren morrontzara» doala; eta «merkatuak inposatzen duen jokabidea nahiko bihozgabea izaten da: hor euskarazko literaturak jai du». Horregatik, salerosketaren neurgailuetatik at, «norbere autarkia garatzearen» alde egin nahiko luke hark: «Geure burua gai ikustea gure premien, gustuen eta nahien arabera behar dugun horretara jotzeko». Eta, bide horretan, «aukera zabaltasuna» garrantzi handiko elementua dela dio.

Mugarri bat, sariei buruzko eztabaidari dagokionez: 2015eko urriaren 8a, eta iragarri du Euskadi sarietako epaimahaiak euskal literatura sariduna, Mikel Peruarena Ansa, Su zelaiak lanagatik. Uko egin dio idazleak, ordea, sariari, eta jakinarazi du aurrez eman ziola epaimahaiari lehian ez parte hartzeko erabakiaren berri. Ezbaian jarri du sariek sorkuntzaren sustapenean duten balioa, eta mintzatu da liburu bat nabarmendu eta beste batzuk itzalpean uzteak dakarkion ezinegonaz. Hilabeteetara, Hegats aldizkarian argitaratutako elkarrizketan sakondu du sentsazio horretan: «Hiru-lau-bost laguneko epaimahai bat dagoenean, berdin du lehiaketa, saria edo beka izan, oso alde txikiagatik eta, azkenean, baten edo bestearen gustuengandik erabakitzen da, askotan, zein atera argitara, eta zein utzi itzaletan. Eta ni tartean baldin banago, deseroso sentiarazten nau horrek».

«Objektibatu ezin diren neurgailuak» esaten die OtamendikPeruarenak «gustu» esaten dionari. Baina bat dator, finean, irakurketan: «Sariek berez dute subjektibotasun osagai hori, eta horrek asko ahultzen du izan dezaketen balioa».

111 Akademiaren saria irakurleek aukeratzen dute, ehun bat, normalean. Eta, alde horretatik, «justuago izateko aukera gehiago» duela uste du Otaegik. «Baina larri ibili hor ere: denok gaude gizarteko komunikabideen eraginaren menpe, eta kanpaina fuerte bat egon bada liburu baten alde, igarriko da. Denak gara pertsonak». Alde horretatik, «interesak, alde batekoak edo bestekoak, beti» daudela uste du. Eta, horregatik, subjektibotasuna baino gehiago, beste bat du kezka: «Epaimahaiak izendatzean barietatea behar da ezarri». Epaimahaikideak sarri aldatzearen alde mintzo da, nahiz eta onartu ez direla asko prest agertzen direnak, erratzeko beldur. Ez da bere kasua: «Uste dut hobe dela loteria jokatzea eta noizbait ongi asmatzea, ez jokatzea baino». Finean, sariena ez da «justizia unibertsala» haren ustez; «batzuetan asmatzen da, eta beste batzuetan ez da ikusten begien aurrean zenuen baloreko obra».

Erakusleihotik harago

Otaegik gogoratu du, eta egia da: ez dira gutxi, eta tartean Gabriel Arestiren mailakoak, literatur obra sariei esker garatu direnak. Agian horregatik, sariekiko errezeloa dutenek ere uste dute izan daitezkeela sari onak. Xabier Mendigurenek, adibidez, beka formatuko sariketen alde egiten du, «literatur ekosistemarentzat askoz onuragarriagoak» direlakoan. Elkarrek berak antolatzen ditu halako batzuk —Igartza eta Joseba Jaka sariak, adibidez—; idazleak proiektua eta lagina baino ez ditu aurkezten, eta hor datza alde nagusia editorearentzat: «Sariketetan batek egin behar izaten du lan oso bat, eta, saria irabazten ez badu, lan hori argitaratu gabe gera daiteke».

Are urrunago doa Otamendi, zeren, saria idazlearen aitortza eta sorkuntzarako pizgarria bada, izan daiteke sari idazteak berak dakarrena: «Sormena bakardadeari ihesbideak bilatzeko modua ere bada. Alde horretatik, saria askotan kritika bat da, edo irakurtzeak sortzen dituen feedback-ak. Baita kolektibo baten parte izatea ere».

Azken batean, hitz ezberdinez,sorkuntzaren sustapenaz ari dira biak. Sortzaileak babestu eta literaturazaletasuna bultzatzeaz, sariez gaindi. Elkarren eskutik joan baitaitezke batzuetan, baina egin diezaiokete elkarri talka ere, Mendigurenen ustez: «Irakurketak eta espektakuluaren kulturak ez dute zerikusirik, eta sariak, gehienetan, espektakulura begira daude». Sustapena egonkortzean datza kontua, estrategikotasunean, unean uneko aitortzaz harago. Liburuak erakusleihoetatik erretiratzean, osasuntsu jarrai dezaten autoreak eta obrak. Sarituak izan daitezen, zaurituak bainoago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.