KRITIKA. Musika

Putz eta putz

Hakar Hardenberger tronpeta jotzailea.
Hakar Hardenberger tronpeta jotzailea. EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA

Arkaitz Mendoza -

2018ko otsailak 13

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria eta tronpeta jotzailea: Hakar Hardenberger. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Otsailaren 9a.

Haize metalen zaleak aukera gutxi izaten ditu izar bakarlari batez zuzenean gozatzeko. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren aurtengo denboraldian, bazuten data bat ondo gordea, eta eguna iritsia da, otsaileko gau hotz eta haizetsu honetan. Askorentzat munduko tronpeta jotzailerik onena den Hakar Hardenberger suediarrak hain famatua den Joseph Haydnen Tronpetarako Kontzertua eskaini zuen gure herrialdeko hiriburuetan. Ikusmin fidagarri eta gozagarria izan zen bizi izandakoa; Hardenberger zoragarri aritu zen edozein tronpeta jotzaileren ikasketetan Bibliaren pasarte bat den funtsezko partitura honetan. Ziur aski, entzundako interpretazioa ez litzateke tronpeta bakarlari lanpostu batean irabazle irtengo (Haydnen erritmo motorra zeharo ero astindu zuen Hardenbergerrek, bigarren biolin eta biolen zorabiorako, eta zuzendaritza estu baten falta sumatu zen), baina entzuleak jaso zuena artista handi baten ikuspegi dotore eta liluragarria izan zen. Soinu zuzena, biribila, harmonikoz josia, eta, batez ere, intentzio handiko energi iturria erabili zuen pasarte bakoitzean, sotiltasunetik handitasunera.

Haize metalaren lagunak kontent, eta orkestrako haize sendia Hardenberger goraipatu eta poz-pozik uzteko bidean. Serio aritu ziren, Haydnen Filosofo deituriko sinfoniako tronpa bikotearen zailtasun gainditzeetatik Witold Lutoslawskiren Orkestrarako Kontzertua-ren talde agerraldi guztien ziurtasunera. Atzealdean, kaxa eta tinbalak beharrezko solte puntuan, eta flauta bakarlariaren Capriccio notturno e arioso atala sorgintasunez zipriztinduta. Aste osoan sendotzen joan da Lutoslawskiren obra kontzertuz kontzertu, eta, azkeneko saio honetan, orkestran hain beharrezkoa den ezagutza eta barne ziurtasunaren jabe izan da. Hardenbergerren besoa, txukun, abiadura eta sarrera bakoitzaren adierazpenean, nahiz eta musikariak espresio bideren bat jasotzeko desiratzen egon, suediarra arriskutik aldendu zen, eta zenbaitetan bertsio lau bat eskaini.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna