Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Autoretza eta beste arte arraroak

2016ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Asteburuan Bartzelonako Festival Internacional del Cinema D'Autor-era egindako bisitan, arreta eman zidan lehendabiziko gauza izan zen autore etiketa horri buruz sekula hausnarketarik egin gabe nengoela. Alferkeriaren erruz izango da, zinema independenteak eta horren aldaera ñoñoak, zinema indieak ematen didaten nagi berbera baita. Zehaztu gabe baina baliagarria, denok erabili dugu etiketa hori zinema mota bat aipatzeko: zinema pertsonala, estudio handietatik kanpokoa, egilearen ezaugarri nabarmenekin, zinemagilearen ikuspuntua gailenduz, kritikoa normalean.

Arreta eman zidan bigarren gauza da nire autore etiketaren kontzeptua uste nuen baino erradikalagoa dela. Zinema ez-komertziala ikustera ohituta zaudenean, autore hitza irakurtzerakoan muturreko esperimentalizazioaren aurrean zaudela pentsa dezakezu. Baina Bartzelonakoaren programazioa munduko jaialdi garrantzitsuenetako garailez josita dago, Donostiakoaren Beste Perlak edo Zabaltegi sail herrikoian ikusle orokorrak gozatzen dituen hautaketaren antzerakoarekin.

Atentzioa eman didan hirugarren gauza: saio ezberdinak —areto txikietan eta emanaldi bakarrekoak— ez zirela publikoz betetzen. Hau, beste zinema jaialdirik ez daukan hiri handi eta cooltureta batean pentsaezina da. Sekulako izenburu erakargarriak izanda, baliteke arazoa autore hitza handinahi, arriskutsu eta nahasi horretan egotea.

Eta azkenik, indartsuki deigarriena, pelikula dokumental xinple bat gertatu zait, naturala eta zuzena, erabat zirraragarria: Louisiana, The Other Side. Roberto Minerviniren ustezko dokumentalak, oso taxutua egon arren, kristoren naturaltasuna du: pertsonak/pertsonaiak, elkarrizketak/hizketak, bizipenak/eszenak, denak dira perfektuak; akastunen perfekzio harrigarria.

Asfixiagarria baina argitsua, artegarria baina lasaigarria, lohia baina preziosista, sinestezinezko sinesgarritasuna dauka amets amerikarraren alde ilunaren erretratu honek. Besteak beste, prostituta haurdun junkie heroina titietan injektatzen liluragarriki erakustea lortzen du. Ahaztutako komunitate samindu honen egiazko istorio gogorrak ikusi dudan maitasun aitorpen zoragarriena eta tristeena du barnean.

Baina dokumental harribitxi brutalista hau, biluzia eta off-eko ahotsik gabekoa, hain begi bistako izanda kontatzen duena, autore zinematzat jo dezakegu? Orduan, ba al dago autorezko ez den filmik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.