KRITIKA. Donostiako 81. Musika Hamabostaldia

Apoteosi bikoitza

2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Juanjo Mena. Biolontxeloa: Asier Polo.Egitaraua: F. J. Haydnen 44. sinfonia, 1. kontzertua biolontxeloarentzat eta orkestrarentzat eta L.V. Beethovenen 7. sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma.Eguna: Abuztuak 19.

Euskadiko Orkestrak nazioarteko onespena duten bi izen izan ditu lagun eta gidari Donostiako Musika Hamabostaldiaren aurtengo edizioan eskaini duen azken kontzertuan: Juanjo Mena gasteiztarra batutan, eta Asier Polo bilbotarra biolontxeloan.

Arrotza egin dakiguke pentsatzea musikaria zerbitzaria ere izan daitekeela; hala ere, Franz Joseph Haydnek hamar urte zeramatzan Esterhazy familiaren gortean lanean, bere 44. sinfonia idatzi zuenean. Eskatzen ziotena konposatzeaz gain, bere eginkizunetako bat zen gainerako musikariak emanaldietara behar zen bezala jantzita joan zitezen ziurtatzea. Zerbitzu horrek, haatik, ez zizkion ez irudimena ez ospea mugatu. Baina EOk hotz samar agertu zuen Allegro con brio mugimendua, eta doitasun falta sumatu zen biolinetan. Obrak aurrera egin ahala, orkestraren soinua bereiziz joan zen, eta Menak dantzan jarri zuen keinua Adagio-aren horniduretan zein bukaerako Presto-an.

Biolontxelo eta orkestrarentzat idatzitako lehen kontzertua, aldiz, bere zerbitzuaren lehen urteetan konposatu zuen Haydnek. Gehienetan, osagarri soila zen instrumentuaren baliabideen zabaltze aberatsa dugu, Asier Poloren eskuetan benetan adierazkorra eta sakona. Moderato mugimenduaren azken ritornello-aren aurretik proposatu zuen kadentzia gustu onaren eta teknika zainduaren eredu aparta izan zen. Orkestraren sostengu neurritsuari esker, leuna bezain ederra agertu zen Adagioa-ren sarrera sotila. Biolontxeloaren kolore epelak eta fraseatze dotoreek berebiziko distiraz jantzi zuten azken mugimendua, bisa eragin zuen interpretazio bikaina itxiz.

Ludwig van Beethovenen 7. sinfoniak osatu zuen programa. Juanjo Mena buruz eta dinamiketan eskuzabal, intentsitate handiko uneak bizi ziren Kursaalean. Allegretto ezaguneko gaien garapena samur eta sendoa, zehaztasun handiko Presto sutsua, erritmo eta crescendo biziko Allegro con brio. Soinu trinkoa eta aberatsa, haizeen lan nabarmenarekin. Richard Wagnerrentzat «dantzaren apoteosia» omen zena bere egin zuen orkestrak. Heroiak, jainko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.