KRITIKA. Antzerkia

Demokrazia, kapitalismoa eta hegaztiok

La Calorica konpainiaren Las aves - Els ocells lana, Erriberriko Antzerki Jaialdian (Nafarroa). VILLAR LOPEZ / EFE.
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun

'Las aves - Els ocells'

Konpainia: La Calorica. Zuzendaritza: Israel Sola. Dramaturgia: Joan Yago. Eszenografia, argiak eta jantziak: Albert Pascual. Antzezleak: Xavi Frances, Aitor Galisteo-Rocher, Esther Lopez, Marc Rius.Lekua: Erriberriko Jauregia.Eguna: Uztailak 29.

Aspaldian genbiltzan La Calorica talde katalan ospetsua ezagutzeko irrikan, eta Erriberrin eskaini zigutenak ez zien gure itxaropenei huts egin: kontrara. Atzokoa antzerki irakaspen magikoa izan genuen, maila guztietan.

2010. urtean, L'Institut del Teatreko ikasketak amaitu ondoren, hainbat lagunek sortu zuten talde egonkorrak berreskuratu egin du trantsizio garaiko konpainia batzuen ausardia politikoa, baina, hori bai, hautu estetiko teatral garaikideez baliaturik. Urte hartakoa dugu beren lehenbiziko muntaia, Feísima enfermedad y muy triste muerte de la reina Isabel I, 2020an berreskuratu dutena; egun, biran dituzte 2017ko Fairfly eta 2018ko Las aves - Els ocells (Hegaztiak) antzezlan entzutetsuak ere.

Grezia klasikoko K.a. V. mendean, Sofoklesen eta Euripidesen tragedien kontraste bizian, Aristofanesen komediek fantasiazko munduan murgiltzeko aukera ematen zuten. Argudio ez-errealistak ziren, egiantzik gabekoak, fabula tankerakoak eta kontakizun geruzan ezustez beterik zeudenak. Tragediak mundu mitikoa islatzen zuen; komediak, aitzitik, herritarren egia, gizarte sistemari kritika, askotan animalien fabulaz mozorroturik. Aristofanesen imajinazioari eta umoreari zor dizkiogu demokraziaren ahuleziez antzerkian eginiko lehenbiziko salaketak, eta iturri horretatik edan du La Caloricak.

Las aves - Els ocells-en argudioa greziar komediografoaren lanaren bertsio garaikidea dugu. Greziarraren testuan, Pisteter eta Evelpides, hiria abandonatu ondoren, bizitzeko leku hobe baten bila dabiltza noraezean. Basoan, argi-oilarrarekin topo egin, eta txorien asanblada konbokatzeko konbentzituko dute. Bertan, txoriak limurtuko dituzte hodeien gaineko hiria sortzeko, non guztiz askeak izango diren. La Caloricaren errelatoan, berriz, Pisteterrek eta Evelpidesek, Greziatik eskapuan atera direla aitortzearekin batera, errefuxiatu politikoaren estatusaren beharrean daudela dioskute, demokrazia tirokatu ostean ihesean dabiltzala azaltzen diote argi-oilarrari. Hortik aurrera, Pistetar, haren diskurtso demagogo eta populistari esker, txorien buru bihurtuko da, eta Las aves - Els ocells lanak kapitalismoaren eta populismoaren arteko aliantzaren hiru zutoinak —askatasuna, jabegoa zein konkurrentzia— zertan dautzan argituko digu, barrez leherrarazten gaituela, parabasis iraunkor batean.

Zaila da une bakar bat aukeratzea azpimarratzeko. Mundialak dira eszena guztiak, eta, gainera, txorien otzantasunaren kritikaren intentsitatea in crescendo doala esango nuke nik. Gainera, testu-antzerkia den arren, aktoreen gorpuzkerak oso landuak ditugu: rol ezberdinei ekiten diete maisuki. Jantziekin eta ileordeekin gertatzen den bezala, soinu espazioa eta argiak punta-puntakoak dira. Zaila izango dugu Kapitalismoa txandalez jantzita, mikrofonoa eskuan eta Camilo Sextoren Perdóname desafinatzen entzun dugula ahaztea, eta zaila izango dugu guk, txoritxook, geure burua islatuta zeinen ondo pasatu dugun akordura ez ekartzea. To, fantasia!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.