HAZI DIRA URKIAK

Jose Luis eta Usoa Zumetak duela bost urte jarri zuten beren estudioa Usurbil inguruko mendialdean, Txikierdi auzoan. Orain, espazio berri bat zabalduko dute eraikin berean, erakusketak eta bestelako proposamenak hartzeko.
<b>Eraikina. </b>Bi solairu ditu zumetatarren txokoak, egurrez esdtaliak biak. Beheko partean estudioak dituzte, eta goikoan zabalduko dute areto berria.
Eraikina. Bi solairu ditu zumetatarren txokoak, egurrez esdtaliak biak. Beheko partean estudioak dituzte, eta goikoan zabalduko dute areto berria. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Ainhoa Sarasola -

2017ko apirilak 30
Bideoa: Zumetarren estudioan (Lara Madinabeitia - Ainhoa Sarasola / BerriaTB).



Zeramikazko muralak egiteko espazio bat. Behar hori sortu zitzaion 1970eko urteetan Jose Luis Zumeta margolariari. Usurbilen eta Pasaian (Gipuzkoa) horma irudi handi bana jarri zituen garaia zen, eta beste bat egiteko enkargua egin zion Laboral Kutxak, Arrasaten jartzeko. Usurbil bere sorterrian bertan, Txikierdi auzoaren mendialdean aurkitu zuen lur eremu egokia. Erosi, eta zimendatu egin zuen, baita urki gazte batzuk landatu ere. Baina mural berrirako proiektua ez zen aurrera atera, eta, handik urte batzuetara, saldu egin behar izan zituen lurrok. Duela urte batzuk, ordea, eremua salgai jarri zuten atzera. Usoa Zumeta alabarekin erdibana erosi, eta egurrezko eraikin bat altxatu zuten. Badira bost urte bakoitzak bere estudioa duela han, eta, orain, beste espazio bat irekiko dute hantxe, erakusketak eta bestelako kultur ekitaldiak egiteko. Etzi zabalduko dute, Zumetaren hainbat margolanen erakusketa batekin. Duela berrogei urta landatutako urki haiek zuhaitz garaiak dira egun. Haien babesean sortuko eta erakutsiko dituzte zumetatarrek beren lanak.

Egurrez estalitako eraikin bat da urki horien aldamenean dagoena, mendiaren magalari uztartuta. Bi solairu ditu, berez bi eraikin independente direnak, baina elkarrekin osotasun bat direnak. Goikoak 70 metro koadro inguruko areto bat du barruan, eta espazio berri horixe zabalduko duten a. Kanpoaldean berdegune bat du, hain justu ere beheko solairuaren teilatua dena. Beheko eraikin horretan dituzte aita-alabek beren estudioak, 100 metro koadro ingurukoa bakoitza. Behealdean sortutako lanak goialdean erakutsiko dituzte, hortaz; margolanak Jose Luisek, eta lan grafikoak, berriz, Usoak.

«Beheko aldean, estudioetan, jada bost urte daramatzagu lanean, baina goiko alderako baimena beranduxeago lortu zen, eta orain inauguratzea erabaki dugu. Zerbait bereziagoa egin nahi genuen hemen, eta, erakusketa honekin, irekiera egiteko aprobetxatuko dugu», azaldu du Usoa Zumetak, aita aldamenean duela, areto berriaren erdian dagoela. Erakusketako obrak dituzte inguruan: Zumetak mihisean pintatutako hamabi olio lan jarri dituzte hormetatik zintzilik, neurri handi nahiz ertainekoak denak, baita beste hamar tenpera txikiago ere, paperean margotuak. «Hemen bertan egindako lanak dira», azaldu du margolariak. Tamaina handiko koadro bat salbu, joan den urtean edo aurten sortutakoak dira guztiak, eta, ohi duen bezala, kolore biziz margotuak. Hilaren bukaerara bitarte egongo dira ikusgai lanok: asteartetik ostiralera, aretoa 11:00etatik 13:00etara, eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta asteburuetan, berriz, 11:00etatik 14:00etara. Joan aurretik deitzea gomendatu dute.

Urtero, gutxienez, erakusketa bat egiteko asmoa dute areto berrian. Haien obrez gain, ez dute baztertzen beste artista batzuenak ere bertan aurkeztea. «Ez dakit... Hasiera eman, eta ikusiko dugu nola doazen gauzak. Beharbada bai», adierazi du Jose Luis Zumetak. Espazioak, hala ere, ez ditu soilik mostrak hartuko, Usoa Zumetak azaldu duenez. «Asmoa bada espazio honi beste erabilera bat ematea, alegia, ez soilik behean egiten ditugun gauzak erakustea, baizik eta beste erakusketa, kultur ekitaldi edo proposamen batzuk ere hartzea». Bisita gidatuak egiteko aukera egongo da, eskoletako haurrekin ere badute zerbait egiteko gogoa, eta ez dute baztertzen tailerrak edo bestelako jarduerak ere egitea. «Hainbat gauza egiteko balia daiteke lekua, batez ere uda partean, ikusita kanpoaldea ere erabilgarria dela, eta badaude hainbat proposamen». Ekainaren 6an, esaterako, Sagastiak Loretan egitasmoaren harira, zerbait prestatzekoak dira, Jakoba Errekondorekin eta Sagardoaren Museoarekin elkarlanean.

Estudioan egunero lanean

Urki haiek bezala, 1970eko urteetan dute hazia beheko solairuko estudioek ere, nahiz eta orduan amets bat baizik ez ziren. Atallun (Nafarroa) jardun du lanean urte luzez Jose Luis Zumetak. Han izan du estudioa, eta han margotu ditu bere lanetako asko eta asko. «Hamahiru urte egin ditut han». Lekuz aldatzeak bere lanetan eraginen bat izan ote duen galdetuta, aldaketarik ez duela sumatu dio. «Beti joaten da aldatuz, baina hain pixkanaka da... bere gisa joaten da aldatuz, baina ez asko. Eta espazioagatik ez, nik leku guztietan berdin egiten dut; ez dut askorik aldatzen, kanpora joaten naizenean ere ez».

Espazio argia eta zabala du lanerako. Pintura potoz eta pintzelez betetako mahai luze bat dago bazter batean, eta tamaina ertaineko nahiz handiko dozenaka margolan bazter guztietan, denak azken urtebetean landutakoak; hormen kontra jarrita gehienak, egurrezko egitura batean bata bestearen aldamenean jasota beste batzuk... Ez daki zenbat izango dituen han. 50-60 inguru bai, Usoa Zumetaren ustez. Kolore moreak nagusi dituen lan bat dago sarrerako atetik gertu, eta hezea dago oraindik. «Hau atzo egin nuen», bota du. Nahiko erraz atera omen zitzaion, gainera. Baina ez da beti horrela izaten; trabatuta geratzen deneko uneak «gogorrak» izaten direla aitortu du, baina azkenerako, asmatzen du aurrera nondik nora egin. Egunero joaten da pintatzera, asteburu gehienetan ere bai.

Usoa alaba hormaren bestaldean, aldameneko estudioan dauka orain, serigrafiak egiteko tresnen eta materialen artean. Maiz egin izan dute eta egiten dute lan elkarrekin, eta horretan bai sumatu dutela aldaketa, onerako. «Serigrafiak askotan egiten ditugu elkarrekin, eta papera ekarri duela, edo beste zerbait egin beharra dagoela...», hasi da margolaria. Eta Oi! Bihotz proiektua ekarri du gogora berehala, 2009. urtean aita-alabek elkarrekin ondutakoa. Arrasateko San Joan Jainkoarenaren Ospitale Psikiatrikoko eriek idatzitako testuetatik abiatuta, 38 artelan sortu zituen margolariak, eta horiekin Usoa Zumetak egindako serigrafiak liburu batean bildu zituzten, testu laburrez lagunduta ?erakusketa formatuan ere aurkeztu zuten?. «Niretzat, askoz ere errazagoa da orain, bera hemen dagoela», dio Usoa Zumetak; «beti bueltaka ibiltzea zen hura, Nafarroara joan eta etorri; froga asko egin behar ziren, eta bi urteko lana izan zen».

Gaur egungo gertutasun horrek halako beste elkarlanik ekarriko du? «Beti daukagu zerbait martxan, baina igual ez neurri horretakoa edo exijentzia horrekin. Serigrafia solteak dira, orain ez gara serieren bat-edo egiten ari... oraingoz ez». Baina agian sortuko zaizkie ideia gehiago. «Beste era bateko lanak ere egin izan ditugu», jarraitu du azalpenarekin; «agian serigrafia batetik hasita, gero berak interpretazio ezberdinak egin izan ditu... Sortzen dira gauzak».

Harentzat bai izan da aldaketa handia estudioa espazio horretara mugitzea. Lehen etxean bertan egiten zuen lan, eta ez zen erraza batekoak eta bestekoak bereiztea. Artistekin elkarlan estuan aritzea eskatzen dio bere lanak, irudiaren sortzaileak kolorez kolore, geruzaz geruza deseraiki behar baitu obra, gero berak serigrafia landu ahal izateko. Pausoz pauso egiten du hori ere, eta lan prozesua «oso sinplea» dela dioen arren, ez dirudi hala denik, kanpotik begiratuta behintzat. «Luzea bada, baina batez ere artistarentzat. Haiek ohituta daude dena azkar egitera, zerbait pentsatu eta di-da egitera. Honek beste erritmo bat eskatzen die, eta kosta egiten zaie». Aldez aurretik hori irudikatzea zaila da sortzaile askorentzat. «Denak ez daude ohituta; hainbat jende arte grafikoetan lan eginda dago, adibidez aita, eta berak oso erraz egiten du». Lan egiteko beste modu batzuk ere baliatzen ditu, halere; irudi jakin batetik hasi beharrean, «papera zikintzen hasi, kolorea sartuz, eta segi eta segi» aritzea, adibidez, frogak eta frogak egitea. «Agian aberatsagoa da lan egiteko era; aukera gehiago daude, ez zoaz helburu bati hain zehatz segika. Hala ere, helburua askotan galdu egiten da, zeren teknikak ematen duena aprobetxatu egin behar da; jatorrizkoa jatorrizkoa da, eta hau beste gauza bat da, eta artistak berak ere jakin behar du teknikari etekina ateratzen, eta teknika hori bereganatzen».

Eskertza gisa, espazio berria irekitzeko babesa eman dieten lagunentzat gonbidapen gisako serigrafia batzuk lantzen ari da egunotan. Tinta, pintura, paper eta oihal artean dabiltza bi sortzaileak. Urki garaien babesean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna