LEKUAK HARTZEN

Euskal Elkargoak bere kultur politika abiatuko du irailean, kultur sasoi berriari ekitearekin eta bere eskumenak zehaztearekin; baina jadanik zenbait hautu egiten hasia da, zenbait diru banatzen; euskal kulturatik begiratuz geroz, erronkak eta jokoan zer den ulertzekoa ematen dutenak.
Iparraldeko Orkestra kostaldekoa zen oraino, eta Ipar Euskal Herrikoa bilakatu da.
Iparraldeko Orkestra kostaldekoa zen oraino, eta Ipar Euskal Herrikoa bilakatu da. MATHIEU PRAT

Nora Arbelbide Lete -

2018ko uztailak 1
Irailerako zehaztekoa du bere kultur eskumenarekin zer eginen duen zehazki Euskal Elkargoak. Non eskua sartuko duen, non ez. Bere kultur sasoia ere irailean du abiatzekoa, Hendaiatik Maulera. Euskal kulturaren eskumena ere bereganatua duela, hori nola aldatzekoa duen ere argitzekoa da. «Bereizteko asmorik» ez duela jakinarazi du Bruno Karrerek, Elkargoan kulturaz arduratzen den kontseilari delegatuak. Zehaztu gabe, oraindik, horrek zer erran nahi duen.

Baina jadanik hasia da zenbait diru laguntza bozkatzen, eta eragile batzuekin biltzen. Hots, lekuak hartzen. Eta eragileak ere hasiak dira ttanttoak aitzinatzen. Jadanik egiten ari den horri begira, behin-behineko argazki baten hartzeko saiakera da hemengo artikulu hau. Irailaren peskizan.

Deus ez dela neutroa jakinez. Kultur politikek komunitateetan eragiten dutela: «Zein politika garatuko den, horren araberako komunitatea dugu trinkotzen», Mattin Irigoienek laburbildua. Taula gainak utzi duen antzerkigile eta antzerkilaria da, Libertimenduen bultzatzaileetako bat da Irigoien. Eta hemen funtsa dela hunkia deritzo: «Badu kulturak funtzio bat jendea laguntzeko zutik ibiltzen. Eta hori, elkarrekin. Komunitateak trinkotzen dira kultur paradigma horien bidez ere». Euskal Elkargoaren sorrerari franko urrunetik begiratzen dio Irigoienek, baina argi zaio hor dirauela beste behin Antton Lukuren Euskal kultura? (Pamiela) liburuan egin galderak.

Hasteko, hor da Maurice Ravel Kontserbatorioa eta horri lotua den Orkestra. Euskal Elkargoak diruztatzen dituen proiektuetan handiena. 4,3 milioi euroko laguntza ematen die Elkargoak. Orotara, 5 milioi euroko aurrekontua dutela. 1.700 ikasle eta 80 bat irakasle. Orkestrak 40 bat musikari ditu, gehien-gehienak Kontserbatorioko irakasleak direnak. Euskal Elkargoaren eraginez, lurralde osora hedatuko da egitura; besteak beste, beren kontzertuen bidez. Musika, dantza eta antzerkiaren ikasteko bidea eskaintzen du egiturak. Txikitik profesionalizatze faseraino.

Euskal kulturaren begietatik begiratuz geroz, ez dute baitezpada gauza formulaturik mementoko. Euskara bera presenteago izateko ahalegina egiten hastekotan direla diote. Izena bera euskaratu dute: Maurice Ravel Iparraldeko Kontserbatorioa, eta Iparraldeko Orkestra ditu izen ofizialak. Euskarazkoa, italikoz eta frantsesezkoaren ondotik datorrela. Irakasle batzuek ere badakite euskaraz. Baina ez da iragartzen. Euskal instrumentu guti ikas daiteke han. Diote badirela beste elkarteak horretan ari direnak, eta, preseski, helburua lurraldeko musika elkarteekin saretzea dutela: «Osagarritasuna dugu bilatzen», esplikatu du Kontserbatorioko zuzendari Mickael Gavazzik. Gero, haiek, «profesionalizatu nahi dutenei» zubiak irekiko dizkietela. «Kontserbatorioarekin ikasle kopurua goititzeaz gain, kalitateak gora egitea ere bada erronka», gaineratu du Bruno Karrerek. Euskal dantzak lekua dauka Kontserbatorioan, Zabala deitu moduluari esker. IDB Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin elkarlanean. Jadanik maila bat dutenentzat ireki modulua da, klasikoa ikasteko aukera ere ematen duena.

Antzerkiari dagokionez, helburua bada euskal antzerki sail bat zabaltzea. Baina mementoko frantses antzerkia ari dira estrukturatzen: «Irakasle berriak behar dira, diplomadunak», Karrerek beti. Frantziako Kultur Ministerioak ematen dieten labela dute jokoan. Labela atxikitzeko, beharrezkoa dute estrukturatze hori. Labelak die orobat eskatzen antzerkia eskaintzea, funtsean. Labela Frantziako Kultur Ministerioak du ematen. Eskualde Mailako Distiradura du izena. Labelarentzat, ministerioak ikuskatzeak burutzen ditu, eta sailkapen bat egiten: «Kontserbatorioa tokiko Elkargoak du zuzentzen eta diruztatzen, oso-osorik. Baina labela hor dago. Eta tokiko hautetsien borondate politikoa da atxikitzea», Gavazzik.

Eta horra berriz oharra. Azkenean Frantziako Kultur ministerioa ez dela behin ere urrun. Eta ez dela kasualitate bat. Eta horra Irigoinen beste ohar honek sor dezakeen oihartzuna: «Ari gara aplikatzen frantses kulturaren garapenerako metodo edo errezeta batzuk, eta, alabaina, ez dira gogobetegarri euskal kulturaren behar ordurako. Ez dira horretarako sortuak. Kultura hegemoniko baten aldeko politika moldeak ez dira izaten ahal kultura zapaldu edo subalterno batentzat». Frantziako estatutik hiri eta herrietara, kultur eskumena eskumen partekatua da. Departamenduak eta eskualdeak ere badute eskumen hori. Bada Euskal Kultur Erakundea ere (EKE), non entitate horiek ere barne diren. Eta Elkargoa sortu bada ere, horrelatsu segitzekoa du aferak, itxura guztien arabera.

Elkargoa, azkenean, geriza bat gehiago bilaka daiteke. Iturri bat, baina diru iturriekin nola jokatu behar den dakitenentzat. Euskal Elkargoa sortzearekin batera, hor «merkatu bat sortzen da», nabarmendu du Irigoienek. «Baina logika hori ez da euskal populuaren ahalduntzeko beharrezkoa den kultur politika baten garatzeko». Irigoienek ezagutu ditu garaiak non instituzioek ez baitzieten kasu egiten kulturari. «Barnealdetik mintzo naiz, menturaz, baina bizi ginen, zinez, holakorik gabe. Eta, gero, bat batean ikusi ditugu instituzioak. Hasi dira diru bat ezartzen gauza horretan. Eta hor gertatzen da jendea publiko bilakatu dela eta kultur kontsumoa sortu dela».

Eragiteko asmoaz

Badira, halaber, Euskal Elkargoaren gora beherak hurbilagotik segitzen dituztenak eta segitu nahi dituztenak. Badira eragiteko asmoz dabiltzanak. Ideiak eta nahiak ez dira eskas. Gastibeltza Filmak egiturako langile den Katti Pochelu Hiriartek, adibidez, Elkargoak euskal zinemaren garapena bere esku hartzea eta indar bat egitea nahiko luke. Ez dela bakarrik diru kontu bat: «Bai, badira laguntzak Akitanian, Frantzian eta, baina ez dute haiek indarrik eginen euskal zinemaren garapenaren alde». Zinemaz ikasten dutenek euskal zinema existitzen denik ere ez dutela ikasten nabarmendu du Pochelu Hiriartek. Anomalia hori aldatzea nahi luke izatea Elkargoaren erronketako bat.

Eragiteko asmo horretan, adierazgarria da ikustea kultur mundutik zenbait eragile Garapen Kontseiluan sartu izana. Gizarte zibileko eragileak batzen dituen elkartea da Garapen Kontseilua, zeinen betekizuna baita gomendioak helaraztea Elkargoari. Paxkal Indo barne da, eta konbentzitua da hortik eragin daitekeela. Seaskako presidentea ZTK edizio etxean ari da, eta musikari gisa ere ari da. Haren irudiko, Garapen Kontseiluak transbertsalki begiratzeko aukera ematen du. Adibide konkretu bat: «Badira hainbat sistema liburu argitalpenean laguntzeko. Baina ez da sistemarik liburu horien saltzen laguntzeko. Ondorioz, liburuak kartoietan egoten dira. Meta eder bat osatzen ari da. Hor badugu koherentzia eskas txiki bat. Eta horrelakoak badira anitz». Koherentzia hori ekar lezake Garapen Kontseiluak, haren ustez. Garapen Kontseiluan sartu berri da Herri Soinu Federazioa ere. Uztaritzeko 17 elkarte biltzen ditu federazioak. «Han izan behar da gure nahiak, gure beharrak betetzeko», Filipe Lesgourgues presidentearen hitzetan.

Herri Soinuk bere nahiak ere bai baititu. Eta mementoko entzunak direnak. Izan ere, Euskal Elkargoarekin elkarlan bat abiatua du federazioak. Iparraldeko Dantzarien Biltzarra ere barne da, baita EKE. Iturburua izenpean biltzen dute proiektua. Polo gisako bat izatea da xedea. Oraino proiektua definitze fasean dira baina ideia hauxe: «Euskal dantza eta musikaren egitura orokor bat. Sorkuntza, hedapena eta formakuntzan koordinazio lan bat egitea», IDBko langile den Johañe Etxebestek azaldurik. IDBren ikuspegitik, orain arte eraman dantza taldeen sarearen egituratze lanaren jarraipen bat litzateke. Egituratzea ezinbestekoa zaio Etxebesti, formakuntzarako, bai teknikoki eta bai zentzu aldetik. Transmisio arazoak direla eta, horri aurre egiteko. «Estrategikoki pentsatu behar dugu, kultura balia dezagun kohesio gisa, zentzua eman diezaiogun hemen bizitzeari». Euskara, «hari gorri» gisa hartuz. Oraino leku anitzetan errealitate bat baita euskal dantzak frantsesez irakastea. Musikari dagokionez, helburua bada dantzarekin harremana berreskuratzea: «Soinu egileak berriz nahi ditugu plazan ezarri, dantzarien ondoan». Parioak horiek dituzte. Orain zain, ea Elkargoak baieztatzen dien orain arte erakutsi harrera baikorra.

Eta horiek entzunik, hor ere, Irigoienen gogoeta jar daiteke perspektiban. Irigoienen irudiko, inportanteena helburuak argi izatea da. «Eta nola betetzen diren helburu horiek». Eta ahalaz, instituzioen dirutik urrun: «Ahalik eta bezain askeen, sistemak itotzen baikaitu dirutik». Zein ote helburuak? Bi nagusi ikusten ditu Irigoienek, eta horren azaltzeko Libertimenduen esperientzia du. Batetik, «eredu parte hartzailea. Edonor parte hartzaile izan dadin sortze ala antolatze prozesuan. Helburua da jendea ahalduntzea sortze edo antolatze prozesuan. Garen egoeran, euskal komunitatea, kontsumoan baino, birsortze usaia batean trinkotzen da, edo ez da». Bigarren puntu nagusia hizkuntzarena du. «Euskara ez da emaitza. Da hastetik hor den gauza bat. Da lanabesa. Gure unibertsaltasuna hortik doa. Ez da partikular gelditzen den zerbait».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna