'Aljeriaz'

Euskaldun bat Aljerian

Alex Gurrutxaga Muxika.
2015eko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Egilea: Jean-Louis Davant. Argitaletxea: Maiatz.

Euskal literaturan, Aljeriaz eta hango gerraz ari garela, erreferentziazkoak dira Txomin Peillen eta Xipri Arbelbideren izenak. Peillenenak dira Aldjezairia askatuta narrazio liburua (1982) eta Adb El Kader poemategia (2006); Arbelbiderenak, besteak beste, Gerlako tresna bizidunak (1986) eta Euskaldunak Aljerian (2003). Jean-Louis Davant horien bien belaunaldikoa da, eta horrek badu zeresana; izan ere, Davantek esaten duen bezala, Ipar Euskal Herrian «belaunaldi oso bat zinez markatu du gerla horrek».

Alde batean, Aljeria, XIX. mendetik datorren askatze borroka luzeari lotua. Bestaldean, Frantziaren konkista gosea eta kolonizazioa. Eta hor erdian harrapatua nonbait, euskaldun gaztea, kasu honetan Davant: «Eta gu, hemengo mutiko gazteak, saltsa horretara botaiak ginen prestakuntza eskasarekin...». Frantziak bidalita dagoenez han, «inperioaren zaindari» eta «okupatzaile» da. Era berean, ordea, erabat desados dago Frantziar Estatuak egiten duenarekin: gerra hartan, esaten du, «Frantziari neion etxekimentü ondarra galdü nizün».

Hainbat testu mota bildu du idazleak Aljeriaz liburuan, eta guztiek ere herri haren historia eta bilakabidea jartzen dituzte mahai gainean. Ordena eta garapen logikoan egituratua dago liburua: lehen herena historikoa da; gero Davanten azalpenak daude, elkarrizketa zein artikuluetan emanak; eta azkenik, atal pertsonalenean, literatur lanak sartu ditu.

Hurbilpen historikoa argi eta zehatz idatzia dago, edonor Aljeriaren historia hurbilaz jabetzeko moduan. Idazleak batez ere H. Methivier eta P. Montagnon baliatu ditu dokumentazio lanean; eta, egiazki, Davantek berak tarteka adierazten duen bezala, Montagnonen argudio zenbait eztabaidagarriak dira. Edonola ere, historiaren konplexutasuna ongi erakusten du Davantek: bertako biztanleen aniztasuna, joera politikoak, Frantziaren jarrera, Aljerian bizi ziren kolonoena, eta beste.

Elkarrizketak eta artikuluak garai ezberdinetakoak dira, eta tarteka errepikakor gertatzen diren arren, ongi osatzen dute elkar. Batzuk pasarte historikoak dira —tartean, hildako dozenaka euskal herritarren izenak sartu ditu—, eta besteetan bere testigantza ematen du. Lekuko gisa mintzo da Davant, eta begirada kritiko interesgarriarekin jorratzen ditu, besteren artean, islamismoaren gorakada, herrien askapen borroka, edo Aljeriaren eta Euskal Herriaren gatazken arteko antzekotasunak.

Amaieran, Abd el-Kader pastorala eta hamar poema daude. Pastoral edo trajeria pertsonaia ezagunaren aire epikoak bustitzen du. Idazleak, emirraren figura goraipatzeaz gain, erlijioen arteko adiskidantzaren alde egiten du. Ongi sintetizatua dago Abd el-Kaderren istorioa eta, nahiz eta amaiera aldera elipsi handi xamarra egin —1919tik 1961era—, obra ederra izan daiteke taula gainean. Poemetan, berriz, Afrikaruntz abiatzen da Davant, eta Oroituz amaitzen du. Ez dira poema distiratsuak, baina bidaia horretan daude Aljeria, jendea, paisaiak eta oroitzapenak.

Lan honetan —eta arestian aipatuetan— aurki genezake Aljeriara begiratu eta gogoeta egiteko gure bidea. Gai horren inguruan ezer jakin nahi duenarentzat liburu egokia da Aljeriaz: «Geroak erakutsiko euskal memoriatik ezabatua den ala ez gure gaztaroaren zati minbera hura».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.