'Hitzontziak'

Tragediako maskaren dantza

Idazlea: Xabier Montoia. Argitaletxea: Susa.

Aiora Sampedro -

2018ko urtarrilak 14
Joan den urteko azken txanpan argitaratutako nobela dugu Xabier Montoiaren Hitzontziak. Liburuaren azalean kafetegi bateko argazkia agertzen da; lehen begiradan, nobela hau osatzen duten lau pertsonaiak elkartzen dituen Iturri kafetegia izan daitekeela iradoki dezake, baina etengabeko ezleku batean bizi dira protagonistak, iraganak oraina bizitzen utziko ez balie bezala.

Azken hamarkadetako euskal giro politikoan errotutako ingurunea agertzen da koru-nobela honetan, eta pertsonaia bakoitzaren ibilbidearen bidez hainbat hausnarketa filosofiko eta politiko egin eta zalantzak plazaratzeko aukera agertzen zaio egileari. Hitzontzi hutsak dira lau protagonistak: iraganeko mamuek eragiten dieten sufrikarioa eraman ezinda, etengabeko bakarrizketa bizi dute; memoriaren kapitulu bat itxi ezinik, behin eta berriz berritzen dute.

Pertsonaien barne-min hori gertuko euskal historiako gertakariekin gurutzatzen da, Iruñetik Donostiara, poli-milietatik Michelin izarretako jatetxeetara doan ibilbidearekin. Montoiak begi zorrotz baina sentiberaz esploratzen du pertsonaien mina, erantzun bila. Puntu horretan jotzen du goia nobelak.

Hizlari bakoitzaren pentsakizunak trinkotasunez josiak eta gertakarien segidan egoki txertatuak ageri dira. Horrek ahalbidetzen du istorioaren intentsitatea progresiboki areagotzea, tragedia moderno baten gisan, amaieran irakurleak pertsonaiak tormentatzen dituen egia ezagutu arte.

Tragedia grekoan antzezleek maskarak baliatzen zituzten pertsonaia bat baino gehiago irudikatzeko. Tragedia zaharrean nola, pertsonaiek prototipoak irudikatzen dituzte, baina prototipo horien kontraesanak arakatuz gustura dabil Montoia. Lau pertsonaietarik bi ezkertiar militante ohiak ditugu, eta horiekin kontrapuntuan agertutako prototipoa dugu Gloria: hiritar burgesaren irudikapena, hain zuzen. Bainaren bat jartzearren aipatuko nuke Gloria, zeinaren eraikuntza psikologikoa beste pertsonaiena baino soilagoa egin zaidan. Espero zitekeenaren diskurtsoa aurkitu dut bere ahotan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna