Literatura. 'Hirutter'

Monotonia

Idazlea: Nerea Arrien. Argitaletxea: Erein.

Peru Iparragirre

2018ko urtarrilak 21
Hiru pertsonaiaren arteko harreman-triangelua dago Hirutter (Erein, 2017) nobelaren oinarrian. Harreman horren bitartez sare sozialen eta intimitatearen arteko erlazioa aztertzen du Nerea Arrienek (Lekeitio, Bizkaia, 1976) bere lehen nobelan. Ines Etxart ingeniariak Gari Mateo mekanikariarekin eta Martin Lasa kimikari intelektualarekin dituen harreman sexual-afektiboen inguruan dago eraikia liburua. Arrienek aurkezpenean esandakoaren arabera, haien sare sozialetan estereotipoak agertzen dituzte pertsonaiok, nobelan zehar hausten joango direnak, on line ematen den itxura ez baita, sarritan, itxura baino gehiago izaten. Pertsonaia hauengana hurbiltzea norbait sare sozialen bidez ezagutzearen antzekoa da azken batean.

Atal laburrez osatuta dago liburua, atal bakoitzean pertsonaia bakoitzak gertakarien bere bertsioa ematen duelarik lehen pertsonan. Liburuaren hasieran ematen da aditzera psikoanalista bati zuzentzen zaiola Inesen kontakizuna. Inesi zuzendutakoak dira, aldiz, Gariren eta Martinen bakarrizketak. Testu-zati laburragoak ere tartekatzen dira hiru bakarrizketekin: pertsonaien sare sozialetako profilak eta elkarren arteko mezuak, txioak.... Egitura zatikatua nahasgarria iruditu zait batzuetan eta kontakizunean esan gabe uzten direnen hutsuneak betetzeko marko zehatzago baten falta sumatu dut. Ines, Gari eta Martinen arteko harreman korapilatsuaz gain, narrazioaren denbora-saltoek ere despistatu naute, hasiera aldean batez ere.

Pertsonaia hain desberdinek, euren muturreko irudi estereotipatuetan oso definitutakoek, tonu eta kontaera bera erabiltzeak ere behin eta berriro aterarazi nau istoriotik. Idazkera oso markatua da liburukoa, metafora ugariz baliatzen dena, eta noiz edo noiz oso zehatza ere badena, manera zientifiko batean. Atmosfera berezi bat sortzen du, baina monotonoa ere izan daiteke. Gainera, iruditu zait ahots bera eta bakarrarekin ari direla hirurak hizketan, bestelako bereizgarririk gabe, pertsonaien eta, ondorioz, kontakizunaren sinesgarritasuna zalantzan jarriz.

Pertsonaia nagusien arteko harremanak hartzen du pisu handiena nobelan, baina badira interesgarriak iruditu zaizkidan beste istorio batzuk ere, Ines, Gari eta Martinen bizitzei buruzkoak, haurtzarokoak eta gurasoei dagozkienak batik bat, nobelan ia tarterik ez dutenak. Istoriook, pertsonaien garapenerako eta nobelako pasarteak ulertzeko gakoak direnak, pertsonaiek beraiek diotenez haien nortasunaren zimenduak, istorio nagusiari bestelako ekarpenik egin gabe tramak aurrera egiteko makuluak baino ez direlako sentipena izan dut batzuetan.

Azaleko kontakizunaren itxura duena, sare sozialetakoa den bezala, sakontzen doa amaierara gerturatu ahala, pertsonaiak ere apur bat garatzen doazenez, nahiz eta hirurak norabide berean eta aparteko sorpresarik eman gabe. Hausnarketarako, behintzat, ematen du liburuak. Hainbat gai jartzen ditu mahai gainean. Izan ere, gure bizitzaren zati bilakatu dira sare sozialak eta gure bizitza birtualak egiaz dituen ondorioez kontziente izan beharko genuke gutxienez, egunerokotasunaren zurrunbiloan erraz galtzen baita norbere buruarekiko perspektiba.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna