'14'

Galeraren kantu garaikidea

Alex Gurrutxaga Muxika.
2014ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Idazlea: Jean Echenoz. Itzultzailea: Gerardo Markuleta. Argitaletxea: Meettook.

Badaude bere baitara biltzen diren nobelak, eta badaude ireki egiten direnak, irakurri ahala zabaltzen doazenak. Horietakoa da Jean Echenozen 14.

Nobelaren hasieran, Anthime bizikletan doa abuztuko zapatu bazkalondoan. Bat-batez, haize kolpe bat, eta Victor Hugoren liburua erortzen zaio, aures habet, et non audiet kapituluan. Berehala, kanpai-dandek mobilizazioa iragartzen dute. Giro aberkoi itxaropentsua dago kalean, eta herritarrak ziur daude gerra pare bat asteko kontua izango dela: «Badauzkate belarriak, eta ez dute entzuten».

Bi plano nagusi uztartzen ditu nobelak: batetik, gerrara doazen mutilak agertzen dira, eta, bestetik, etxean geratzen den neska. Oso ondo irudikatua dago bigarren plano hori: lau pintzelkadatan margotzen du Echenozek herri hustuetako paisaia goibela. Gudu zelaian kokatzen diren sekuentziak, berriz, krudelak eta patetikoak dira aldi berean. Ez dago hemen Hollywoodeko filmetako heroirik eta epikarik: «Aurrera egiteko oihukatu zieten, eta, gutxi-asko besteek bultzaturik, horra Anthime, zer egin oso ondo jakin gabe, gudu-zelai ezin errealago baten erdian». Tragedia da gerra, «opera higuingarri eta kirastu» bat; eta absurdoa bezain ankerra da, guduaren erdian, batailoiko orkestra Marseilesa jotzen ikustea.

Pertsona batzuei segika doa 14-ko istorio nagusia: informazioa pixkanaka ematen zaigu, eta protagonistak lotzen dituen trama etengabe berpizten da. Baina, pertsonaia horietatik abiatuz, hazi egiten da nobela. Zeharka nahiz zuzenean, gerrarekin lotutako hainbat elementu agertzen da —zehaztasun historikoa erabatekoa da—: ezgai izendatuak, desertoreak, jendarmeak, animaliak eta beste hamaika xehetasun —janaria, hornidura, lekuak eta abar—. Ñabardura eta erreferentzia asko dira, garai bat eraikitzeaz gain, liburua aberasten dutenak.

Zertzelada interesgarri horietako bat lerro artean dagoen klase diferentziaren kritika da. Gerra iritsita, Charlesen kontaktuak eta aukerak gehiago eta hobeak dira Anthimerenak baino. Hala ere, eta akaso Echenozek bilatu duen justizia poetikoa baizik ez da, gerrak ez du alde hori kontuan izango.

Nobelaren estiloa arina eta dotorea da, eta Gerardo Markuletaren itzulpenaren hizkera freskoa ezin hobeki doakio. Ahozko kontalarien erraztasunarekin egiten du Echenozek aurrera, elipsi handiak eta sekuentzia xeheki behatuak tartekatuz —oraintxe egiten du hiru hilabeteko jauzia, oraintxe soldaduak motxilan daukanaren inbentarioa—. Bestalde, tonu orokorra serioa izanik ere, umore printzak daude han-hemenka. Adibidez, gerrara doazenak harakina, larrukigilea eta laurdenkatzailea izanik, narratzaileak dio: «Interes handia zuten animaliekiko, nork bere modura; ugari ikusiak ziren, eta dezente zituzten artean ikusteko».

Gerratik bizirik etxeratzen denarentzat dena da desberdina, «istilua gertatu bitartean» desagertu dira lehengo ametsak eta aukerak, gerraren oroitzapena zama astuna da, eta gertatutako haustura handiegia. Amaiera zoragarrian, etxera itzuli den gudaria nola errenditzen den ikusten dugu: besoa altxa eta Internazionala abestu nahi luke, baina ezin. Etsia hartu eta moldatu egin behar du, oraindik zoriontsu izateko aukera atxiki nahi badu.

Galeraren kantu garaikidea da 14, epika eta utopiarik gabea, gozatzeko irakurketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.