'Iazko hezurrak'

Indarkeriaren historia hurbila

2014ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Egilea: Unai Elorriaga. Argitaletxea: Susa.

Iazko hezurrak izenburuko lanarekin eten du Unai Elorriagak bost urteko isilaldia. Eremu labainkorrean abiatu da oraingoan, indarkeria obraren gai nagusi eta ia bakartzat hartuta. Alde batetik, Irene Arrias, 1971n jaiotako algortarraren bizitzako gertaera nabarmenenak eta, bestetik, modu paraleloan kontatuta, azken mendeko bortizkeria-une gorenak irudikatu ditu: Errusiako Iraultza, Gerra Zibila, Bigarren Mundu Gerra, Gaddafi eta Saddam Husseinen amaiera, Bagdadeko bonbardaketak eta, batez ere, ETA eta Ruandako genozidioa.

Bi kontaketa-plano horien artean, batetik bestera saltoka dabil diskurtsoa. Bien arteko lotura datak dira gehienetan, baita protagonistaren bereizgarri den biolentzia kontsumitzeko joera ere. Ireneren bizitza-ibilbidea bera da liburuko bizkarrezurra, indarkeriaren historia hurbilaren pisuari eutsi eta, aldi berean, munduan zeharreko ibilbide lazgarria abiarazten duen aitzakia.

Oso modu naturalean egiten da irakurketan aurrera, idazlearen esku trebearen erakusgarri, informazio-gaindosiak hasiera batean kontrakoa pentsaraz dezakeen arren. Izan ere, estilo entziklopedikoan erori gabe, gatazka ugari azaltzen eta horietako bakoitzaren inguruko funtsezko datuak eskaintzen ditu liburuak. Lerroz lerro, trinkotasuna zama bihurtzea eragozteko borroka eta sintesirako esfortzu alimalekoa antzematen dira.

Egia esan, testua zaila da sailkatzen. Eleberri eta kronika bitarteko hibridotzat jo daiteke, ziurrenik. Autoreak artifiziorik gabeko 3. pertsonan mintzo den narratzaile orojakile tradizionala eta tonu ahalik eta neutroena aukeratu ditu, gatazkaren erdiguneko istorioak objektibotasunez jantzi nahian. Trama nagusitik bereizita, molde askotako biolentzian girotutako narrazio laburrak ere badaude tartekaturik.

Diskurtsoaren hoztasunaren aurrean, horrek bere baitan gorde duen giza-sufrimenduaren eskutik dator emozioa. Ezinezko zeregina dirudi indarkeriari neurria hartzekoak, norberaren sentiberatasunari eragiten dion kontu zeharo subjektiboa izanik hartzaile adina iritzi egongo direlako, beraz, hura adierazteko egileak erabilitako bideei dagokienez, irakurle bakoitzak erabaki dezala deskribapenen gordintasuna gehiegizkoa den ala, aitzitik, egoeraren bortitza adierazteko ahaleginean hitz eta espresio oro motz geratzen den.

Obrak gerrari eta giza jokaerari buruzko hausnarketa sakona bideratzen du, eta ezin uka, telebista eta Interneten nagusitasunaren aroan, Elorriagaren proposamenak denok, neurri handi nahiz txikiagoan, pairatzen dugun indarkeriaren aurreko gogortze-prozesu kezkagarriari buruzko beharrezko gogoeta ere bultzatzen duela. Ildo horretatik nigan jakin-mina piztea lortu badu ere, fikzio-mailan, tamalez, ez du arrakasta bera izan. Bortizkeria hainbat ikuspegitatik lantzen duten narrazioekin ere antzera gertatu zait, ez nautela guztiz ase, alegia.

Baliteke nik interpretazio-maila ezberdinetan murgiltzen asmatu ez izana edo, besterik gabe, halako lan batek nigan irakurle aproposena aurkitu ez izana. Berdin dio eta ez dio berdin. Edozelan ere, Unai Elorriagaren azkenak bestelako irakurlea merezi du, horretan zalantzarik ez. Auskalo, agian zu zara irakurle hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.