Roberto Sarriugarte
Gastronomia. ARDOXKA

Dupuy de Lomen ondorengoak

2019ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Inguruko lurren kalitatea ezagututa, Dupuy de Lom familiak gaur egun upategia dagoen tokian geratzea erabaki zuen, XIX. mendean (1836an).

Haien ondorengoek, ilusio handiz, aukera izan dute gaur egungo proiektua abiarazteko: Clos de Lom.

Valle dels Aforins ibarra Valentziako (Herrialde Katalanak) eremu historikoa da ardogintzari dagokionez, eta upategi ospetsuak daude han. Horietako bat da Clos de Lom.

Pablo Ossoriok gidatzen du proiektu hori. Espainiako hedabideetan asko ateratzen da, eta izugarrizko itzala du enologo zein aholkulari moduan.

Serratosa Caturia familia Dupuy de Lom sendiaren ondorengoa da, eta Ossoriorekin duten harremana 2002. urtean hasi zen. Orduan, beste upategi batentzat lanean ari zen enologoa, eta harentzat mahats bila zebilela ezagutu zituen 300 hektarea osatzen zuten mahastiak. Baina 2014ra arte ez zen gauzatu proiektua. Hasieran, solteko ardoak —hau da, botilaratu gabe— ekoizteko, gauzak astiro eta ongi egin nahi baitzituen Ossoriok; kontuan hartuta mahastiek bi milioi kilo mahats ematen zituztela, ongi pentsatu nahi zuen botilaratzen hasi aurretik. Ondo zehaztu behar zituen bidea eta helburuak. Gaur egun, upategiak botilaratu egiten ditu ardook, eta, gainera, ardo bikainak eta handiak egiten dituztela nabarmenduko nuke.

Mahastiak 55 lurzatitan banatuak dituzte, eta horietako bakoitza modu pertsonalizatuan tratatzen dute; esaterako, lursail bakoitzari ondoen dagokion mahats mota erabilita.

Terraza edo zapaldatan egituratuta daude mahastiak, partzela txikietan, eta lanak eskuz egin behar dira. Terrazekin landarea hobeto ezartzen da, insolazio orekatua eta erregularra bermatzen da, eta landarearen aireztatze egokia lortzen da.

Kalitatea dute helburu eta ez kantitatea; horregatik, hektareako gehienez 5.000 kilo ekoiztera mugatzen dute, lehorreko lurretan.

Ingurumenarekiko errespetuz, eta modu jasangarrian lantzen dituzte mahastiak, baina teknologia berriei uko egin gabe: esaterako, dronak erabiltzen dituzte mahastia mimatzeko, zehaztasunezko mahastizaintza aplikatuz.

Malvasia, moskatela, merseguera eta macabeo (Errioxan, viura esaten diote) mahatsak dituzte zurietan; eta tempranilloa, garnatxa eta monastrella beltzetan.

Upategiak dituen mahastien tamaina kontuan izanik, ezinbestekoa da bildu aurretik sailkapen bat egitea, eta gero, klimaren baldintzen arabera, berriz egiten da sailkapena.

Lur mota asko dituzte, baina buztin-karetsuak dira gehienak. Horrelako lurrek gaitasun handia dute ura eta elikagaiak gordetzeko. Ardo egituratuak ematen dituzte horrelako lurrek, baina, era berean, dotoreak, heltze zikloak luzeagoak direlako, eta horrek, besteak beste, polifenolen karga handitzea dakar.

Lur karetsuetan, gainera, alkohol neurri bikaineko ardoak lortzen dira, azidotasun baxukoak eta kalitate onekoak.

Ardoei buruz beste egun batean hitz egingo dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.