Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Jerezko katedralak

2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ardoaren inguruan hitz egiten dugunean, ia beti jartzen dugu fokua, eta hala izan behar du, ardoetan, egiteko moduetan, ardo desberdinen ezaugarrietan eta abar.

Gaurkoan eraikinetan, ardoa egin eta ondu egiten den eraikin horietan jarri nahi dut fokua, ordea. Egia da eraikin horien ezaugarriek ardoen ezaugarriak baldintzatzen dituztela, inongo zalantzarik gabe.

Kasu batzuetan, baina, eraikinaren eragina beste batzuetan baino askoz nabarmenagoa da, ezinbestekoa, esango nuke.

Jerezko ardoak ez lirateke diren modukoak izango ardook beste modu bateko eraikinetan, upategietan, egin eta onduko balira.

Jerezen (Jerez, Sanlucar de Barrameda eta Puerto de Santamaria) ardoak oso toki bitxietan egin eta ontzen dira, Sarritan Upategi-katedralak deitu izan zaie, duten izugarrizko tamainagatik eta dituzten zutabe eta estalki garaiengatik.

Jerezko upategiak bereziki garaiak izaten dira, ohiz kanpoko garaiera hartzen dute, hamabost metroko altuerara iritsiz. Barruko espazioak aire bolumen izugarria hartzen du, berotasunak gora eginez eta upategiaren goialdeko espazioak hartuz. Upategiaren goialdeetan, ekialde eta mendebaldeko hormetan, baoak edo hutsarteak irekiz korronte bertikala eta horizontala sortzen da, pilatutako berotasuna kanporatuz. Airearen zirkulazio horrek, bestalde, hezetasuna erregulatzen du, Jerezen hain garrantzitsua den legamia geruza mantentzeko; oxigeno ekarpena ahalbidetzen du.

Upategietako aurrealdeen eta estalkien eraikuntzen ezaugarriak iragazki bilakatzen dira, ardoa ontzean eragina duten kanpoko ezaugarri klimatikoak atzera botaz edo onartuz.

Tenperatura aldaketa handiak saihesten dira hormen inertzia termikoagatik eta haiek hezetasunarekiko duten irazkortasunagatik, gaua eta egunaren arteko hezetasun zein tenperatura aldaketa handiak saihestuz, erregulatuz.

Jerezen, edo haiek esaten duten moduan Ā«marco de JerezĀ» (Jerez, Sanlucar de Barrameda eta Puerto de Santa Maria) deritzon horretan, upategiak toki estrategikoetan eraikitzen dira,sartaldetik, Ozeano Atlantikotik, datozen aire korronte leunak bilatuz. Itsasotik datozen haize leun horiek gauetan ematen direnez, upategietako leihoak irekita uzten dituzte, hezetasunez gainezka datozen haize horiek barrura sar daitezen. Udan, gehienetan, haizea lehorra eta beroa izaten denez, sortaldetik datorrelako, leihoak itxita egoten dira.

Upategietako oinplanoek lauki-zuzen forma izaten dute, eta ipar-mendebalde-hego-ekialde ardatzera egokitzen dira, alde batetik hezetasuna erraz sar dadin upategian, eta, bestetik, eguneko tarterik berotsuenetan upategiko hormetan eguzkiak zuzen-zuzenean ematea saihesten du.

Aukera baduzue bisita ezazue halako upategiren bat, merezi du eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.