Musika. Beñat Axiari, Joseba Irazoki, Julen Axiari 'Bas(h)oan'

Zubi askotako diskoa

Diskoetxea: Elkar.

Andoni Tolosa -

2018ko urtarrilak 21
Badira zubi baten modura antolatutako diskoak, bere baitan ertz ezberdinak lotzeko pasabideak eraikitzen dituztenak. Belaunaldi ezberdinak, estilo ezberdinak, leku ezberdinak, kultura ezberdinak, edozer da aitzakia ona lotuneak eraikitzeko. Ez da erraza, batik bat, askotan, zubiak hitzemandako lekura baino, bestelako paisaia lausoetara eramaten zaituelako, inongo lurraldetan utziz. Ez da Bashoan honen kasua. Zubi askotako lana da axiaritarrek eta Irazokik, Itxaro Bordaren laguntza estimagarriarekin osatu duten hau.

Lehenengo zubia. Belaunaldi arteko zubia. 70eko hamarkadatik hona, Beñat Axiari bilakatu da euskal musikari ausart, berritzaile eta ipurterreenen eredu. Nahiz eta bide horrek arrakasta gehiago ekarri, kasik, Euskal Herritik kanpora bertan baino. Herri musika lozorrotik esnatzeko gaitasuna/tema du, eta ez da sekula bide erraza; aldiz, esker txarrekoa ere izan daitekeela erakusten du zuberotarraren ibilbide luzeak. Orain, pentsatu pixka bat. Egungo zein musikari jarriko dugu zubiaren bestaldean? Joseba Irazoki da, egun, leku hori betetzeko euskal musikaririk aproposena. Egin proba, adjektibo berak erabili ditzakegu beratarraz hitz egiterakoan, eta ez da bakarra ere sobera egongo; ipurterrea, ausarta, berritzailea.

Bigarren zubia. Zuberoatik AEBetara eraikitako zubi kulturala. Robbie Basho kultuzko musikariaren lana abiapuntutzat hartuta, euskal herri-musika eta folk-rock anglosaxoiaren artean osatutakoa. Horrela irakurrita, ez dirudi oso gauza azpimarragarria; nork ez du egiten egun antzeko zerbait mundu osoan? Baina zubi honi begi pare bat falta zaizkio. Batetik besterako bidean, esperimentaziora garamatza eta, hurrengoan, musika garaikidean du geltoki; horrek egiten du esanguratsu lan hau. Handia bada Blue Crystal Fire-tik Isabatik Mauleraino kantura doan aldea, oso txikia da Ba-nin adixkide bat-etik Orphan's Lament-era doana. Hortxe dago koxka.

Hirugarren zubiak hizkuntza du ardatz, hizkuntza musikala zein hitzek janzten dutena. Kantu batzuk euskaraz, beste batzuk ingelesez, eta beste batzuk bitara, eta guztien ondoren bada, beti presente, hitzekin baino barne-hizkuntzarekin lotu beharrekoa (uluak, garrasiak...). Hizkuntza batetik bestera saltoka dabil diskoa eta, batzuetan, aitortuko dizuet, zaila ere egiten da bi hizkuntza nagusien artean ezberdintzea. Ez nago ohituta horrelakoetara, are gehiago, musikari estatubatuar baten omenezko diskoa ez balitz, zaila litzateke ulertzen hizkuntza-dantza hau. Baina bueno, oso jostagarria da, baita alde horretatik ere, diskoa.

Azkenik, apustu bat: ea gai zareten, hainbatetan, kantuan ari dena Irazoki edo Axiari den ezberdintzeko. Ez da hain erraza.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna