Musika. S.E.R.P.I.E.N.T.E 'Serpiente'

Suge pozoia

Diskoetxea: Autoekoitzia.

2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Iragan urtarrilean egindako Pop Pilulak fantzinearen harakiri-festan, Antton Iturberekin aritu nintzen Bilboko S.E.R.P.I.E.N.T.E taldeaz. Anttonek esan zidan oso talde interesgarria iruditu zitzaiola. Nik, berriz, hirukotea ezagutzen nuela erantzun nion, eta musikarien amateurismo azpimarratu nuen; positiboki, jakina. Halere, arretaz entzungo nuela agindu nion. Eta bospasei entzunaldiren ostean, botako dut iaz gurean plazaratu den lan ederrenetariko bat dela, grabazio horretara apur bat berandu iritsi naizen arren.

Ana, Beatriz eta Elena bilbotarrek 2015ean eratutako egitasmoa da S.E.R.P.I.E.N.T.E, eta, 2017 amaitzear zela, estreinako grabazioa argitaratu zuten, bost kantuko EP homonimo hau. Taldearen jarioak post-punk edo dark-wave estiloen ezaugarriak ditu, ezbairik gabe. Halere, hirukotearen asmoek estilo horien mugak gainditzen dituzte, hasiberriak izanagatik ere.

Hala, diskoa irekitzen duen Piedra kantua, grabazioko luzeena, ahots eta sintetizadore popzalez eta bateria primitiboz jositako doinu misteriotsua da. Zer ari haiz, post-punk erritmoen gainean eraikitako doinua da, eta Jupiter Jonen proposamenarekin alderatu daiteke, batez ere abesteko moduagatik. Transilvania kantuan, sintetizadorearen disonantziak loratzen dira, melodia lanbrotsuen artetik. Kantu esperimentalena da agian, DEVO eta Joy Division elkarrekin oheratuko balira bezala. Ilargi ilun abestian, sintetizadoreek bultzatutako erritmo errepikakor eta karratuak Siouxsie and the Banshees taldearen giroekin nahasten dira, entzulea zulo itzaltsu batera eraman arte. Diskoa Ar kantuarekin amaitzen da, hori ere euskaraz abestua eta punkzaleena. Baxu oldarkorrak eta teklatu jostalariak uztartzen dira; ahots jolasak ageri dira, eta hardcore erritmo frenetikoarekin amaitzen da.

Hori guztia amateur kutsu sorgindu eta lotsagabe batez janzten badakite bilbotarrek. Baxuak eta sintetizadore gordinak dira protagonistak, after-punk estiloak agintzen duen lez, ahots landuen eginkizuna gutxietsi gabe. Emaitza arty kutsuko lan minimala da, kutsakorra eta era berean amultsua, inkonformista baina atsegina. Finean, lehen urrats honetan oreka nagusitzea lortu dute, esperimentazioaren eta melodien arteko elkarbizitza; erdibide egokia aurkitu dute, popzale xaloak eta synth-punkaren jarraitzaileak asebetetzeko.

Horrela, nire iazko disko kutunen artean paratu da Serpiente estreinako lan labur hau —pena iaz entzun ez izana, BERRIAko gustukoen zerrendan jartzeko. Amaitu baino lehen, Iruñeko Melenas taldearen lana ere azpimarratu nahi dut, bien artean antzekotasun asko baitaude, haien arteko arrakala zabala bada ere. Agerikoena, emakumez osatutako taldeak direla biak ala biak, bai eta ahalmen handiko taldeak ere. Bada, ezinbesteko bi lan plazaratu dituzte, haien ahots propioa nabarmenduz. Tximak eta sugeak. Etorkizuna emakumeena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.