Musika. Angra '×mni'

Birsortze berria

Diskoetxea: earMusic.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2018ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Brasilgo musikagintzaren talde garrantzitsuenen artean dago Sao Pauloko Angra banda. Sorterrian ez ezik, nazioartean ere estimatuak dira. Batez ere, heavy metal zaleen artean. 90eko hamarkada hasieratik power metala, progresiboa eta erritmo brasildarrak nahasi dituzte. ×mni bederatzigarren diskoak osagai guztiak berretsi ditu birsortze berria eraginez.

Rafael Bittencourt gitarrista da iraun duen bakarra, eta bere ingurua aldatzearekin batera asmatu du taldea aurrera eramaten. Abeslariak dira brasildarren ibilbidea hiru aro desberdinetan banatzen dutenak. Andre Matos jatorrizko kantariarekin Angels Cry, Holy Land eta Fireworks disko bikainak argitaratu zituzten. Edu Falaschi gazteak bete zuen Matosen hutsunea, eta Rebirth lan apartarekin lehen birsortzea lortu zuten. Maila oneko beste hiru disko atera zituzten berarekin.

Fabio Lione abeslari ezaguna fitxatu zuten urteurren jakin bat ospatu eta diskografiari jarraipena emateko. Secret Garden lana izan zen hirugarren abeslariaren estreinakoa, eta ez zuen urteurren birak bezainbesteko harrera beroa izan. Hori dela eta, brasildarrak serio jarri zirela ematen du. Aitortu dutenez, ×mni lan berria hilabeteetako lanaren, izerdiaren eta odolaren emaitza da.

Izenburuak osotasun bati erantzuten dio, eta seikotearen sormen guztiari egiten dio erreferentzia. Ibilbideko hainbat diskoren kontzeptuarekin ere lotu dute lan berria, zientzia-fikziozko istorio bat kontatzeko. 2046. urtean adimen artifizialeko sistema batek gizakiaren pertzepzioa eta ezagutza aldatuko du. Horri esker, gizakia gai da orainaren eta etorkizunaren artean komunikatzeko.

Musika ezin aproposagoa konposatu dute kontakizunerako. Light of Transcendence eta Black Widow's Web eta Insania abestiak bidaiaren kapitulu zoragarriak dira. Power metal melodikoaren magia jasotzen dute, orkestrazioekin eta izaera progresiboarekin. Ezaugarri horiei perkusio brasildarra gaineratuz gero, Travelers of Time eta Caveman kantu ederrak lortzen dira. Bigarrenak dituen pasarte tribalak nabarmentzekoak dira.

Kiko Loureiro gitarra bikaina Megadeth taldera joan bazen ere, itzalean aritu da bere jatorrizko banda laguntzen eta inspiratzen. Marcelo Barbosa musikari apartak hartu zuen Loureiroren lekua, eta bere ekarpena ere nabari da. Bruno Valverde bateria jotzaile gazteak, berriz, aipamen berezia merezi du; erritmoa zainetan darama. Bittencourt harro egon daiteke egun dituen bidelagunekin. Pozgarria da ibilbide luzeko talde batek horren disko ona ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.