Musika. Gaiteiros de Lisboa 'A historia'

Ezagutu beharrekoak

Diskoetxea: Uguru.

Andoni Tolosa.
2018ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Disko honekin itzuli da Portugaleko herri-musikaren ordezkariausart eta esanguratsuenetakoa den taldea. Hogei kantu bildu dituzte A Historia izeneko bilduma disko honetan. Bost urteko isiltasuna hautsi dute disko berri honekin, eta bide batez, formazioa estreinatu dute. Carlos Guerreiro eta Paulo Marinho sortzaileekin batera, Sebastiao Antunes, Miguel Quiteiro, Carlos Borge Ferreira eta Paulo Charnecak osatzen dute, egun, taldea. Beraz, hemeretzi pieza klasiko eta kantu berri bat, Roncos Do Diablo, talde berritu batentzat.

Badakit itzulera hauek gehiegi izan ohi dutela nostalgiatik eta gutxiegi apustu musikal benetan esanguratsutik. Musikari beteranoak berriro bildu dira disko bat atera eta emanaldi batzuk egiteko! Lasai ibil zaitezke horrekin, ez baitugu halako aztarnarik sumatu disko sendo eta osatu honetan. Egia da dagoeneko mundua eta herri-musika ulertzeko oso modu jakina erakutsi duela taldeak 1995etik kaleratutako estudioko bost diskoetan. Nortasun handiko taldea da, jakina, eta, alde horretatik, zergatik egin muzin orain arte landutako bideari, eta malabarismo estetikoetan sartu entzule gehiago erakartzeko?

Ez dute horrela egin, eta diskoan orain arte taldearen ezaugarri nagusiak izan direnei eusten diete. Besteak beste, Portugaleko herri kantutegiaren berrirakurketa erritmikoki indartsua egiten dute ia erabat akustikoak gertatzen diren instrumentazioekin. Ez bilatu hemen bateria eta gitarra elektrikorik. Bestalde, izenak dioen bezala, gaitak (gure gaiten antzekoak) dira zutabe musikaletako bat; bestea, berriz, harmonia bokal irudimentsu eta ederrak. Hiru eta lau ahotsetan aritzen dira hainbat kantutan. Azkenik, mota askotako perkusioen presentzia nabarmendu behar da, kantuek haien gainean egiten baitute aurrera. Horiek guztiak topatuko dituzu azken lan honetan ere.

Kantuei dagokienez, bere ibilbideko klasiko gehienak bildu dituzte lan honetan, Canto De Trabalhos, Terra de Ninguem, Se Fores Ao Mar Pescar, A Devota da Ermida, O fin da Picada... eta opari bezala Langa Lenga ezagunaren zuzeneko bertsioa. Zer irabazi duten kantu hauek bertsio berri hauetan? Bada, indarra, argitasuna eta, batik bat, detaileetan sumatzen den aberastasuna. Denak ematen die oso kutsu garaikidea dagoeneko urte batzuk dituzten kantu hauei. Ez badituzu ezagutzen, aukera ezin hobea da Portugaleko talderik garrantzitsuenetako bat ezagutzeko, eta probatzeko ea merezi duten hainbat urtetan irabazi duten ospea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.