Musika. Broken Brothers Brass Band 'Txertaketa'

Gure gainetik izarrak bakarrik

Diskoetxea: Errabal Jazz.

Andoni Tolosa -

2018ko apirilak 15
Bai, gerta liteke Iruñea izatea gure New Orleans, Arga, berriz, Mississippi eta Arrotxapea, zergatik ez, Treme auzoa. Txarangak ez dira falta, ezta musikaz kalean gozatzeko ohiturarik ere. Janariaz zer esanik ez, ajoarrieroa litzateke gure gumboa, eta edariaz hobe ezer ez esan, ez da faltako-eta Mardi-Grassik zintzurra ederki bustitzeko. Ados, ez dago itsasorik, baina zer euskal-beltz-kreolek behar du halakorik Broken Brothers Brass Band edukita? Halako soinu bandarekin, ez ditugu faltan sumatuko Mexikoko golkoko enbatak (ziertzoak jotzen al du Iruñean?). Eta bai, agian, gehiegizkoa irudituko zaizu sarrera hau, baina, ez al litzateke estrategia ona nabarrismoa eta bestelako ku-klux-klan guztiak despistatzeko?

Laugarren diskoa dute, eta txiste erraza edo kopia eskasa izateko arriskua lehen diskoarekin gainditu bazuten ere, beti dago, hain genero-musika egiten denean, inor pozik ez uzteko arriskua; eskasegia eta pueblerinoa batzuentzat, fotokopia hutsa eta arrotza besteentzat. Eremu horretan mugitzen dira, oro har, gurean musika beltza hain modu zintzoan lantzen dutenak. Izan jazza, izan rhythm and bluesa, izan soula... Ariketa ederra da Txertaketa sendo honen kredituak irakurtzea, kantu hauen atzean dagoen... horixe ba; txertaketa ausartaz, jabetzeko. Balerdi Balerdi eta The Mohawks, Artze eta Raperos De Emaus, Imanol eta Ben Harper... Lanak edukiko dituzu euskal disko batean izen hauek (eta beste batzuk gehiago) zerrenda berean topatzeko.

Agur jaunak ezagunarekin hasi eta bukatzen dute (ideia ona hitz apostolikoak ez kantatzea), eta lehen kolpea dator; Monstruito Special eta oinak dantzan hasiko zaizkizu, eta sumatuko duzu taldeak asko irabazi duela sendotasunean, haize-tresnen arteko enpastean. Entzungo duzu oinarri-erritmikoak bikain mantentzen duela tentsioa, eta beharrezkoa denean, garrasi egiteko gogoa piztuko dizute, airera jauzi egiten duten tronpeta horiek. Greba mugagabea-k erritmo lasaiagoa ekarriko du, ahotsek aditzera ematen duten melodia hautsian. Baina Martin & Marcela kutsakorra etorriko da segidan, eta hartuko duzu katxia berriro, eta hasiko zara «Martin eta Marcela, Marcela eta Martin...» txarangetan kantatu beharreko lelo eternal horien ildoan, ukitu latinoen artean. Ezin falta hip hoparekiko zubirik, Imanolen George Jackson (belztasunaren beste ikonoetako bat) gogora ekartzen duen Xuri guztiak ez dira iriñak kantuan. Dena dela, aurrekoarekin alderatuta, askoz ere txikiagoa da honetan MCen ekarpena, eta, gure uste apalean, horrek asko sendotzen du azken emaitza, despisterako aukera gutxiago emanez entzuleari.

Kantuz kantu jarrai genezake; Duten Ezjankitasunaren kateak suntsitu-ren bertsio instrumentala blackexplotation erara, Eljhadi Ndiaye-ren afro-reggae kutsua, Geure gainetik dantzagarria... eta Agur jaunak berriro. Bukatu da, ez da Katrina izan, agian Pirinioetatik heldutako aire bolada bat. Baina gure entzungailuak dardarrez utzi ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna