Musika. The Men 'Drift'

Nahi duten erara

Diskoetxea: Sacred Bones.

2018ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Hamar urtetan argitaratzen duten zazpigarren lana da The Men taldearen Drift hauxe, eta ez konposizioetan eta ez maila musikalean ez du kalitaterik galdu. Mark Perro lidertzat duen New Yorkeko laukoteak nahi duenarekin nahi duen moduan esperimentatzen du, eta aurreko lanean, Devil Music hartan, hasierako doinuetara gerturatu ziren bezala, oraingoan berriro ideiak zabaldu eta instrumentu askoren erabilerari ekin diote, sintetizadoreak, sokak, saxofoiak eta aho-soinuak, besteak beste. Hala, heldutasuna ere nabari zaie, Inmaculada edota Open Your Heart bezalakoetan ikusten den bezala. Hasieratik estilo ezberdinak jorratu dituen taldea izanik, zaila egiten zaigu oraingoan ere etiketa bat jartzea, noise, power pop, elektronika eta baita baladak ere sortu izan dituzte, eta, hala ere, beti kritika onak jaso izan dituzte, publiko zabalarengana heldu ez diren arren. The Menek, euren rock and roll ezagutzak hartu eta esperientzia pertsonalak integratuz klasikoei begira jarduten du, baina betiere lan berri bakoitzarekin eraberrituz, ezezagunean eroso sentituz.

Drift lan honetan soinu eta abesti ezberdinetan ordu erdiz ari dira batetik bestera brooklyndarrak, izenak dioen bezala, eta emaitza oso disko entzunerraza da, euren influentzia nagusitzat har daitezkeen Sonic Youth edota Swans bezalakoei omenaldi txiki bezala. Hasierako Maybe I'm Crazy bortitza sintetizadore zorrotzez eta doinu industrialez betea, saxofoiaren doinuak sartu eta ekaitz deseroso bat sortuz modu zakar batekin hasiz, baina gero guztiz lasaitzen da egoera When I Held You In My Arms-en, iluntasunari eutsiz, betiere. Secret Light-en teklatuek The Doors gogoraraz diezaiokete bati baino gehiagori eta Rose on Top of the World, diskoko abestirik aipagarrienetakoa, Lou Reed zenari omenaldi bat da bere osotasunean, folk psikodelikoa jorratuz eta abesti erdialdetik aurrera bereizten den riff batekin. Sho High-ek Amerikako Estatu Batuetako desertuko paisaietara garamatza aho-soinu eta biolinarekin, giro pisutsua sortuz eta Killed Someone-ekin euren punk sena argitara ateratzen dute, taldearen sorrerako doinuekin berriro konektatuz. Diskoaren azken zatia Sleep akustikoarekin hasten da, iluntasunez inguratuz, Final Prayer-ekin alde instrumentalaz gozatzeko aukera daukagu, eta Come To Me-n iluntasuna folkarekin nahastuz amaitzen dute.

Aspaldiko kontuak dira The Menen lehen diskoetako soinuak, eta oraingoan oihuka datozela dirudi, erraietatik daukatena ateraz, eta etorkizunaren noranzkoa zein izango den argi utzi gabe, disko lakar bat da, estilo ezberdinak jorratzen dituena, soinu berrien bila ageri dena, baina beraien betiko esentzia guztiz baztertu gabe. Ez da taldearen diskorik onena izango, baina hamar urte hauetan egindako guztiaren ondoren maila mantentzea lortu dute, eta hori ez da gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.