Zientzia

40 urte GIBaren gibeletik

Berlingo gaixoa izan zen duela 12 urte. Orain, Londresen, baieztatu dute giza immunoeskasiaren birusaren infekzioa sendatzeko bidean jar daitekeela. Baina zergatik darama munduak lau hamarkada mikrobio bat garaitu ezinean?
Javier Martinez-Picado ikertzaileak koordinaturiko taldeak 38 GIBduni txertatu dizkie zelula amak. Horietako bat da Londresko gaixoa.
Javier Martinez-Picado ikertzaileak koordinaturiko taldeak 38 GIBduni txertatu dizkie zelula amak. Horietako bat da Londresko gaixoa. JORDI ANGUERA

Edu Lartzanguren -

2019ko martxoak 15
Timothy Ray Brown izan zen lehena. Ezagunagoa da Berlingo gaixoa ezizenarekin. GIB birusak kutsaturik zegoen, eta 2007an zelula amen txertaketa batekin sendatu zuten, gaur arte. Kasualitatea izan zen? Zorte ona? Hamabi urte eztabaidatzen pasatu dituzte zientzialariek. Baina joan zen astean Londresko gaixoa deiturikoa atera zen agertokira. Antzeko teknikarekin «erremisioan» egon da azken hamasei hilabeteotan, botika erretrobiralak kenduta ere. Ikertzaileek kontu handiz saihestu dute sendatu aditza; izan ere, teknikak baditu arazoak edonorentzako tratamendu bihurtzeko. Kasuak ondo erakusten du zientzialariek 40 urtez sentitu duten ezina.

Javier Martinez-Picado da joan zen astean Nature aldizkarian argitaraturiko ikerketaren egileetako bat. Hiesa ikertzen duen IrsiCaixa institutuan dabil lanean, eta nazioarteko IciStem partzuergoko koordinatzailea da. 2014an abiatu zuten taldea, zelula amekin trataturiko gaixoen jarraipena egiteko. Martinez-Picadoren taldeak 38 GIBduni txertatu dizkio ama zelulak. «Londresko gaixoa 36.a da gure zerrendan», esan du ikertzaileak. GIBaren infekzioa erretrobiralak deituriko botikekin tratatzen da gaur, baina ezin da sendatu, birusak atzera egin arren erretserbak geratzen zaizkiolako gorputzean. «Bakarrik ama zelulen tratamendu hauekin ikusi ditut erreserba horiek desagertzen».

Baliteke Londresko gaixoari laster gehitzea beste izen bat, ikertzaileak esan duenez: Duesseldorfeko gaixoa. Horri ere erretrobiralen tratamendua kendu diote, baina bakarrik duela lau hilabete.

«Londresko gaixoaren kasuan, ez dugu sendatzeaz hitz egin nahi, ikertzaileok paranoikoki zuhurrak garelako, ia politikarien kontrakoak. Inork ez daki zenbat denbora behar den norbait sendatuta dagoela esateko. Halere, arrazoi sendoak daude baikor izateko».

Baina Martinez-Picadoren eta lankideen prozedurak arazo bat du: ama zelulen txertoaren prozedura arriskutsua da, eta bakarrik beste modu batez tratatu ezin den odoletako gaitzen bat duten gaixoekin erabil daiteke; Londresko gaixoak Hodgkinsen linfoma bat zuen. Beraz, tratamendu hori erabili ahalko da sendabide unibertsal bat topatzeko? «Berlingo gaixoa ez zen txiripa izan», erantzun du ikertzaile katalanak, «orain erreproduzitu dezakegu, horren gogorrak ez diren tratamenduekin». Londresko gaixoaren kasuak zientzialarien ilusioa piztu du, GIB infekzioa senda daitekeela ikusi baitute. Horrez gain, bidea ireki dio terapia genetikoari, eta, horren bitartez, genetikoki eraldaturiko zelula amen autotransplanteari. Teknika batek etorkizuna duela ikusten denean, dena sinpletuz eta erraztuz joaten da, ikertzailearen arabera. «Orain da garaia bide berriak esploratzen hasteko, tratamendu hau odoleko gaitzik ez duten GIBdunei aplikatzeko».

Birus egoskorra

Dagoeneko lau hamarkada bete ditu GIBaren kontrako borrokak. Zergatik da horren zaila birus horren aurka egitea? Hiru arrazoi daude: edozein infekziotan edo minbizitan, sistema immunitarioaren eginkizuna erabakigarria da. Immunitate sistema osasuntsu izanez gero, aukera gehiago daude aurre egiteko. Baina GIBak, hain zuzen ere, immunitate sistema horren kontra jotzen du, eta suntsitu egiten du. «Egoera atipikoa da: ez zaigu gertatzen hepatitisarekin edo polioarekin, eta asko zailtzen du dena».

Bigarren arrazoia: GIB birus mota asko daude. Kutsaturiko pertsona bakoitzean birusaren milioika aldaera daude. Urtero egin behar da gripearen kontrako txerto bat, birusa aldatzen delako: gripearen aldaera genetiko kopurua GIBarena baino milaka aldiz txikiagoa da. Horregatik ez dago txertorik, hein handi batean.

Horrez gain, GIBaren birusa gizakien zelulen muinean sartzen da, genoman. Beste birus batzuek ez dute halakorik egiteko ahalmenik. Zelula ugaltzen bada, birusa ere ugaltzen da harekin. Horregatik geratzen dira erreserba horiek gorputzean.

Birusa mutatuz joan da tximinoetatik gizakietara pasatu zenetik, beti ikertzaileei aurrea hartuta. «Denbora luzez birusaren gibeletik joan gara. Azken belaunaldiko terapia erretrobiralekin ia harrapatzen ari gara, baina, betiere, herrialde garatuetan».

Lilurarik ez

Maier Lorizate EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko saileko irakaslea da, eta Biofisika Institutuko ikertzailea. GIB birusaren mintza eta proteinak ikertu ditu, jakiteko nola dagoen eginda. Horrez gain, Martinez-Picadorekin dabil lanean, birusaren erreserba horien kontrako botikak garatzen. «Lehen kasua plazaratu zenean 1981. urtean, eta birusa bakartu zutenean 1983an, nork pentsatuko zuen horrenbeste urte emango genituela inolako irtenbiderik eduki gabe».

Ez dago esaterik zenbat urte barru sortuko den sendabidea, eta, beraz, ikertzaileak uste du gaitza kroniko bihurtzeko borrokan sakondu behar dela. Baina gaitza kroniko bihurtzea lortu dela esaten denean ahaztu egiten da datu bat: inork ez daki nola garatuko den infekzioa GIBdunak zahartu ahala. Edonola ere, gauzak asko hobetu dira terapia aldetik, ikertzaileak esan duenez. 1996an, gaixo batek 10-30 pilula hartu behar zituen egunean; gaur, pilula bakarra hartu behar du egunean.

Lorizate eta Martinez-Picadoren taldeak 2012an aurkitu zuen birusak immunitate sistemako zelula dendritikoetan sartzeko erabiltzen duen mekanismoa. «Aurkikuntzak oihartzun handia izan zuen, eta jendeak uste zuen berehala aurkituko zela sendabidea. Zazpi urte pasata, oraindik ari gara topatu nahian».

Beste adibide bat: 2000. urte inguruan aurkitu zuten gaixo batzuek berez sintetizatzen zituztela GIBa zapuzteko antigorputzak. Orduan pentsatu zuten printzipio hura bakartuta egina zegoela. Horretan lanean ibili zen Lorizate. «Begiratu zer urtetan gauden, eta oraindik ez dugu lortu antigenoa imitatzea antigorputz horiek sortzeko». Ikertzaileak itxaropen faltsuen kontra ohartarazi du, gaixoak eta senideak etsi egiten direlako gero.

Nazioarteko erakundeen arabera, gutxienez 35 milioi pertsona daude munduan GIBak kutsatuta. Denera, 39 milioi hil dira hiesa hasi zenetik. Izurritea 2030. urterako gelditzeko konpromisoa hartu zuen Nazio Batuen Erakundeak 2016an. Posible ote? «Ez» borobil batekin erantzun du Martinez-Picadok. Lortuko da, ziurrenera, terapia erretrobiralak mundu osora heltzea, eta diagnostiko azkarrak egiteko tresneria. Oso garrantzitsua da hori, ikertzailearen arabera, trataturiko birusa ez baita kutsatzen.

Bat dator Lorizate. Gaur-gaurkoz, gaitza kroniko bihurtu eta kontrolpean izatean datza estrategia. Horretan, prebentzioa da tresnari eraginkorrena. Berlinen, Londresen, edo Baionan, «kondoia da gaur daukagun txertoa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Edu Lartzanguren

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna