Turismoak mapa arrotza

Sektore guziek bezala, turismoak ere egokitu behar du osasun krisiak ekarri egoerara. Udari begira, Donibane Lohizune, Sopela, Biarritz, Bakio, Getaria, Donibane Garazi eta Hondarribiak zer pentsatua dutela kontatu dute. Galtoa da gomit nagusia.

Donibane Lohizune. BOB EDME.
Peru Azpillaga - Ainize Madariaga
2020ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Uda heltzearekin batera, goitik beherako eraldaketa izaten du Euskal Herriak. Eguraldi ona heldu ahala, hustu egiten dira hirigune handiak, eta lepo betetzen kostako herriak. Horietako askorentzat udako hilabeteek berebiziko garrantzia dute, batez ere alderdi ekonomikoari erreparatuz gero. Baliteke, ordea, osasun krisiak kolokan uztea udatiarren herrien aurtengo metamorfosia.

1. DONIBANE GARAZI

Donibane Garazik kasik 1.600 biztanle ditu. Datuak, ordea, ez du balio udan; izan ere, ehun biztanleko 1.600 bisitari doaz, turismo bulegoak emandako datuen arabera. Datozen gehienak Paris, Bretainia eta Akitania eskualdetik heldu dira. Bigarren etxebizitzen ehunekoa ez da kostaldekoa bezain altua: %16,9. Hiriak dituen bortz hotel eta kanpin bakarrean aterpe har dukete. Antso Jakitunak fundatu zuen hiriari ezin zaio bereizi Done Jakue bidea kurritzen duten beilarien datua: izan ere, iaz, adibidez, 61.000 bertatik iragan ziren. Marie-Helene Ernaga Nafarroa Behereko turismo bulegoen arduradunak argi du hiriko ekonomiaren %60a turismoak duela ekartzen: «Donibane Garazi turismotik bizi da».

Udako biztanle kopuruaren ugaritzeari begira, animazio berezia eskaintzen du hiriak: pilota partidak, kontzertuak elizan, udan baizik irekitzen ez diren dendak eta jatetxeak eta ostegunetako merkatua. Osasun krisiari egokitu beharrez, tokiko turismoari begira jarri dira udarako. Pentsatua dute hamar laguneko talde txikiekin eskualdeko bisita gidatuak egitea: harrespiletara eta trikuharrietara, adibidez. Egokitzapen horretan, etxera eramateko apairuak prestatzen dituzten jatetxeen zerrenda bat argitaratu dute webgunean: «Gure neurrian, baina entseatzen gara zerbaiten egiten, orain baita momentua denek bat egiteko». Udari begira, oraindik gauza gutxi erran dezakete, desinformazioa baita albiste nagusi. Badirudi jatetxeak ekainean berriz zabalduko direla, baina: «Zer baldintzatan? Maskekin? Ez da goxo izanen. Nik uste dut tokiko jendea dela gehien mugituko jatetxeetarat, etxerat eramateko apairuen biltzeko».

2. BIARRITZ

Lapurdi kostako bale arrantzarako famatua zen herrixkak metamorfosia pairatu du mendeetan zehar. Gaur egun kasik 25.000 biztanleko hiriak 190.000 bisitariri egiten dio harrera, baina ez udan bakarrik, urte osoan baizik. Zehaztekoa da, hala ere, udan duela bisitarien erdia errezibitzen. Bigarren etxebizitzen jomuga ere bada: %42. Arrotzen %70 frantsesak dira. 52 hotelek egiten diete batzarri kanpotarrei, palazioaz gain. Lapurdi kosta osoko aterpe ahalmenaren %35a Biarritzek du. Horrez gain, kongresu gelen alokairuak ekarpen handia egiten dio hiriko ekonomiari. Maylis Garrouteigt turismo bulegoko harrera arduradunak dio osagarri krisiak «asko inpaktatu» duela turismoari lotu aktibitatea; izan ere, haren kalkuluen arabera, hiriko ekonomiaren %70 turismoari dagokio. Hala, «konplikatua» da egoera, eta erantzunak baino gehiago direla galderak: aireportua zabalduko da? Mugikortasun perimetroa bai?

Hondartzen zabaltzea berri ona bada ere, standby egoeran direla erran du, ekintza plana etengabe egokitzen ari baitira datozen neurrietara. «Uste dut joera izanen dela tokiko turismoan zentratzea; egokitzeko ekintza plan desberdina egin beharko dugu». Lapurdi kostaldea koronabirusari dagokionez gune berdean kokatu izanak «erakargarri» egiten duela ohartarazi du. «Biarritz turismoaren sinboloa denez, turismo bulegoa normal zabaltzen dugun bakarrak gara, erakusteko hemen gaudela».

3. DONIBANE LOHIZUNE

Lapurdiko 14.096 biztanleko hiriak udan 50.000 lagun hartzen ditu, %86 okzitaniarrak eta frantsesak: Akitania Berritik eta Ile-de-Francetik joanak. Haiei begira, Pazko eta Omiasaindu bitartean orotariko animazio bereziak egiten dituzte; adierazgarria da Victor Hugo karrikaren negu mineko biluzia nola mukuru betetzen duen jendeak udan. Espekulazioaren arazoak ez du hutsik egiten, ia %45 baita bigarren etxebizitzen proportzioa. Isabelle Forget Ipar Euskal Herriko turismo bulegoen zuzendariordeak dio itaunak direla etorkizunaren jabe: «Hondartza irekitzea berri ona da, baina, hala ere, ezin dugu proiekziorik egin: hipotesi guziek dute baldintza. Egoera kaotikoa da oraino, eta ezjakintasuna da nagusi». Legeari leial, hamar laguneko «mini-bisitak» antolatzea pentsatu dute. Oraingoz, uztailerako eta agorrilerako eginak ziren erreserbak ez dira biziki ezeztatu, baina berririk ere ez da egin: «Jendea beha da». Hotelak zabal badaitezke ere, jatetxeak oraino ez: «Eramateko janaria logelan kontsumituko du?». Uste du beharbada «hurbileko» jendea dela jinen aurten: «Itxialdiaz kokoteraino, mugitzeko gogotsu baita».

4. BAKIO

Bizkaiko iparraldean dagoen 2.596 biztanleko herri bat da Bakio. Udan, ordea, metamorfosia izaten du herriak. Etxebizitzen %60 bigarren etxebizitzak dira; beraz, Bilbotik eta inguruetatik hurbiltzen diren familien etorrerarekin, lepo egon ohi da udako hilabeteetan, eta 12.000 eta 15.000 biztanlera heltzen da. Azken urteetan turismoak ere gora egin duela adierazi du Amets Jauregizar bertoko alkateak, eta horri hondartzara egun-pasa joaten direnen kopurua gehitu dio. Biztanleen gorakadari aurre egiteko zerbitzu publikoak indartzen dituztela nabarmendu du; besteak beste, garraio publikoa. Alde horretatik, kezkatuta agertu da, osasun krisiak baldintzatu egingo duelako aurtengo uda. Faseen «goitik beherako» antolaketa dela eta, herrietako errealitatea kontuan ez hartzea da Jauregizarren kezka nagusia: «Bigarren etxebizitza horiek progresiboki betetzen dira normalean, eta guk hori kudeatzeko plan bat jartzen dugu martxan; faseetako neurrien arabera, ordea, oso litekeena da etxebizitza horiek kolpez betetzea». Hortaz, alkateak arazoak aurreikusten ditu herriko komunitatean eta kudeaketan.

5. SOPELA

Oso bestelakoa da Sopela herriaren egoera. Josu Landaluze alkateak azaldu duenez, 14.200 biztanleko herriak ez du biztanleria hazkunde berezirik izaten: «300 edo 400 pertsona inguru, agian». Izan ere, azpimarratu duenez, Sopela jada ez da udatiarren herri bar: «Bigarren etxebizitzaren bat zutenak hemen urte osoan bizitzera igaro dira». Hori bai, esna du turismoak, batik bat Bilbotik eratorriak, gorakada handia izan duela. Era berean, asko dira udan bertako hondartzetara egun-pasa joaten direnak. Osasun krisiari lotuz, hondartzen inguruko «neurri zehatzen» zain daudela azaldu du Landaluzek, eta oraingoz «itxaron» beste aukerarik ez dutela ohartarazi du. Hala ere, kezkatuta azaldu da turismoaren galerak herrian izan dezakeen eragin negatiboarekin.

6. GETARIA

Getariak 2.800 biztanle ditu urtean zehar. Udan, baina, 39.000 lagunen bisita jasotzen du, turismo bulegoko datuen arabera. Hala ere, gehiago direla dio Haritz Alberdi alkateak, euskal herritarrak ez baitira turismo bulegotik igarotzen. Bigarren etxebizitza askorik ez dagoela azaldu du; beraz, gorakada hori egun pare bat igarotzera joaten diren bisitarien ondorio izaten da. Hein handi batean Herrialde Katalanetakoak eta Espainiakoak dira bisitari horiek, baina beste herrialde batzuetakoak ere izaten direla nabarmendu du alkateak. Azaldu du herriak «muga batzuk» mantendu dituela, bisitari asko erakarri arren, eta turismoari begirako eskaintza oso tokikoa dela uste du. Igoerari aurre egiteko zenbait zerbitzu jartzen dituzte martxan: Sorospena, TAOa... Aurtengo udari begira, «ezjakintasun» asko daudela dio Alberdik, eta aitortu du bisitarien beherakada batek herri osoko ekonomian izango lukeela eragina.

7. HONDARRIBIA

Hondarribiak 17.092 biztanlek ditu, eta uda igarotzeko helmuga da hainbat familiarentzat. Hori dela eta, udako hilabeteetan bikoiztu egiten du biztanle kopurua. Maria Serrano turismo zinegotziak azaldu duenez, «handia» da bertan bigarren etxebizitzak dituzten herritarren kopurua, eta batik bat Nafarroatik eta Madriletik joaten direla nabarmendu du. Horrekin batera, asteburuetan, Ipar Euskal Herritik ere jende asko joaten dela aipatu du. Bisitarien jatorria kontuan izanda, osasun krisiaren ondorioz aurtengo uda «berezia» izango dela aitortu du Serranok: «Ez dakigu Madrilgo jendea etorri ahalko den, ezta nola egongo den Frantziako muga; hori dela eta, aurten ez dugu etorrera masiborik aurreikusten». Hala ere, jarrera positiboa agertu du: «Agian beste leku batzuetara heltzeko aukera ere emango digu, tokiko bisitarien kopurua indartuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.