Bilboko ez-jaiak

Erakusleihoen atzeko proiektuak

Bilboko Aste Nagusiaren oinarria dira konpartsak. Bakoitzak txosna bat jarri ohi du, eta bertan lortutako diruarekin finantzatzen dituzte askok espazio, proiektu, edo dinamika herrikoiak. Jairik gabe, proiektu horietako asko kolokan egon daitezke. Aurrera jarraitzeko asmoa agertu dute konpartsetako kideek.

Marijaia. Hor dago Abanteko kideak jaietan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2020ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Bilboko Areatza kolorez, mezu aldarrikatzailez eta irudimenez josi ohi dute Bilboko konpartsek urtero. Ia zerua urratzeraino, mekanotuboz hornitutako egitura erraldoiak altxatzen dituzte. Auzolanean, konpartsakideak ahalegintzen dira eraikitako txosnetan urte osoko jarduna islatzen. Izan ere, txosnak dira Bilboko Aste Nagusiko gatza eta piperra. Txosna bakoitza erakusleiho erraldoi bat da, auzo, elkarte edota herri mugimenduko eragileen atzeko proiektuen isla. Denak ez bada, asko baitira proiektu baten babeserako jaiotako konpartsak. Horientzat Aste Nagusia da urte osoko lanaren agertoki, sostengu eta funtsa. Aurten, ordea, desagertu egin da erakusleihoa, eta zenbaiten zimenduak kolokan daude, edo egon daitezke. Halere, inflexio puntu bat ere izan da geldiunea, eta denak agertu dira berrasmatu eta aurrera segitzeko prest.

Hor dago Abante konpartsaren kasuan, adibidez, sorreratik jardun da euskal hedabideak babesten, eta jaietan lortutako irabaziak «euskara sustatzen duten komunikabideei» ematen dizkie; tartean, BERRIAri. Bestalde, Bilboko zubien lasterketa, bertso bazkariak eta egunkariaren aldeko jaialdiak antolatu izan dituzte. Idoia Lorenzo konpartsakideak ohartarazi duenez, «Bilboko Konpartsen lana ez da dirua ateratzea», baizik eta «jaiak sustatzea eta dinamika kulturalak aurrera eramatea». Aurten horrelakorik ezin izan dute antolatu, baina aurrera begira jarri da Lorenzo. «Hausnarketa egin beharko da; hau gogorra izango da konpartsa askorentzat. Urtebete egongo da jendea mugitu gabe, eta jendea erraz desmobilizatzen da; ondo pentsatu beharko dugu nola mobilizatu berriz bilbotarrak».

Beste zenbait kasutan, hiriko auzoen ordezkari dira konpartsak. Hori da, esaterako, Pa...Ya konpartsaren kasua. Otxarkoaga auzoko kideek osatzen dute, eta garbi dute eguneroko lana «auzoan eta auzoarentzat» egiten dutela. Jaietan biltzen duten dirua Otxarkoaga «dinamizatzeko» baliatzen dute. Bestalde, auzoko jaiak, inauteriak, euskararen aldeko dinamikak nahiz auzoko baserritarrekin elkarlanean antolaturiko Justu Egune dituzte urteroko ekintzak.

Iker Elorriaga konpartsakideak jakinarazi duenez, Aste Nagusirik ez egotea denentzako «problema bat» den arren, ez da gauzak antolatzeko muga izango: «Gure kasuan koltxoia badugu, eta urte batean Aste Nagusirik ez egoteagatik ez goaz pikutara; beti izan gara auzo txiki batetik etorritako konpartsa bat, nahiko baliabide gutxirekin». Auzoan ondo sustraituta dago Pa... Ya, eta aurrera egiteko prest dira partaideak.

Auzoetako konpartsez gain, badira herri mugimenduko bestelako adierazpideak ordezkatzen dituzten txosnak. Mekauen konpartsa internazionalista eta Altxaporrue dira horren adibide. Biek sustengatzen dute eguneroko jarduna batez ere Aste Nagusian eratorritako irabazietan, eta jardunaren zati bat lokal fisikoetan gorpuztu dute. Zirika herri gunea dute bilgune, biltegi eta eztabaida espazio Mekauen konpartsako kideek, eta Akerrenea eta Bira kulturgunea dira Altxaporrueren «apustuak».

Ahoan bilorik gabe mintzatu da Urko Losada Altxaporrueko kidea: «Alderdi ekonomikotik izugarrizko desastrea izango da guretzat, hortik elikatzen gara. Konpartsaren oinarria da herriari ateratzen dioguna gero herriari itzultzea. Guk dirua ateratzen dugu, baina gure helburua beti izaten da herriari itzultzea, eta horri eustean datza gure erronka». Jarduera kulturalak antolatu ohi dituzte Altxaporrueko kideek, beste zenbait egitasmo bultzatu edo babesteaz gain.

Mekauenek, berriz, herrien arteko elkartasuna du helburu; borroka internazionalista sustatzean datza bere jarduna. Horretarako lekua dute Bilboko Zazpikaleetan kokatutako Zirika herri gunea: «Zirika ez da bilerak egiteko gune hutsa; Zazpikaleetako gainerako kolektiboek erabiltzen duten espazio bat da, liburutegi herritar bat dugu bertan eta gure eguneroko jardun internazionalista ahalbidetzen duen gune fisikoa da. Ezinbestekoa da eremu hori mantendu eta zaintzea», hala azaldu du Vania Sanmartin Mekaueneko kideak. Babes kanpaina bat jarri dute martxan, herritarrei Zirika mantentzeko laguntza eskatuz. Topaketa internazionalistak ere antolatu ohi ditu Mekauenek, eta Komite Internazionalistak elkarteari ematen dio jaietan lortutako diruaren beste zati bat. «Irudimena martxan jarri beharko dugu proiektuari eutsi ahal izateko».

Kontraesanak bistara

Aurten, 40 urtetik gorako ibilbidea gelditu behar izan dute konpartsek, jairik ezin izan dute antolatu. Bada, oso jai jendetsuak izaten dira Bilbokoak, eta Losadak badaki konpartsak «masetatik» elikatzen direla; ondorioz, konpartsakideek uste dute jai eredua birplanteatzera behartuta daudela distantzia soziala eta ekitaldi jendetsuak erabat debekatuta dauden garaian. « Hau aukera bat izan daiteke nolabait 1978ko estrukturara itzultzeko, irudimen handia baino diru gutxirekin jaiak aurrera ateratzeko», hala azaldu du Losadak Altxaporrueko kideen ikuspuntua. Are, uste du egoerak alor ekonomikoa gainditzen duen hausnarketa sakonagoak ere ahalbidetzen dituela. «Agian eman dezake aukera alkoholetik aparte bizitzeko, agian eman dezake aukera alkohola saltzearen inguruko hausnarketa bat egiteko... Geldialdi honek agerian uzten ditu kontraesanak: alkohol salmentarekiko dependentzia, adibidez». Arazoei aurpegi ona jartzen ahalegintzen ari dira bilbotarrak, gabeziak aukera bihurtuz. Sanmartinek ere gogoetarako bidetzat du nahitaezko pausa. «Sortzen ditugun jaiak norentzat diren, nor uzten dugun kanpoan, norekin sortzen ditugun aliantzak eta nolakoak diren hausnartzeko bide ematen du pausa honek; eta beharbada beste zenbait gauza berreskuratzeko ere: adibidez, jaien politizazioa jaitsiz joan da azken urteetan; geldiune hau aukera bat izan daiteke hori berreskuratzeko». Ideia guztiak partekatzeko garaia da orain.

Galderak, zalantzak, ikuspuntuak eta zintzilik dauden gaiak asko diren arren, bat datoz konpartsa ezberdinetako kideak: modu batera edo bestera, baina etorkizunean Aste Nagusia egin egingo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.