Ubideak, animalientzako etsai

Hainbat animalia ubideetara erori eta atera ezinik gelditzen dira; Dulantzi ibaiko ubidean, esaterako. Herritarrek eta ekologistek kasuok salatu dituzte, eta gaia Arabako Fiskaltzara ere iritsi da. Gasteizko Udal Uren esku dago ubidea, eta azaldu dute «irtenbide egokiak» bilatzen dabiltzala.

Animaliak ubidera erortzen dira, hala nola orkatzak; ur asko egonez gero, zaila izaten dute beren kabuz ateratzea. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Ura garraiatzeko bideak izan ohi dira ubideak; ura hartu ohi dute, ibaietatik beste eremu batera eramateko, hainbat helbururekin. Hala ere, leku batzuetan, uste baino arazo gehiago sortzen dituzte. Dulantzi ibaiko (Araba) ubidera, esate baterako, inguruan dabiltzan zenbait animalia erortzen dira; kasuek oihartzuna izan dute azken urtean, herritarrek sare sozialetan zabaldutako irudiei eta hedabideei esker. Jausten diren animalietako batzuk beraien kasa irtetea lortzen dute, ur gutxi egonez gero, bederen; beste batzuk atera egin behar izaten dituzte, baina badira itota hiltzen direnak ere. Horrelakorik ez gertatzeko, herritarrak martxan dira, baita ekologistak ere: neurriak eta erantzukizunak eskatu dituzte. Arabako Fiskaltzak, berriz, ikerketa bat abiatu du gertatzen ari dena ikertzeko.

Ekologistak Martxan taldeko kidea da Andres Illana, eta ikerketaren berri eman du: «Arartekoak prentsa ohar bat bidali zigun, eta azaltzen zuen Espainiako Fiskaltza Nagusiko Ingurumen eta Hirigintza alorrean ureztatze putzuek faunan zer eragin duten ikertzen hasiko zirela; Bizkaia ikerketa eremu gisa agertzen zen, eta harritu egin gintuen». Haren arabera, «Espainiako autonomia erkidego batzuk» aipatzen ziren, hala nola baita Bizkaia ere, baina lurralde gisa. «Idatzi egin genion, EAEn ureztatze putzuak dituen probintziaren bat baldin badago, hori Araba delako». Beraz, ikerketa horretan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa sartzeko eskaria egin zioten fiskaltzari, baita ikerketa ureztatze kanaletara zabaltzekoa ere. Are, mezu berbera bidali zioten Arabako Fiskaltzari, baita erantzuna jaso ere: «Diligentziak ikertuko zituztela esan ziguten; horregatik abiatu dute ikerketa».

Ekologistek uste dute era horretako azpiegiturek eragin zuzena dutela ingurumenean, eta Illanak horietako batzuk zerrendatu ditu. Batetik, azaldu du ubideak eragina duela Dulantzi ibaian, udan batez ere. «Ez du izaten nahikoa isuri, eta ubideak, gainera, ura hartu egiten du hortik; Europako arautegiak jasotako puntuen arabera, ez dago egoera ekologiko onean». Bestetik, erantsi du habitatean ere eragina duela. «Badaude bidexka eta pasabide batzuk, baina eremu asko benetako hesi gaindiezinak bihurtzen dira faunarentzat». Bada, arrazoi horrengatik erabaki zuten fiskaltzarengana jotzea, hainbat direlako norbere bidean ubidera erortzen diren animaliak; oztopo bat, alegia. «Sarritan, jausi egiten dira, eta ezin atera gelditzen dira; horietako asko, hil egiten dira neguan, itota; udan, hipotermiarengatik edo estresarengatik hil daitezke, atera nahian dabiltzalako».

Kasuak iazko martxotik

Emandako datuen arabera, 2020ko martxoaren 29tik bi orkatz hil dira ubide horretan, itota, baita triku bat ere; horrez gainera, hamabi orkatz salbatu dituzte, baita erbi bat ere. Hala ere, horiek jakineko datuak dira, ubidearen alboko herritarrek uste baitute zenbatu ez diren ehunka kasu egon daitezkeela. Zehazki, haietako batzuk ubidera animaliaren bat erori den kontrolatzeaz arduratzen dira.

Esther Saenz de Argandoña da horietako bat. Argomaizen (Araba) bizi da, eta ubidearen alboan du etxea. «Paseatzera ateratzen garen aldiro begiratzen dugu hara. Mekanikoa da; animaliaren bat ikusiz gero, bizilagunei abisatzen diegu, eta era horretan kontrolatzen dugu animalia asko ez mugitzea». Suhiltzaileei deitzea izaten da hurrengo urratsa; bertaratzeko aukera izanez gero, haiek arduratzen dira animaliak ateratzeaz. Hala ezean, herritarrak aritzen dira. «Bi poltsa handirekin eta soka batzuekin uhaleria antzeko bat egin genuen, eta horrekin atera izan ditugu animaliak». Zehaztu du COVID-19aren ondorioz ezarritako konfinamenduan hasi zirela kasuak sarean zabaltzen, baina ez dela atzoko kontua: «Ubideak 40 urte inguru daramatza hemen; pentsa zenbat animalia eroriko ziren».

Saenz de Argandoñaren arabera, beraz, animaliek urteak daramatzate ubidera erortzen, eta uste du «agonia ikaragarria» jasaten dutela. «Urik ez dagoenean, marka zuri batzuk ikus daitezke ubidearen alboetan; ez da pintura, harramazkak baizik». Hori azaltzeko orkatzen adibidea aipatu du, eta erantsi du «nahi gabe» erortzen direla hiru metroko sakonera duen zulora, jauzika ibiltzen direlako. Handiak diren animalia batzuek beren kabuz irtetea lortzen dute, ur gutxirekin bidean aurrera eginda, baina, beste batzuek ez. Eta azken horien egoera gogoratu du Illanak. «Kanpo laguntzarekin ateratzen diren animaliak aske uzten dira, baina, korrika eta jauzika ikusi arren, posible da bizirik ez irautea; bizi izandakoaren estresarengatik hiltzen dira batzuetan».

Kasurik ez izateko neurriak

Horrelakorik gerta ez dadin, argi dute neurriak hartu behar direla. Kasu honetan, Illanak aipatu du Amvisarena dela ubidearen ardura. «Gasteizko udal urak dira, eta, beraz, ubidea ez da enpresa pribatu batena, publiko batena baizik; hura da arduradun nagusia, eta gertatzen ari denaren erantzukizuna eskatu behar zaio». Hala ere, uste du Arabako Foru Aldundiko Ingurumen sailak faunari buruzko eskumenak ere badituela, eta, URA agentziarena dela, berriz, uraren erantzukizuna. Erantsi du lantalde tekniko bat eratzeko konpromisoa ere hartu zutela hiru administrazioek, baina, oraingoz, ez dagoela berririk.

Amvisak, berriz, azaldu du ezin duela eman ubidearen egoerari buruzko informazio asko; soilik adierazi du Illanak aipaturiko hiru instituzioak inplikatuta daudela gai honetan. «Alde horiek guztiek urtebete daramagu lanean, animaliak ubidera ez erortzeko irtenbiderik egokienak bilatzen. Laster, proposamen sendo bat izango dugu, eta jakinaraziko dugu, baina, oraingoz, ezin dugu ezer aurreratu».

Behin-behineko neurri proposamenik ezean, ekologistek eta herritarrek aukera batzuk aurkeztu dituzte. «Orain hilabete batzuk ubidea itxiko zen txutxu-mutxua zabaldu zen, baina hori ez da irtenbide bat; ibaia ur gehiagorekin etorriko litzateke, eta landaguneak urez betetzeko arriskua legoke: horrek nekazariengan eragingo luke», esan du Saenz de Argandoñak. Haren ustez, aukera posibleetako bat da egurrezko maldak jartzea, animaliak errazago atera daitezen ubidetik; kate batzuk izango lituzkete, ibaiaren ur mailaren arabera igoko liratekeenak. Bazterrean hesi bat jartzea eta pasabide gehiago egitea da beste aukera bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.