Musika. Crisix 'Against the Odds'

Haizea alde dute

Diskoetxea: Listenable Records.

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2018ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Aldizkari berezituen azaletan ageri dira, eta kritika bikainak jaso ditu lan berriak. Bolada onari eutsi ziotenetik, ez dago Kataluniako Crisix taldea geldituko duenik. Thrash metalak gure inguruan izan duen azken biziberritzearen ondorio dira. Hamarkada beteta, Against the Odds laugarren diskoa argitaratu dute. Gurean ezagunak dira metal eta hardcore jarraitzaileen artean. Dena dela, erritmoa bizitu dute Europan eta harago oihartzuna izateko.

Zuzenekoen bidez irabazi dute merezitako ospea. Horrela hasten omen da bidea egitean, eta, gero, ezaugarri asko behar dira urteen joan-etorrian irauteko. Sekreturik ez dago horretarako, baina zortea bidelagun ona izan ohi da. Alemaniako Wacken Metal Battle lehiaketako finalera iritsi ziren 2009an, eta mundu osoko beste hainbat metal talde gainditu zituzten. Sari potoloa eskuratu zuten; lehen diskoa grabatu eta nazioartean argitaratzea. Baina zoria ez da beti ona izaten, eta alemaniarren aurrekontu arazoek lorpena ilundu zuten.

Erori orduko altxatu zen boskotea, eta ordutik haizea alde dute. The Menace (2011) estreinako lanak harrera ona izan zuen, eta agertokietan erakusten hasi ziren barnean zuten indarra. Gerora iritsi zen Rise... Then Rest aparta (2013) eta thrash metal bandaren benetako eztanda. Frantziako Listenable diskoetxearekin sinatu eta kontzertuetarako agentzia aproposarekin ate asko ireki dituzte, betiere umiltasunarekin. From Blue to Black diskoari (2016) esker estetika pertsonala eta taula gainekoa aldatu, eta esparru zabalago bati begira jarri ziren. Apustu haren erabateko fruitua baliteke laugarren lanarekin iristea.

Bederatzi zartako baino ez dira behar arreta pizteko. Berrogei minutu baino gutxiago. Bizi hasi, horrela jarraitu eta epikotasunean bukatu. Against the Odds diskoak lehen entzunaldian sinplea badirudi ere, belarriak aztoratzen ditu abestiak behin eta berriz entzun orduko. Bartzelonako taldea formula berean bueltaka dabilela pentsa daiteke. Hau da, thrash metal klasikotik hardcore, crossover zein eragin berrietara doan zirimolan. Entzunaldiekin, ordea, zalantzak ugaritu egiten dira. Errepikakorrak ala talentu handikoak?

Formulak ez du hutsik egiten. Hori da diskoa mamitzearen ondorioa. Get Out My Head abestiaren bideoklipak eta Xenomorph BloodAlien filma gogoan aurrerapenak eragindako hoztasuna berotu egin da azkenerako. Technophiliac kantutzarrari esker, besteak beste. Teknologiaren menpekotasunari soinu banda jarri diote. Perseverance eta The North Remembers pausatuago, pisutsu eta epikoek ere balio dute. Prince of SaiyansDragoi Bola marrazki bizidunen zaleei eskainitako omenaldi polita da, eta Cut the Shit, zuzenekoetarako erregai perfektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.