Belako. 'Hamen'

Ezerezetik handitasunera

2016ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Diskoetxea: Mushroom Pillow.

Aldi berean bi EPplazaratu zituzten Belako taldekoek 2015eko udaberri aldera, esperoa arintzeko edo, eta Bele beltzak baino ez eta AAAA!!!!-k helburua lortu bazuten ere, azkenaldian, eta disko berria bazetorrela jakinda, ezinegon handia ari zen sortzen zaleon artean. Aurrerapen kantuek ere eragin zuten jendartean kuriositatea eta sare sozialetan bolo-bolo ibiltzea.Urte berriarekin batera iritsi zaigu, bada, lan luzea, bi laburretako hainbat abestiz gain, beste batzuk ere biltzen dituena, eta esan beharra daukat, itzela da.

Gaztea-ko Maketa Lehiaketa irabazi eta Eurie lehen lan luzea argitaratzean, horrek izan zuen sona izugarria izan zen, eta zuzenekoekin nazioarteko errespetua eta miresmena ere irabazi dute dagoeneko. Hamen bigarren diskorako aiduru nengoen, lehenengoarekin pistoia altu utzi baitzuten, baina hala ere, ez dute hutsik egin, lan borobil bat argitaratu baitute, musika ezberdin anitzez, ahots-erregistro ezberdinez eta sintetizagailuaren presentzia gero eta nabarmenagoz betetako diskoan. Zuzenekoak jarraitu dituenak abesti bat baino gehiago ezagutuko ditu, bi EP-ak argitaratu zituztenetik horietan datozenak Crime eta Mum kasu eta beste berri batzuk ere jotzen baitituzte azken denboraldian. Eurie baino lasaiagoa iruditu zait orokorrean, hasierako oldarkortasun eta su hura apalduta bezala, baina garra oraindik ere mantentzen dutela, eta denetariko abestiak aurki ditzakegu, lasai-lasai entzutekoetatik hasi eta zoratzeraino dantzan jartzeko modukoetaraino, guztiak 80ko eta 90eko hamarkadetako post-punk eta new wave soinuz bustiak. Fire Alarm-ek pop ukitua ere baduten doinuekin ematen die hasiera lanari, lehen aipatu post-punkari paso emateko —Guk emanez kasu—. Off Your Shoes, Track Sei, Crime, Nomad edota Hegodun Baleak modukoetan gitarrek, bateriak eta oihu bat edo bestek badute protagonismoa, Mum, Key eta Monster-en kontrakoa gertatzen da, sintetizagailuak, beti presente egonik ere, melodiaren oinarri dira, abesti dantzagarriak sortuz. Aipatzekoa Aarean Bez kutsu elektronikoko abestia eta kontzertuetan jendea zoratzeraino dantzan jartzen duen harribitxia, nire ustez, bertsio digitalean agertzen bada ere, disko fisikoan ez datorrela, baita Nina Simone estatubatuarraren Sinnerman bertsioa, zuzenean publikoan aurrekoak bezalako efektua sortzen duena. Euskara eta ingelesa nahastu dituzte oraingoan ere, abesti bakarrean ere biak aurkitzeraino, eta gai sozialak jorratzen dituzte sarri, Crime edota Hegodun Baleak-en adibidez.

«Dan-dana geneukan aurretik, aurrean, ez egoan ezebez», diote Aarean Bez-en, euren buruari, taldeari, men egiten diote, duela ez urte askoko euren egoera islatuz, eta argi dago, ezer horretatik asko egitera heldu direla, handitasunera, zuzeneko ikusgarriak eta estudioko lan borobilak elkarrekin uztartuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.