Hilotz. 'Giza ankerkeria'

Jaiotze basatia

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2016ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Diskoetxea: Autoekoizpena.

Galdera hori egiten ez bada, elkarrizketari zerbait falta zaio. Euskal Herriko heavy metal taldeek gainditu beharreko proba da. Lasarte-Oriako Hilotz taldeari ere egokitu zaio erantzutea. Sasoi onean dago gure metal eszena? Baietz diote, eta arrazoia dute. Euskarazko musikagintza heavyari dagokionez, dena ez da Su Ta Gar aitzindarien riff eta baladetara mugatzen. Klasikotik gogorrera eta joera berrietara eginez, makina bat talde on ditugu: Elbereth, Ankhar, Gabezia, Helde, Sentimen Beltza, Kraussk... Egon badaude, ikusgarritasuna falta zaien arren.

Giza ankerkeria estreinako diskoa argitaratuta, Hilotz bandak iluntasuneko argia ikusi du. Hilabeteetako lanaren emaitza erakusteko beharra zuten. Lautik hiru kide izatera pasatu ziren. Mikel Yarza, Etxahun Urkizu eta Paulo Eizmendi gazteek denbora hartu zuten sormenerako. Grabazioan, ordea, denbora gainera etorri zitzaien, gorabeherak tarteko. Baina beste hiru musikari finen laguntza izan dute diskoa posible egiteko. Guztien artean, ezusteko interesgarria lortu dute. Hil ala bizi maketatik nabarmen hobera egin dute, zentzu askotan. Proposamena muturrerago eraman dute thrash oinarria death eta black metal gordinarekin uztartuta. Abestiak borobildu beharrean, aberastu egin dituzte musikalki eman duten pausoarekin.

Deigarriagoa da diskoan landu duten kontzeptu orokor eta kritikoa: gizakiaren dekadentzia. Liburuxka zabaldu orduko, itxaropena galdutzat ematen ez duen istorio ezkorra irakur daiteke. Ankerkeria trilogiarekin lotura zuzena du. Izakia, Eraldaketa eta Arbasoak kantuek kontakizuna ataletan banatzen dute. Barealdirik gabeko ekaitza minutu gutxira iristen da, lasaitasuna era makurrean hautsiz. Gipuzkoarrak arriskatu egin dira kontzeptua musikatzeko orduan. Erritmo aldaketekin, izandako eboluzioa eta hobekuntza islatzen saiatu dira. Horrela, puzzle moduko bat osatu dute, une batzuetan behartu samar geratu dena. Amildegian instrumentalean egokiago josi dituzte piezak. Barne eromena, Hilketa edo Iluntasunaren esklabu kantuak zuzenagoak dira, kontzertuetan jendearen buruak astintzeko aproposagoak.

Euskarazko muturreko metala hauspotzeko daude, eta aurkeztu duten lehen disko basatia ezin aproposagoa da horretarako. Gainera, taula gainean defendatzen hasi dira, hiruko moduan. Pablo Cabases gitarra jotzailearekin egonkortu dute taldea Mikelek eta Etxahunek. Orain, egurrean aritzea besterik ez dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.