Musika. Cycle 'Electrick'

Rockera inguratuz

Diskoetxea: Subterfuge Records.

2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Luke Donovan, David Kano, La China eta Juanjo Reigek osatutako Cycle talde madrildarrak arriskatu egiten du, eta harritu egin gaitu, azkeneko lan guztietan elektronika era natural eta iraunkor batean presente izan ondoren, inflexio puntu bat eginez, eraberrituta eta ausardiaz rockarekiko apustua egin baitu. Puri-purian ageri da, amorrua erakutsiz, lotsagabe eta zuzen, postureorik gabe, rock, punk, new wave... estiloak jorratuz eta era berean Cycleren nortasuna mantenduz, orain arte taberna edota festibaletan entzun dugun marka berarekin. Ekoizpenean ere aldaketak izan dira, Electrick honetan bateria, gitarra eta baxua sartu baitituzte aspaldian erabilitako makinen ordez, nahiz eta horiek doinu elektronikoekin atondu. Horregatik diot, rock disko bat izanda ere, soinu eta akordeak Cyclerenak direla.

Energiaz beteriko hamabi abestiz osatuta dator diskoa, taula gainean grina eta gogoa erakustera eramango dituen horietakoz. Nahi zutena lortu dute, analogia berreskuratuz. Diskoan izan duten bezala, agertokian ere bigarren gitarrista bat izango dute (David Tabu), diskoan grabatutakoa ahalik eta hobekien errepresentatzeko. Horregatik, batek baino gehiagok uste dugu Electrick izena ezin hobeto datorkiola diskoari, gupidarik gabeko abestiak bat bestearen atzetik entzun baititzakegu bertan, ideia ilun batetik abiatuz emaitza moduan rock freskoko lan bat lortu arte. Riff-ek 70-80eko hamarkadetako punk-rocka ekartzen dute gogora, eta gitarren soinuak, sintetizadoreak. Talde izaera erakutsiz, David Kano, Luke Donovan, Juanjo Reig eta La China-ren marka daukate abesti guztiek, euren presentzia disko osoan ageri baita: konposizioetan, oinarri elektronikoetan, gitarretan —inoiz baino protagonismo gehiagorekin— eta baita ahotsetan ere. Horrela, Cycle jatorri-deitura bermatuz, ohikoa duten bezala, abesti atenporalak sortu dituzte. Hala ere, hainbat musikari esanguratsu izan dituzte lan honetan bidelagun, kolaborazio ugari eta garrantzitsuak egin baitituzte Los Planetas taldeko Florentek eta Leon Benaventeko Guille Mostaza eta Luis Rodriguezek.

Three Littles Piggies, Wicked eta 100 Vidas singleek beste bederatzi abestien ildoa erakusten dute. Elektronikatik rockerako pausoa ematea erraietatik naturalki atera zaie, eta era berean, bi estilo ezberdin horiek ezin hobeto uztartzeko duten ahalmena agertu dute. Beraiek azaldu bezala, garapen logiko bat izan da, orain arte egin duten bezala, disko bakoitza bizi duten momentuaren isla delako. Ez dira edozerekin konformatzen, eta gustuko dutena egiten dute, euren buruak asetzeko, baina zale ugarirengana heltzen dira lan batetik bestera estilo ezberdinak jorratu arren, Cycle izaten jarraitzen dutelako. Betiko zaleak mantentzeaz gain, oraingo honetan rockaren ingurukoak ere bereganatuko dituztelakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.