MAKURTUTA GURUTZATU ZUEN ATEA

Aurrez ere ezaguna zen Julio Cortazar idazlearen arbasoen euskal jatorria, baina ez zegoen Euskal Herrira egindako bidaien berririk. Zarauzko Garoa liburu dendako saltzaileek 1975ean haren bisita jaso zutela diote.

Julio Cortazar idazlea, betaurreko deigarri batzuk jantzita. BERRIA.
Inigo Astiz
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Zalantza izpirik gabe eman du data Imanol Agirre Zarauzko (Gipuzkoa) Garoa liburu dendaren jabeak: «1975. urtean izan zen». Berak ez zuen zuzenean ikusi, garai hartan kanpoan zebilelako, baina Flor Illarramendi emazteak kontatuta daki nola sartu zen egun batez Julio Cortazar idazlea beren dendara, eta ziur daki egun hori 1975eko egun bat izan zela. Cortazar bazen nor ordurako, eta ezin oharkabean pasatu. 1951. urtean argitaratu zuen bere lehen ipuin bilduma, Bestiario, baina Rayuela eleberriak eraman zuen 1963an haren izena nazioarteko lehen lerroraino, eta, beraz, 1975a heltzerako, aski ezaguna zen haren aurpegia edozein literatur zalerentzat. Eta zer esanik ez liburu saltzaileentzat. Parisen bizi zen orduan idazlea, eta, dendan izandako solasaldi laburrean zehaztutakoaren arabera, pasaeran baino ez zebilen Euskal Herrian, beste norabaitera bidean. Agirre: «Denbora zuen, eta liburu denda zabalik ikusita, sartu egin zen». Bisita labur bat. Ez besterik. Baina detailea gogoan dute etxean: gizona zen altuarekin, nola makurtu behar izan zuen dendako ate zaharretik sartzeko.

Orain arte korapilo ahul batek bakarrik lotu du Cortazar Euskal Herriarekin. Ikertzaileek zehatz-mehatz kokatua dute noiz eta nondik jo zuen Ameriketara idazlearen azken euskal arbasoak, baina aztarna gutxi geratzen da, ordea, idazleak Euskal Herrira egin zuen bisita hartaz. Oraingoz. Garoa liburu dendakoen anekdota baino ez. Nola sartu zen dendara, nola atera zen, eta listo. Eta baliteke askoz gehiago ere ez egotea, baldin eta bisita hartan idazleak liburuzainei esan bezala, Zarautzen geldialdi labur bat besterik egin ez bazuen.

Heldu, makurtu, eta joan.

Eta idazlearen joera ludikoa ezaguturik, irudi luke, nahita utzi zuela atzean hari mutur bakar hori, haren atzetik joan nahi duen orori jolaserako aukera erdi zabalik utzita.

«Harrituta geratu nintzen». Sakon ezagutzen du idazle argentinarraren obra Nerea Arruti literatura aditu zarauztarrak: haren lana ikertu zuen doktoretza lanerako, eta ezagun ditu haren korrespondentzia eta datu biografikoak ere, baina Garoakoek bisitari buruz abuztuan idatzitako txioa irakurri zuenean izan zuen pasadizoaren berri. Ez du bestelako daturik Arrutik ere, baina ez du ezinezkotzat jotzen. Donostiako Zinemaldira joan ote zen izan du lehen intuizioa, edo Jazzaldira joango zela pentsatu du gero, ezaguna baita idazlearen jazz zaletasuna. «Logikoagoa da jazzaldia izatea», onartu du Arrutik; «gainera, 75ekoa edizio mundiala izan zen, Oscar Peterson eta Dizzy Gillespie tartean, biak oso garrantzitsuak Rayuela-n».

Jazz doinuen atzetik

Beti entzuten da jazza Cortazarren letren atzean, baina bereziki zortzi kapitulutan hartzen du pisu berezia Rayuela-n. Club de la Serpiente izeneko jazz club bati buruzkoak biltzen ditu nobelak hamargarrenetik hasi eta hemezortzigarrenera artekoetan, eta lehen planora dator musika une horretan. Eta, Pilar Peyrats Lasuen ikertzailearen hitzetan, musika ez da dekorazio hutsa. «Lagunartean sortutako klub horretan, jazza beste pertsonaia bat gehiago da [eleberrian], protagonistengan eragin zuzena daukana, kontzientzia jario, bitartekari eta katalizatzaile lanak egiten dituena».

Ikerlariak horregatik osatu zuen disko-liburua 2014an, Rayuela eleberrian Cortazarrek aipatzen dituen 21 jazz eta blues abestiekin. Eta hor dator Arrutiren intuizioa piztu duen kointzidentzia: Dizzy Gillespie tronpeta jotzailea eta Oscar Peterson piano jotzailea; biak entzuten dira eleberrian, eta biak entzun ziren 1975eko Donostiako Jazzaldian.

Uztailaren 19tik 24ra izan ziren urte hartako kontzertuak. Baina Donostiako eta Zarauzko garaiko hotel nagusien erregistroetan, behintzat, ez da egonaldi haren aztarnarik geratu, ez Cortazarren izenean, ez eta sasoi hartan bikote zuen Carol Dunlop idazle, itzultzaile eta argazkilariarenean ere. Ez dute horren daturik Donostiako Maria Cristina hotelean, esaterako, erregistro zaharrak galduta dituzte Londres hotelekoek, eta garai hartan zabalik zen Zarauzko Alameda hotelean ere ez da idazlearen arrastorik geratzen. Litekeena da, noski, aterpea beste nonbait hartu izana, edota, bestelako misteriorik gabe, datu horiek guztiak jauzi informatikoan desagertu izana.

Bizkarrez ikusi behar, beraz, haren figura, atetik ateratzen, ez dago oso argi nondik etorrita, eta ezin jakin norantz. Baina bat doa bilaketa jolas hori idazlearen izaerarekin. Hain zuzen ere, El Perseguidor (Persegitzailea) da Cortazarren ipuin ezagunenetariko baten izena. Melodiaren atzetik doan musikari baten kontakizuna. Beti esku artean igartzen duen doinu horri heltzeko puntuan, eta beti hatz artetik nola ihes egiten dion sentitzen.

Eako marinelaren iloba

Ziurragoa da idazlearen euskal jatorriari buruzko aipamena. Adituek Ean (Bizkaia) kokatu dituzte haren euskal sustraiak. Buenos Airesko Pedro Lopepe Iriart abokatua eta Jon Kortazar literatura irakasle eta ikerlaria aritu ziren idazlearen euskal senideen bila, eta Bizkaiko kostaldera eraman zituen bilaketak. 1840an, handik abiatu zen Ameriketara Pedro Valentin Cortazar Mendiola, urteekin idazlearen aitona izango zena. Itsasgizon hasi zuen ibilbidea, baina Salta eskualdean egonkortu, eta bankari lanetan eman zuen helduaroa. Han ezkondu zen Carmen Arias Tejadarekin, han eduki zuten Julio Jose Cortazar semea, eta han hil zen 1912an. Hura hil eta bi urtera sortuko zen haren iloba Bruselan.

«Eako marinelaren iloba». Ezizen hori jarri zion Cortazarri, adibidez, Xavier Bovedak Idatz&Mintz aldizkariaren 55. zenbakian. Eta ez da idazlearen euskal jatorria nabarmendu duen euskal kulturgile bakarra.

Argentinarrak 1977an TVE telebistari eskainitako elkarrizketaren pasarte bat eraman zuten lehen orrira, esaterako, Jon Alonsok itzulitako Antologia apetatsua liburuan: «Inmigrazioaren eraginez sortutako koktel horietako bat naiz; aitaren aldetik, Cortazar abizen euskalduna da. Euskal Herrian izen hori bera daukan herrixka bat dagoela esan didate, nahiz eta ez naizen sekula bertan izan. Aitona, Ameriketara joan zen euskaldun horietako bat zen, eta Saltan, Iparraldeko probintzia batean, nekazaritzan aritu izan zen, eta agian, abeltzaintzan apur bat ere bai...».

Horraino heltzen da Cortazarren pasartea Alonsok itzulitako ipuin antologian. Eta balio du detaileak idazlearen arbasoek Euskal Herrian pizten duten jakin-mina erakusteko, baina merezi du justu-justu hiru puntu horien ostean zer gehiago datorren aipatzea ere. Jarraitzen duelako Cortazarren azalpenak elkarrizketan: «...Ez dakit ongi. Inoiz ez dit interesik piztu familia zuhaitzak».

Ez da ezaxola hutsa, ordea. Idazlearen biografoek aipatzen dutenez, marka sakona utzi zuen familian, Cortazar eta arreba oraindik ume zirela, aitak etxetik alde egiteko hartu zuen erabakiak, eta, hain justu, aitaren aldetik zetorkion euskal jatorria.

Literaturan ere ez da joan-etorriko bidaia handirik egon. Kasurako, behin baino gehiagotan ageri da Cortazar euskal letretan pertsonaia modura, baina apenas dagoen euskaldunei buruzko aipamenik argentinarraren testuetan. Harkaitz Canoren Argentinar lotsatia ipuina da Cortazarren agerpen argienetako bat. Hain zuzen ere, idazlea da kontakizunaren tituluan aipatzen den argentinar lotsati hori, eta mamu baten pare paseatzen da haren figura kontakizun osoan zehar, ipuineko protagonistak behin eta berriz aipatzen diolako semeari idazle ezaguna lagun izan zuela. Nekez topa daiteke kontrako norabideko kasurik, ordea. Izen xume bat baino ez da ageri apal oso-oso bat betetzeko bezainbeste espazio behar duten Cortazarren literatur lanetan. Bigarren mailako pertsonaia bat soilik, ehunka orriren artean galduta: Torito ipuineko Julio Mocoroa boxeolaria. Ikerlarien arabera, euskal jatorrikoa zen borrokalari hura, eta zeharkako aipamen bat baino ez zaio egiten kontakizunean. Eta kito.

Eta berriz ere ihesi Cortazar.

Ametsezko hirira bisita

Bada kointzidentzia gehiago ere. 1975. urtean egin zuen Bartzelonara ere bere lehen bisita Cortazarrek. Edo, behintzat, hala kontatzen du pasadizoa Cristina Peri Rossi idazle uruguaitarrak Julio Cortazar y Cris memoria liburuan, eta, kontatzen duenez, kasu honetan, amets bati segika heldu zen Cortazar Kataluniara. Idazlea Bruselan jaio bazen ere, denbora gutxira bi urte eman zituen familiak Kataluniako hiriburuan, eta hiri hartan susmatzen zuen umetatik behin eta berriz errepikatzen zitzaion eraikin koloretsu eta kupula fantastikodun hiri bati buruzko ametsaren jatorria. Antoni Gaudi arkitektoaren obrak ikusi zituen aldizkari batean Parisen, eta intuizio hari jarraika heldu zen Bartzelonara. Hura izan zitekeen ametseko hiria. Guell parkera eramateko eskatu zion idazleak lagunari, baina bisitak erdiz soilik ase zuela kontatzen du Peri Rossik: «Juliok amets errepikakor hartako irudi batzuk errekonozitu uste zituen, baina konbentzituta zegoen sekula ez zuela hiri hura osorik topatuko, eta motibo ona zen hori bilaketarekin jarraitzeko».

Bartzelonarako bisita hartan pasatu zen Zarauztik? Ez dago Euskal Herriari buruzko aipamenik Pieri Rossiren liburuan. Ezhor, eta ez beste inon ere.

Bost liburukotetan eman zituen argitara Cortazarren eskutitzak Alfaguara argitaletxeak 2012an. Eskutitz pertsonalak dira gehienak, eguneroko baten modura ere irakur daitezkeenak, 1934. urtean hasi, eta 1984ra arteko kontu gehienekin, eta, guztira, 1975ean idatzitako 58 eskutitz biltzen ditu bildumak, baina inon ez da ageri Euskal Herriari buruzko aipamenik. Ez Zinemaldirik, ez Jazzaldirik, ez Zarauzko liburu dendarik, ez ezer. Eta ez da bidaiarik egiten ez zuelako, ez eta lagunei bidaiei buruzko oharrik egiten ez zielako ere.

Willy Fogen pare

Izan ere, bereziki bizia da argentinarraren jarduera politikoa sasoi hartan. Txileko diktadura salatzen izan zen Belgikan, eta berdin Venezian ere. Bidaiaz bidaia eman zuen urtea, eta, horren ondorioz, mapamundi baten pare zabaltzen da haren korrespondentzia mahai gainean: Bartzelona, Paris, Erroma, Mexiko, Brasil, New York, Madril, Alemaniako Errepublika Demokratikoa, Polonia, Turkia, eta, batez ere, Saignon herrixkako bere etxaldea. Broma ere egiten die lagunei eskutitzetan: «Nire aldean, Willy Fog ez da inor!». Baina, beste batzuetan, igar daiteke halako kexu doinu bat ere bere hitzetan, literatura maiz nahi lukeena baino bazterrerago utzi behar izateagatik. «300 liburu inguru ditut etxean pilatuta, irakurtzeko zain; eta ia denak interesatzen zaizkit».

Eta inongo idatzizko aipamenik utzi gabe, beraz, hala galtzen da, igorlerik, helbiderik eta mezurik gabeko eskutitz baten pare, Zarauzko Garoa liburu dendako atea gurutzatzeko makurtu behar izan zuen Cortazarren bisita. Eta, halere, atzean atea erdi irekita uzten du, oraindik ere idazlearen itzalari jarraitzeko gogoz dagoen edonorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.