'Adiskide paregabea'

Ferrante literatura izena da

Alex Gurrutxaga Muxika.
2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Egilea: Elena Ferrante. Itzultzailea: Fernando Rey. Argitaletxea: Igela.

Idazleen ikusgarritasuna hain handia den garaiotan, berezia da bere identitatea ezkutatzen duen idazle bat. Orain hogei urte hasi bazen ere argitaratzen, ez dakigu nor den Elena Ferrante —berau goitizena du ziurrenik—. Edonola ere, horrek ez du eragotzi bere obra zabaldu izana: hainbat hizkuntzatara itzuli dute, harrera oso ona eduki du, eta Italian urteko literatur fenomenoa da Roberto Savianok Strega sarietarako izendatu ondotik. 2011 eta 2014 artean tetralogia bat argitaratu zuen, eta Adiskide paregabea da, hain zuzen, obra luze horren lehen atala. Euskaraz irakur dezakegu orain, Fernando Reyren itzulpenean.

Bi haur dira nobelako protagonista nagusiak. Lila —zapatariaren alaba— eta Lenu, Napoliko auzo batean sortuak, 1944an. Nobela gaur egunean abiatzen da: Lila desagertu egin da, eta Lenu, hori jakitean, euren bizitzen nondik norakoak kontatzen hasten da —analepsi luzea da, beraz, kontakizuna—. Hiru atal ditu nobelak: lehena, oso laburra, orainaldian, Lilaren desagerpenaren berri emanez; gainerakoa iragan garaiei buruzko oroitzapenek osatzen dute. Bigarren atala haurtzaroaz mintzo da, eta hirugarrena, Zapaten historia, nerabezaroaz.

Pertsonaien karakterizazioa da azpimarratu beharreko alderdi bat —ia nobela psikologikoaren ildoan—. Bi haurrak heltzen ari dira, eta euren mundua eta euren barrua nola aldatzen diren ikusten dugu: lagunarteko tirabirak, eskola, aurreneko sexu harremanak, eta abar. Lila, hasierako Goetheren aipuak iradokitzen duen bezala, pikaroa da, Lenu kitzikatzen duena. Harreman estu orok bezala, ertz asko ditu bi haurren artekoak —maitasuna, jelosia, gozotasuna, tentsioa—, eta horiek guztiak islatzen ditu Ferrantek.

Baina iniziazio nobela baino gehiago da Adiskide paregabea. Izan ere, pertsonaien karakterizazioarekin batera, Napoliko jendartearen erretratua da nabarmentzen dena —ez alferrik, espazio nagusiak irekiak, publikoak dira—. Inoiz gehiegi kontatu gabe, pixkana-pixkana, argazki konplexua osatzen du egileak: politika, historia, botere harremanak eta erlijioa azaleratzen dira pertsonaien bitartez. Eta, oroz gain, gaizkia ikusten du Lenuk bere inguruan, ezin beltzagoa den gaizkia: indarkeria, bortxa eta matxismoa dira nagusi, justizia kolpeka egiten da, eta nahikoa dira zapata berri eder batzuk inguruko paisaiaren hondamen eta miseria nabarmentzeko.

Kontateknika oso orekatua da, nahiko klasikoa: ordena kronologikoa, tenpo konstantea, eta bi protagonistei jarraitzen dien fokalizazioa. Kapituluak laburrak eta oso bisualak dira. Batez ere egilearen kontatzeko ahala ikusten da. Narratzailea, Lenu, lekukoa da, eta horrela, pertsonaiaren barne mundua bistan jartzen zaigu. Aldi berean, idazleak sotilki nahasten ditu Lenuk bere begiz ikusi duena eta Lilak kontatu diona; horrela, kanpoko mundua ere modu konplexuan birsortua dago.

Azken finean, fikzioak, errealista izan zein fantastikoa, munduak sortzeko ahala dauka, eta horixe egiten du Elena Ferranteren literaturak: mundu aberats eta sinesgarria, ñabarduraz eta kolorez betea loratzen da Adiskide paregabea-n, liburua itxi ondoren ere irauten duena. Gainera, nobelaren amaierak, ona ez ezik irekia izanda, hurrengo atalen gogoz uzten du irakurlea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.