Musika. Askoren artean '¡DESAFINADO! Spanish Bossa Nova (1963-1975)'

Brasilgo ondarea desafinatzen

Diskoetxea: Adarce Records.

2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Iragan asteko Record Store Day ospakizunaren harira, alegia, disko denda fisikoen nazioarteko eguna dela eta, Bartzelonako BCore diskoetxearen azpizigilu Adarce Records-ek bilduma kuriosoa bezain gozagarria argitaratu du. Izan ere, Adarceren bidez, BCorek Bartzelonako Belter eta Discophon diskoetxeen kutxetan arakatutako altxorrak erreskatatzen ditu: hots, 1960ko eta 1970eko hamarkadako Espainiako pop harribitxiak.

Kasu honetan, eta diskoaren izenburuak argi adierazten duenez, grabazioak bossa nova kutsuko ye-ye kantarien esperimentu exotikoak biltzen ditu, edo, bestela adierazita, Brasilgo giroetan bustitako gozoki komertzialak. Izan ere, Marisolen Marisol rumbo a Río filma ezagunak irekitako bideari jarraiki, Augusto Algueroren musikarekin, makina bat konpositore hasi ziren Brasilgo sonoritateak artista espainiarren singleetan sartzen, asko eta asko bossa artista klasikoen originalak baliatuta.

Bada, olatu karioka horretan murgildu ziren hamalau artistaren kantuak biltzen ditu ¡DESAFINADO! bildumak. Emakumeen ahotsekin hasten da diskoa: Paula Ribas abeslari portugaldarraren Mi habitación orkestra-konponketetan bildutako doinu gozoa da, eta Salomeren Soy muy poca cosa aurrekoaren antzeko ezaugarriak erakusten ditu, biziagoa izanagatik ere. Garaiko jarrera eta pentsaeren ondorioz, abesti askotako hitzak Emakundek epaitegira eramango lituzke egun; Seison Show taldearen La muchacha del week-end harritzekoa da.

Rocker kutsuko musikarien ahaleginak ere biltzen ditu diskoak; esaterako, Bruno Lomas valentziarrak Chico chica boom filmean txertatutako Nuestro momento doinua, zeina jazz giroekin hasten den erritmo brasildarretara jauzi egiteko.

Taldeen partaidetzaren harira, Mallorcako Los Millonariosek Jorge Benek idatzi eta Sergio Mendesek ezagun egin zuen Más que nada kantuaren bertsioa egiten du, baxu lodiekin josia eta organo psikodelikoarekin jantzia. Moldaketa bikaina da. Nueva Generacion talde argentinarrak, halaber, gauza bera egiten du Ben eta Mendesen Tim dom dom doinuarekin, easy listening kutsuko abestitxoa jasotzeko.

Vinicius de Moraesen hitzekin eta Antonio Carlos Jobimen musikarekin ondutako Agua de beber kantu ospetsuaren moldaketa da diskoak gordetzen duen harribitxi sofistikatuena, jazz konponketekin aberastua baitator Los Aguacatesen eskutik. Antonio Prietok egiten duen Jorge Benen Chove Chuva doinuaren bertsioa ere azpimarragarria da. Gitarra koloretsuekin zabaltzen da, gero Raphaelen estiloko ahoskerak gehitzeko, emakumeen koru inozoen laguntzaz. Kantuaren erdian pianoa agertzen da jazz akorde apartak haizatzeko.

Hala, diskoa entzuten ari zaren bitartean, Benidormgohotel vintage bateko igerilekuan zaudela ematen du, koktel batekin, bikini koloretsuak eta bainujantzi haragikoiak ingurutik igarotzen zaizkizun bitartean. Exotikoa bezain zaharrunoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.