Musika. Ewan MacColl 'An Introduction to Ewan MacColl'

Erroetarako bidaia

Diskoetxea: Topic.

Andoni Tolosa.
2018ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Badira nahitaez superlatibo mordo batekin hasi beharreko disko iruzkinak. Aski da lan hau irekitzen duen 1952ko Dirt Old Town kantuaren bertsioa entzutea, XX. mendeko herri-musikaren bilakaera irauli eta definitu zuen izenetako batez ari garela ohartzeko. Alan Lomaxek bezala, Woody Guthriek bezala, Jose Afonsok bezala, Ewan MacCollek ondoren beste hamaikak jarraitu zituzten bideak zabaltzeko ausardia eduki zuelako. Tradizioaren eta etorkizunaren ikuspegi eskuzabalago bat uztartu zituelako (marxista porrokatua zen). Galtzeko zorian zegoen kantutegia jaso, zaindu, eta etorkizuna ziurtatu ziolako, belaunaldi gazteagoen esku utziz. Nahita edo nahi gabe.

Entzun Peggy Seegerrekin (Pete Seegerren alabarekin, urte askotako bikote artistikoarekin) batera kantatzen duen Jimmy Wilsonen balada, eta bai, erreparoa ematen du, nolanahi ere, horrelakoak iruzkintzeak. Egia da musikari, ikerlari, militante eta antzerkigile ingelesaren gaineko hamaikagarren bilduma dela, eta, ziurrenik, haren lanaren zabalak horrelako beste dozena baterako bidea irekitzen duela, baina hauxe, Topic diskoetxe estimatuaren —munduko lehen zigilu independentearen— ondare itzeletik ateratako azken bilduma da. Zigiluak 75 urte bete berri dituela ospatuz kaleratu duen bilduma ezinbestekoa. Ewan MacColl ezagutzen ez bazenuen, hura ezagutu eta estimatzen hasteko aitzakia ezin hobea.

Dena dela, ez uste etnomusikologia egingo duzunik disko honekin, are gehiago, izugarria da 50 urtetik gora duten kantu hauek eta haien interpretazio gordinek transmititzen duten indarra. Ez dira naftalinaz betetako hemezortzi museo-pieza, Wae's Me for Prince Charlie edo The Manchester Angel kantuetan bizirik dirau-eta hain entzungarri, hain estimagarri egiten dituen indar original horrek. Ez dakit, eskoletan entzun beharreko kantuak beharko lukete hauek. Baina, entzun ez genituenez, hona hemen bilduma eder honek eskaintzen digun bigarren aukera.

Aurretik burua zuritu, eta azaldu dizuet superlatibo asko erabiliko nituela disko hau iruzkintzeko, eta halaxe izan da. Ene hitza bete, eta adjektibo zerrenda astindu dut, Sheepcrook and Black Dog kantuaren a capella-ko bertsioa entzuten dudan bitartean. Beraz, oilo ipurdia larruan, Farewell to Sicily-rako bidean jarrita, ez dut aukerarik galdu nahi, musikaz gainezka gabiltzan garaiotan, harribitxi ezinbesteko hauek dastatzeko gonbidapena egin gabe. Ez bazenuen ezagutzen, ezusteko ederra hartuko duzulako; ezagutzen bazenuen, gozatu ederra izango delako bilduma honen saria. Herri musikaren historia biziaren atal bat baino gehiago delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.