Musika. At The Gates 'To Drink From The Night Itself'

Artearen esentzia

Diskoetxea: Century Media

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2018ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Death metalaren intelektuala da Tomas Lindberg. Ahotsa urratzearekin batera, sakon hausnarturikoa kontatu nahi du. At The Gates taldeko abeslariak aurrera darama Suediako musikagintzak eman duen metal erreferenterik interesgarriena. Musika bortitza ere artea da. Itzaletik argira, munduaren norabide paraleloan, bateragarriak dira doinu gordinak eta letra esanguratsuak. Kontzeptuala da To Drink From the Night Itself seigarren diskoa, eta artearen esentzia gordetzen du bere barrenean.

«Gure artea oso garrantzitsua da guretzat. Goizero esnatzeko arrazoia da, eta, beraz, gauetik edaten dugu. Gaua da artearen egiazko esentzia», dio Lindberg jaunak. Erresistentziaren eta iraultzaren inguruan hausnartu du Peter Weiss idazle alemaniarraren eleberririk mardulena irentsi ostean. Horrelako saiakera batek merezi duen erantzuna ezin da musikara mugatu. Arteari arreta osoa eskaintzeko letrak irakurri behar dira. Ezinbestekoa da sakontzeko, eta, noski, muturreko metal talde batekin ere lor daiteke.

1990eko hamarkadan sortu ziren At The Gates taldea eta Goteborg soinua. Aitzindariak izan ziren death metalari izaera melodikoa ematen. Izan ere, melodia gordinak sortzea posible da. Lau disko esanguratsu atera zituzten doinu eta letra aldetik. 1995ean argitaratu zuten Slaughter of the Soul laugarren diskoa da ospetsuena, eta gerora sortu ziren beste banda askoren erreferentzia nabaria. Ordea, urtebete geroago bereizi ziren. Hamarkada bateko su-etena 2007an hautsi zuten, behar bezala agur esateko, mundu mailako kontzertu bira batekin. Geroarte batean geratu zen itzulera hura.

Bigarren aro iraunkorra 2010az geroztik bizi izan du bandak. Gerra emateko gogotsu zeudela iragarri zuten orduan, eta horren eredu da 2014an atera zuten At War with Reality diskoa. Death metalaren sustrai zaharretatik berritzen jarraitzeko nahia erakusten du. Iluntasunetik artearen esentzia transmititzeko beharra. Horrela iritsi dira To Drink From the Night Itself lan berrira. Bidean galdu dute Anders Bjorler gitarra solista, iazko martxoan taldea uztea erabaki ondoren. Bere bikiak, Jonas Bjorler baxu jotzaileak, ardurak bikoiztu behar izan ditu. Lindbergekin batera diskoko abestiak konposatu ditu, eta bien arteko elkarlanaren emaitza paregabea da.

Gauetik edaten dutena zinez iluna da, eta topatu dituzten ertz lehor eta makurrak hainbat dira. A Stare Bound in Stone, The Chasm eta In Death They Shall Burn abestiak entzutea besterik ez dago. Amorru berarekin baino malenkoniarekin eta etsipenarekin ageri dira beste batzuk: The Colours Of The Beast eta The Mirror Black. Ildo berekoa da Daggers Of Black Haze harribitxia, death suediarraren egiazko melodia sortarekin. Arnasari eutsi eta sakontzeko esentzia bilduma da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.