Musika. Courtney Barnett 'Tell Me How You Really Feel'

Barnera begira

Diskoetxea: Rough Trade/Popstock!

2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Rock doinu alternatiboetan bere lekua egin duen musikaria da Courtney Barnett australiarra. Sometimes I Sit and Think, and Sometimes I Just Sit debut lanarekin, 2015. urtean, poliki-poliki rock eszenan bere lekua hartzen joan, eta, konturatu orduko, ahotsik sonatuenetako bat zen berea, mundu osoan kontzertu jendetsuak eskainiz, publikoaren eta kritikaren errespetu osoa irabaziz eta hainbat sari eskuratuz. Ezer berririk asmatu gabe, bete-betean asmatu izan du abestiak konposatzeko orduan, eta gaitasun berezia dauka ingurukoarekiko duen ikuspegia modu ironiko eta poetikoan azaltzeko; oraingo honetan ere, ez da gutxiagorako izan.

Tell Me How You Really Feel bigarren lan luzea argitaratu du udaberri honetan, eta aurrekoa baino lan pertsonal eta intimoagoa dela esan daiteke, bere burua kanpotik epaitzen duena. Horrela, giro mingotsa eta gordina pop doinuekin, melodia harmoniatsuekin eta informalekin nahasten da. Barnera begirako lana izanik, askotan nabari da iluntasuna eta ezkortasuna, hasierako Hopefulessness-en bezala, baina baita goxotasuna eta alaitasuna ere, diskoa ixten duen Fade Out abestian, kasurako. Batzuetan garage doinuak alde batera utzi dituela dirudi, abesti pausatuagoei paso emanez, nahiz eta bere-berea duen esperimentazioak baduen lekua bertan, City Looks Pretty abestian ageri bezala. Charity diskoko abestirik itsaskorrenak, riff lehor bezain freskoz osatua, Courtney zer-nolako musikari eta abeslaria den garbi uzten digu bere ahotsaren kontrasteekin jolastuz.

Lan honen sortze prozesua zaila izan dela esan du australiarrak, aurrekoaren arrakastarekin zur eta lur gelditu baitzen. Publikoaren eta kritikaren artean sortutako ikusminak eragina izan du beregan, benetan zentzua izan eta beretzat garrantzia izango zuen diskoa egin nahi izan duelako. Baina Kurt Vilerekin batera argitaratutako diskoarekin eta bien artean sortutako harreman sendoarekin, bere buruarenganako konfiantza berreskuratu duela ez dago dudarik. Lehen aipatu bezala, aurrekoa baino lan intimoagoa baita honako hau, hitzei dagokionean batez ere, bere alde pertsonala agerian uzten duena. Need A Little Time-en, adibidez, malenkonia giro goxo bat nagusitzen da. Nameless, Faceless eta I´m Not Mother, I'm Not Your Bitch-en kanpora ateratzen du amorrua, mezu feminista irmo eta zuzen transmitituz, ohiko duen bezala. Amaieran, aldiz, Walkin On Eggshells eta Sunday Roast-en kasu, argitasunera darama diskoa, dezibelioak jaitsiz eta konposizio desberdinetara moldatzeko gaitasuna agerian utziz.

Lehen diskoan erakutsitako gitarra zorrotz eta zuzen haietatik urruti dagoela dirudi batzuetan bigarren honek, baina lanaren egitura osotasunean kontuan hartuz gero, berebiziko disko baten aurrean gaudela ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.