Jenisjoplin

Soraiotasunerako tarterik ez

Egilea: Uxue Alberdi Argitaletxea: Susa.

2017ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Lau urte igaro dira Uxue Alberdik (Elgoibar, 1984) Euli-giro (Susa, 2013) ipuin liburua argitaratu zuenetik —azkar doa denbora—. Aurreko asteko asteartean aurkeztu zuen Jenisjoplin (Susa, 2017), bigarren nobela. Nagore Vargas narratzaile-protagonistaren bizitzako gorabeherek gidatzen dute kontakizuna. Ez da errealitatea modu objektiboan kontatzeko saiakera bat. Vargasen begiradatik eta esperientziatik jasotzen dugu munduaren berri eta berak egiten du beste istorio eta esperientzia batzuetarako zubi lana. Alberdik era horretan gure historia hurbileko problematika batzuk modu sinesgarrian lantzen asmatu duelakoan nago (2014. urtera arte luzatzen da nobelaren denbora-lerroa).

Alberdik horretarako sortu duen pertsonaia nagusia konplexua eta, istorioa bezala, ertz anitzekoa da. Bigarren eta hirugarren mailako pertsonaiekin dituen harremanetan, ekintzetan eta gogoetetan nabarmena da Vargasen identitatearen bilakaera nobelaren momentu ezberdinetan. Liburuaren hiru ataletan zehar 2010. urteko uda amaieratik 2014ko uda hasiera arteko denboraldiari dagokion narrazio nagusiarekin tartekatzen diren oroitzapen edo anekdotek konplexutasun hori ulertzeko balio duen atze-oihal moduko bat ematen diote irakurleari, nobelari bolumena eta sakontasuna ematen diotenak. Era berean laguntzen dute kontakizuna denbora eta espazio konkretuetan kokatzen dituzten elementuek: leku-izenak, erreferentzia kulturalak, gertakari historikoak...

Istorioa sakona izanagatik ere, Alberdik darabilen kontaera bizia da. Horren alde egiten duen faktoreetako bat da elkarrizketen eta ekintzen ugaritasuna, gogoetarako tartea badagoen arren akzioak, gorputzek eta ahotsek berebiziko garrantzia baitute nobela honetan. Deigarria egin zait, ohitura falta izango da, testuari oso ondo lotzen zaizkion elkarrizketak hitanoz emanak direla gehienbat. Orokorrean hizkera soil eta batere behartu gabean idatzia dago Jenisjoplin, Vargasen jario gordinak hala eskatuko balu bezala. Testua hain da gardena batzuetan non istorioari leku uzteko bere presentzia kasik txikitu ere egiten baita, edo hala iruditu zait, behintzat.

Liburuaren aurkezpenean esan zuen Alberdik Euskal Herriko gatazka politikoari lotuta «bizipen eta kontraesan pertsonalak eta belaunaldikoenak» arakatzen saiatu dela. Arakatze horretan askotarikoak dira pertsonaien bidez lantzen dituen auziak. Pisu handia dute, hasieran aipatu problematiken artean, gaixotasunaren inguruko gogoetek, zaurgarritasunaren kontzientziak, borrokek, zaintzak, plazerak eta, indarkeriak, besteak beste.

Vargasek transmititzen duen egonezina da nagusi liburuan zehar, pasarte ustez lasaietan ere, azken orrietan izan ezik. Pertsonaiarekin batera eraldatzen doan egonezina da, hala ere, ustekabean jarrera irmo eta ustez ziurtasunez betetako batetik jarrera zalantzatiago bat hartzera behartua ikusten baitu bere burua Vargasek. Ziurtzat jotzen ditugun gauza asko zalantzan jarri behar ditugula gogorarazten digu nobela honek, gure izaeraren beraren oinarri direnak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.