Scott and Charlene's Wedding. 'Any Port in a Store'

'Songwriter' frustratuaren xarma

2014ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Diskoetxea: Fire Records

Azken boladan, Australia eta Zeelanda Berriko pop-rock independenteko makina bat talde interesgarriren berri izan dut. Horren harira, musikari gazteek eratutako eszena berri baten loraldia bizi dugula irakurri dut sare sozialetan; hori gutxi balitz bezala, 80ko hamarkadanZeelanda Berriko Dunedin hirian sortutako Flying Nun diskoetxearen inguruan piztutako garage-pop eztanda oparoarekin ere alderatu dute. Antipodetako gazte horiek abiatutako bandetako batzuk honakoak dira: Prophet Hens, Camperdown and Out, Boomgates, Dick Diver, edo iragan maiatzaren 5ean Bilboko Kafe Antzokian jo zuen Melbourneko Scott and Charlene's Wedding (SACW). Gaur egun New York hirian dute euren egoitza.

Laukote aussie-aren Bilboko emanaldia asko gustatu zitzaidan; hortaz, bi disko eskuratu nituen, tartean, lerrootara ekarri dudan bigarren lana. Xarma handiko ahots desafinatudun Craig Dermody musikariaren egitasmoa da SACW; berak idazten ditu doinu guztiak, eta, batik bat, 90eko hamarkadako pop-rock independentetik edaten duten 11 kantu bildu ditu lan honetan. Pavement taldearen ukitua antzematen da diskoan, eta estatubatuarrak Zeelanda Berriko The Clean talde klasikoaren jarraitzaile sutsuak zirela aintzat hartuta, grabazioa 90eko hamarkadako AEBetako rock independentearen eta 80ko urteetako kiwi taldeen arteko zubi garaikidea dela esango nuke —ezaugarri bera erantsiko nieke, gainera, iruzkinaren hasieran aipatutako taldeei ere—.

SACW bandan, baina, etxe orratzen hiriko Television edo The Velvet Underground klasikoen zantzuak ere nabaritzen dira; batez ere, gitarrek eragiten duten zurrunbiloetan. Dena dela, Brooklyn auzoaren itzala ere izan daiteke —han bizi dira laukoteko kideak—, hitzetan sarritan agertzen baitira hiriaren inguruko aipamenak; esaterako, New Yorken gose aseezinari buruzko Jackie Boy doinu punk zalea: «This town wants to eat me up / It better have an appetite», edo bizileku berriak Dermody bandako liderrari eragiten dizkion kontraesanak, Fakin'NYC kantuan: «I'd do anything for a coin, I got the wolves knocking on my door».

Bada, aspaldi ezagututako Dinosaur Jr eta bestelako indie dinosauroen jariotik gertu dagoen diskoa da, baina 80ko urteetako freskotasunarekin jantzita dator. Horrekin batera, Dermodyren ahots herren baina iradokitzaileak songwriter frustratuaren xarma ere gehitzen dio grabazioari. Village Voice aldizkariaren arabera, «hatz luzea tente erakusten duen jangle-pop-a» da; eta ni bat nator. A! Bilboko kontzertua herrikide dituzten The Go-Betweens taldearen Karen doinuaren bertsio garage-punk zalearekin amaitu zuten... Esanguratsua, ezta?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.