ETAren amaiera. Erabakiaren ondorena

«Aitzakien» aroari adio

ETA desagertuta, Sarek uste du desagertu dela indarrean dagoen espetxe politikari eusteko «azken aitzakia». Pentsatzen dute preso eta iheslarien auzia «ardura kolektibo» bihurtu dela

Joseba Azkarraga eta Begoña Atxa Sareko bozeramaileak, atzo, Bilbon eginiko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Bukatu da ETA. Horren ondorioz, Sarek uste du ez dagoela «ETAko presoez» berba egiterik, eta, horrenbestez, haien eskubide urraketen auzia «ardura kolektibo» bihurtu dela. Eta korapilo hori ere askatu behar dela, «elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko», amaitu baita indarrean dagoen espetxe politikari eusteko «azken aitzakia». Hori azaldu dute Sareko bozeramaileek, ETA desegin osteko egoeraren azterketa gizarteratzeko egindako agerraldian. Sare ere izan zen Kanbon egindako ekitaldian (Lapurdi), eta lehenengo balorazioa egin zuten han; oraingoan, baina, egoera berriaren aurrean lehentasunak ere ezarri nahi izan dituzte.

Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako sailburu ohiak gogoratu du Espainiako Estatuak «baldintza gehiago jarriz» erantzun duela ETAk egindako urrats bakoitzaren ostean, «bere legedia ez betetzeko». Borja Senper Gipuzkoako PPren idazkari nagusiak aspaldi egindako adierazpenak ekarri ditu; hark esan zuen ETA deseginez gero «48 orduan» has zitezkeela euskal presoak Euskal Herrira gerturatzen. Epe hori joan den asteburutik gaindituta dagoela-eta, Azkarragak azpimarratu du oraingoz ez dela ikusten aldaketaren zantzurik.

Sareren ustez, orain «elkarbizitza eta bakea eraikitzeko» aukera irekitzen da, baina, horretarako, preso eta iheslarien auziari oratu behar zaio. «Euskal presoen eskubideak urratzen dituzten bitartean, senideak urruntze politikarekin zigortzen dituzten bitartean, edo espetxeetan presoak hitzen diren bitartean, ezin izango da benetako bakeaz eta elkarbizitzaz hitz egin», esan du Azkarragarekin batera Sareko bozeramaile den Begoña Atxa legelariak. Horregatik, presoen afera «lehentasunezkotzat» jotzeko eta «aukera paregabe hau» galtzen ez uzteko deia egin diete, gizarteari ez ezik, baita euskal erakundeei eta Espainiakoei ere.

Sareren ustez, urratsik egin ezean, eta oraingo espetxe politikak bere horretan irauten badu, euskal presoak ere «biktima» izatera pasatuko dira; haiekin batera, senideak: «Inolako errurik ez duten horiek», Sareko bozeramaileek adierazi dutenez. «Aitzakiak amaitu dira; aurrerantzean, mendekua eta bidegabeko mina eragiten jarraitzeko grina baino ez lirateke geratuko», azaldu dute. «Gaur egun, indarrean dagoen bortxakeria bakarra estatuarena da, askotan ezkutuan gordetzen dutena», erantsi du Azkarragak.

Deia Urkulluri eta Barkosi

Sareko bozeramaileek esan dute «ongi» iruditzen zaizkiela joan den ostiralean Bertizko ekitaldian (Nafarroa) Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eta Nafarroako Uxue Barkosek espetxe politika egokitu beharraz egindako adierazpenak, «norabide horretan egindako ekarpen guztiak positibotzat» jotzen baitituzte, eta iragarri dute eskaera egin dietela bi lehendakariei bilerak egiteko, «haien asmoen berri izan eta Sarerenak ere haiei jakinarazteko». «Ez da nor bere kasa aritzeko garaia, elkarlanarena baizik», adierazi du Azkarragak.

Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan presoen eskubideen alde egituratu diren gehiengo berriak ere aipatu ditu Atxak, eta esan du egoera berri honetan «aukera gehiago» dagoela hor ere urratsak egiteko. Aurrerantzean, Sarek «gizartea aktibatzen» jarraituko du, «horixe baita bere eginkizun nagusia». Orain arteko prozesu osoan gizarte zibilak izan duen rol nagusia nabarmendu dute: «Hainbat eragileren aurretiazko lanaren ostean iritsi zen 2011ko urriaren 20ko ETAren erabakia [jardun armatua bukatutzat ematea behin betikoz ], eta 2017ko apirilaren 8ko armagabetzea ere artikulatutako gizarte zibil baten arrakasta izan zen».

Sareren ustez, gizarte zibilaren bultzadarik gabe «amaiera hau ez zatekeen sekula gauzatuko, edo, behinik behin, asko luzatuko zatekeen». Horregatik, aurrerantzean Orain presoak leloa goiburutzat hartuta, Sarek gizarte zibila aktibatzen eta mobilizazioa sustatzen jarraituko du, bai eta «instituzioei eskaerak egiten» ere, «benetako inplikazioa izan dezaten konponbidearen eta bakearen eraikuntzan».

«Belaunaldi berriek guk gure nagusiengandik jaso genuena baino jendarte hobea merezi dute», esan dute Sareko bozeramaileek. Horregatik, «gizarte zibila da, instituzio, alderdi eta sindikatuekin batera, arduraz eta perspektibaz jokatu behar duena. Garai berri honetan, ezin da inor bazterrean geratu». Deia egin dute «hamarkadetako sufrimendua» amaitzeko eta «konponbidean, adiskidetzean eta elkarbizitzan aurrera egiteko».

Biktimei begirunea

Joseba Azkarragak gogorarazi du biktimak direla, preso eta iheslariekin batera, gatazkak utzitako ondorio larrienetako bat, konponbidea behar duena, eta Sare presoen auzian aritzen bada ere, biktimak ere ahotan hartu nahi izan ditu, haiei «begirunea» azaltzeko.

Hala ere, Azkarragak gogorarazi du «biktima guztiak» direla aintzat hartu beharrekoak. Haren aburuz, Espainiako Estatuaren biktimak «desagerrarazi» egin dituzte ETAren jarduera armatuaren amaieraren ostean hasitako prozesuan, eta biktima izaera ere ukatu egin zaie. «Begirune osoz, biktimak aintzat hartu behar dira, baina biktima guztiak», esan du.

Horrekin lotuta, Azkarragak desberdindu egin nahi izan ditu biktimen zenbait elkartek plazaratzen dituzten mezuak eta biktimen benetako iritziak. «Nik ez diot inongo biktimari entzun giza eskubideen urraketari eutsi behar zaionik», adierazi du: «Ziur nago biktimek aitorpena nahi dutela, eta ez mendekua iraunaraztea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.