Memoria historikoa. Francoren hilotza

Francoren gorpua Erorien Haranetik ateratzeko bideari ekin dio Madrilek

Diktadorearen gorpuzkiak mausoleotik ateratzeko lege dekretua onartu du Espainiako Gobernuak. Abuztuaren 31tik aitzin, Francoren sendiak 15 eguneko epea izanen du beste hilobi bat hautatzeko

El Escorial herriko Cuelgamuros haranean (Espainia) eraiki zuten Erorien Harana. CHEMA MOYA / EFE.
Ion Orzaiz.
2018ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Franco hil eta 43 urtera, Espainiak erabaki du haren gorpua ohorezko mausoleotik ateratzea. Espainiako Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen 2007ko Memoria Historikoaren Legea aldatzen duen dekretua, eta heldu den ostiralean jarriko dute indarrean.

Diktadorearen gorpuzkiak hobitik ateratzeko ahaleginen kontra eskuinak orain arte jarri dituen trabak saiheste aldera, ezohiko bide bat hautatu du Espainiako Gobernuak: lege dekretuarena. Horri esker, urtea bukatu baino lehen burutu ahal izanen du prozesua, eta, oposizioko alderdiek edota Francoren sendiak Auzitegi Konstituzionalera joko balute ere, ezinen lukete egoera lehengoratu. PP eta Ciudadanos alderdien haserrea piztu du Pedro Sanchezen gobernuak hautaturiko prozedurak, haien irudiko lege dekretuaren mekanismoa «egoera ezohikoetan eta larrialdi egoeretan bakarrik» aplika daitekeelako. Mariano Rajoy presidente ohiaren agintaldian, 75 lege dekretu onartu zituen Espainiako Gobernuak, 2011tik 2015era.

Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak eman zituen atzo erabakiaren nondik norakoak. Haren esanetan, Francoren gorpuzkiak Erorien Haranean egotea «bikitimenganako errespetu falta da», eta gaineratu zuen diktadorea handik ateratzea pauso bat dela memoria historikoan aurrera egiteko. «Demokrazia ez da bateragarria Francoren memoria goresten duen hilobi batekin».

Legea dekretu bidez onartzeak piztu duen polemikaren harira, berriz, Calvok defendatu egin zuen Espainiako Gobernuak hartutako bidea, auzia «ohiz kanpokoa» eta «premiazkoa» dela iritzita. Espainiako presidenteordeak argudiatu zuen Espainiako Kongresuak galdegina ziola Rajoyri Francoren gorpuzkiak ateratzea —2017ko maiatzean—, eta, orduko hartan, eskariak ez zuela ezezko bozkarik jaso parlamentuan. Espainiako Gorteez gain, Nazio Batuen Erakundeak ere behin baino gehiagotan eskatu dio Madrili gorpuzkiak Erorien Haranetik atera ditzala. Bestalde, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente zela, hamalau adituk txosten bat idatzi zuten, adierazteko «zentzurik gabekoa» zela Francoren gorpuzkiak han egotea, Erorien Harana 1936ko gerran hildakoentzat soilik zelako. Txosten horretan oinarritu da Espainiako Gobernua lege dekretu berria ontzeko.

Hemendik aurrera, zer?

Calvo presidenteordeak prentsaren aurrean azaldu zuenez, datorren ostiraleko Ministroen Kontseiluan emanen diote hasiera gorpuzkiak ateratzeko prozesuari. «Berme guztiak» beteko dituen prozesua izanen dela esan zuen: hartara, dekretua indarrean jartzen den unetik, alde guztiek 15 eguneko epea izanen dute alegazioak aurkezteko. Epe horretan, gainera, Francoren sendiak adierazi beharko du non hobiratu nahi dituen gorpuzkiak. Familia hezurren kargu eginen ez balitz, Espainiako Gobernuak berak aukeratuko luke toki «duin eta errespetuzko bat».

Tramite guztiak beteta, gobernuak «urtea amaitu baino lehen» atera nahi du diktadorearen gorpua mausoleotik. Hala ere, ez dute publikoki esango zer egunetan altxatuko duten 1.500 kiloko harlauza hobia irekitzeko, «protestak eta omenaldiak» saihesteko.

Prozedura administratiboarekin batera, Francoren hezurren lekualdatzeak bide politiko bat ere eginen du Espainiako Kongresuan. Izan ere, Pedro Sanchezen gobernuak auzia parlamentura eramanen du, lege proiektu baten gisara tramitatu dadin. Hala, abuztuaren 31n Ministroen Kontseiluak dekretua onartu ostean, kongresura igorriko dute, han eztabaidatu, zuzenketak egin eta tramitatzeko. PSOEren gobernuak, alta, ez du traba handirik espero, ziurtatua baitu kongresuaren onespena: Ciudadanos eta UPN-PP ez beste alderdi guztiek babestuko dute legea. Zehazki, Ciudadanosek abstentziora joko du, eta UPNk eta PPk oraindik ez dute erabaki zer bozkatuko duten.

Vatikanora deika

Espainiako Gobernuak uztailean onartu nahi zuen Francoren gorpuzkiak hobitik ateratzeko dekretua, baina, diktadorearen sendiarekin izandako tirabira batzuen ondorioz, atzeratu egin zuten. Hasieratik, familiak gogo txarrez hartu zuen erabakia. Atzo iragarri zuten Vatikanora joko dutela babes eske, eta Francisco Martinez Bordiuk, Francoren bilobak, gobernuari ohartarazi zion salaketa aurkez dezaketela «prebarikazio delituagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.