Europako Batasuna

Batasuna indartzea helburu

EBrekiko «konfiantza» berreskuratu beharra nabarmendu du Von der Leyenek. Iragarri dituen egitasmoen artean daude gutxieneko soldata bat ezartzea eta Shengen eremua eraberritzea

Ursula von der Leyen, Europako Batzordeko presidentea, parlamentuaren osoko saioan, atzo. OLIVIER HOSLET / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Irune Lasa
2020ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek pandemia betean egin zuen atzo Europako Batasunaren egoerari buruzko bere lehen hitzaldia karguaren zina egin eta urtebetera. COVID-19ak goitik behera aldatu du EBko egoera, eta agerian utzi ditu estatu kideen gabeziak. Horiek asebetetzeko hainbat egitasmo iragarri zituen Von der Leyenek, betiere nabarmenduz «hondamendiek eta kanpoko presioek» ez dutela EBren noranzkoa aldatuko.

Europako Batasunarekiko eta bertako instituzioekiko «konfiantza berreskuratu beharra» dagoela nabarmendu zuen buruzagiak, baita krisiek eragindako «ahultasuna» gainditzekoa ere. «Pandemia eta hark eragindako ezegonkortasuna ez dira amaitu. Baina europarrek hortik atera nahi dute. Aldaketarako prest gaude, aurrera egiteko prest», esan zuen Von der Leyenek. Hala, krisitik irteteko batasunaren aldeko apustua egin du Batzordeko buruak, betiere, haren oinarriak errespetatuz: demokrazia, berdintasuna eta ekonomia soziala. Horietan oinarrituta «belaunaldietan zehar aurrera egingo duen proiektu bat» defendatu zuen, ekonomia berdean eta digitalizazioan oinarrituko dena.

OSASUNA

Ehunka mila kutsatu eta milaka hil ditu COVID-19ak EBn, eta osasuna da oraintxe estatu kideen lehentasuna; zehazki, pandemiari aurre egiteko neurri eraginkorrak hartzea. Horri dagokionez, osasun arloko eskumenak Bruselaren esku uztearen alde egin du Von der Leyenek: «Osasunean indartsuagoa den Europako Batasun bat eraiki behar dugu, eta, horretarako, krisi honetatik ikasi behar dugu. Eskumenen inguruan hitz egiten hasi behar dugu, eta finantzaketa handitu», adierazi du batzordeko buruak. Izan ere, gaur egun, estatu kideen esku dauden osasun alorreko erabakiak, eta, Bruselak horiek bere gain hartu nahiko balitu, osasun krisi bat dela medio, kide guztien adostasuna lortu beharko luke aldez aurretik.

Hainbat egitasmo ere iragarri ditu: ikerketa klinikorako agentzia baten sorrera eta datorren urtean egingo duten osasunari buruzko goi bilera. Aldi berean, adierazi du indartu egingo dutela Gaixotasunak Aurreikusi eta Kontrolatzeko Europako Agentzia ere, zeina arduratu den pandemia garaian kutsatuen inguruko informazioa eta hartu beharreko neurriak jakinarazteaz.

MIGRATZAILEAK

Greziako Lesbos uhartean dagoen migratzaileentzako kanpalekurikhandiena erre zenean iragarri zuen Bruselak migrazio politika berriak proposatuko zituela, besteak beste, halakorik berriz gertaez dadin. Erabakia berretsi du Von der Leyenek ere, eta nabarmendu aurrerantzean ere «bereizi» egingo dituztela «geratzeko eskubidea dutenak eta ez dutenak». Horretarako, «elkarlana» eskatu die estatu kideei.

Europako Batzordeko buruak ez du xehetasun gehiagorik eman, baina zehaztu du orain arte indarrean egon den Dublingo araudia deritzona amaituko dela horren arabera, asilo eskatzaileak zapaltzen duen lehen herrialdeak du hari asiloa emateko ardura. Mediterraneoko herrialdeek behin baino gehiagotan salatu izan dute politika horiek euren gain uzten dutela asilo eskatzaileak hartzeko erantzukizuna.

GUTXIENEKO SOLDATA

«Gutxieneko soldatek funtzionatzen dute, eta garaia da lan egiteak merezi izateko». Von der Leyenek negoziazio kolektiboaren aldeko defentsa sutsua egin du bere hitzaldian, soldatak jaistearen kontra agertu da, eta azpimarratu du Europan gutxieneko soldatadun erregimenek egon behar dutela.

Horretarako plan bat prestatzen ari da Europako Batzordea, baina jada kontra agertu zaizkio Europako herrialde batzuk. Horregatik, ziurrenez, Von der Leyenek esan du EBren ekinbide orok herrialdeen eskumenak errespetatuko dituela.

SCHENGEN

Von der Leyenek merkatu bakarraren abantailak ere goraipatu ditu, eta nabarmendu du hura «oinarrizkoa» izan dela krisia kudeatzeko eta «indarberritzeko». Hala, askatasunak berreskuratzearen alde egin du:zehazki, herritarren, kapitalen, ondasunen eta zerbitzuen zirkulaziorako askatasuna, eta iragarri du Schengen eremua eraberritzeko proposamen bat jarriko dutela mahai gainean.

GAS ISURIAK

«Gure inpaktu azterketek argi erakusten dute, gure ekonomiak eta industriak kudea dezakete hau». 2030. urterako EBk bere berotegi gasak 1990eko mailetatik %55 murrizteko helburua izatea defenditu du Von der Leyenek, 2050. ean klima neutraltasuna lortzeko gauzak «bizkorrago» egin behar direla esanez.

Gaur egun, %40koa da murrizketa helburua, eta, %55erainoko igoera handia bada ere, are gehiago lor daitekeela uste dute askok, Batzordea motz gelditu dela. Europako Parlamentuak berak %60ko helburua hobetsi berri du bere ingurumen batzordean, eta isurien gutxitzeak %65ekoa izan behar duela diote, esaterako, Alemaniako berdeek. Bestalde, ordea, Europa ekialdeko herrialdeak ditu Von der Leyenek, nagusiki Polonia, Itun Berdearekin kritiko, eta trantsiziorako funts berezien eske.

Klima neutraltasunerako aldaketa eta pandemiak eragindako krisitik suspertzeko bidea batera doazela uste du Bruselak. Horregatik, Europako Batzordeak Suspertzerako Next Generationeko diruen herena baino gehiagobideratu nahi ditu trantsizio energetikora, Itun Berdearekin lotutako politika eta proiektuetara, 750.000 milioiko funtsaren %37.

BONU BERDEAK

Trantsizio energetikorako diru horietatik 225.000 milioi euro bonu berdeen jaulkipenarekin lortzeko asmoa du Europako Batzordeak, eta Batasunaren zorpetzearen zati handi bat Itun Berdeari lotuta geldituko da horrela.

Bonu berdeak edo bonu jasangarriak ugaldu egin dira azken urteetan zor merkatuetan. Alemaniak, Herbehereak, Frantziak, Suediak eta Poloniak halako bonuak jaulki dituzte, eskaera arrakasta handiarekin. Europako Batzordeak babestutako bonu berdeei eroslerik ez zaie faltako.

KARBONOAREN MUGA ZERGAK

Von der Leyenek karbonoaren muga zergak defenditu ditu gaur berriz ere, trantsizio energetikoa bultzatzeko ezinbesteko tresna gisa. Hots, ekoizpenean isuriak eragin dituzten gaien inportazioei muga zerga ezarri nahi die, beste herrialdeak garbiago izatera bultzatzeko eta, aldi berean, garbiago jarduten duten Europako ekoizleak babesteko.

«Karbonoak prezioa izan behar du, naturak ezin duelako gehiago pagatu prezio hau», esan du batzordeko presidenteak. «Karbono isurientzako mugako doikuntza mekanismoak atzerriko ekoizleak eta EBko inportatzaileak bultzatu egin behar ditu haien isuriak murriztu ditzaten, eta bateragarriak izan behar dute Munduko Merkataritza Erakundeak ezarritako joko zelaiarekin».

GOOGLE TASA

Beste zerga batzuei buruz ere aritu da Europako Batzordeko presidentea, erraldoi digitalei ezarri beharko zergei buruz. Von der Leyenen ustez, zerga digital mugatu bat maila globalean adostu beharko litzateke, baina negoziazioak eteten badira edo akordioarekin ados ez badago, esan du,Batzordeak ez duela beldurrik izango bakarrik joateko. Era batera edo bestera, Batasunak gai horri konponbidea eman behar dio datorren urte hasieran, presidentearen arabera.

'BREXIT'-A

Londresi ohartarazi dio ezin dituela bere kabuz aldatu EBtik irteteko akordioak jasotako puntuak, eta Erresuma Batuko lehen ministro izandako Margaret Thatcherren hitzak ekarri ditu gogora: «Bretainia Handiak ez ditu hitzarmenak urratzen; kaltegarria litzateke Bretainia Handiarentzat, kaltegarria gainontzeko estatuentzat, eta kaltegarria etorkizuneko merkataritza akordioentzat». Von der Leyenek nabarmendu du Tatcherrren hitzek errealitatea islatzen zutela orduan, eta berdin egiten dutela gaur egun ere.

Londresen eta Bruselaren arteko akordioa kolokan jarri da azken asteetan, orain jakin baitaBoris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak lege proiektu bat aurkeztu duela akordioan aldaketak eragingo lituzkeena, zehazki Irlandako mugari dagokion puntuan. Von der Leyenek gogorarazi du bi aldeek hiru urte behar izan zituztela akordioa «hitzez hitz» adostu ahal izateko, eta «herritar guztien eskubideak bermatuko dituen» hitzarmena osatzeko.

ZUZENBIDEA

Poloniak LGTBI komunitatearekin agerturako jarrera salatu du Von der Leyenek, eta ohartarazi «LGTBIrik gabeko eremuek» ez dutela tokirik Batasunean: «Norbera izatea ez da ideologia bat, nortasun bat da. Inork ezin dizu hori kendu. Ez dut atsedenik hartuko berdintasunean oinarritutako Batasun bat lortu arte». Hala iragarri du, gorroto delitutzat jo daitezkeenen zerrenda zabalduko duela arrazan, sexuan, generoan eta erlijioan oinarritutakoak ere hor sailka daitezen.

Horrez gain, zuzenbide estatua «babeste beharra» dagoela nabarmendu du Batzordeko buruak, eta iragarri Bruselak urtea amaitu aurretik aurkeztuko duela kide bakoitzaren egoerari buruzko txostena. «Bruselak ez du onartuko zuzenbide estatuaren aurkako erasorik, eta funtsen babesa bermatuko du ustelkeriaren eta interes gatazken aurrean», adierazi du Von der Leyenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.