Venezuela. Asanblea Nazionalerako bozak

Parte hartzea erabakigarria izango da Venezuelako hauteskundeetan

Asanblea Nazionalerako bozak egingo dituzte bihar. Ganberan 167 diputatu ziren lehen, eta 277 izango dira orain. Oposizioak bere agintaldia berresteko «herri kontsulta bat» antolatu du gaurtik hilaren 12ra

Parte hartzea erabakigarria izango da Venezuelako hauteskundeetan.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Venezuelako Asanblea Nazionalerako hauteskundeak egingo dituzte bihar. 277 eserleku izango dira jokoan, lehen zeudenak baino 110 gehiago, eta 14.400 hautagai aurkeztuko dira horietara. Hauteskunde hauetako gako nagusia, ordea, beste bat izango da: parte hartzea. Izan ere, Juan Guaido oposizioko kidearen gertukoek abstentzioaren aldeko deia egin dute.

Parlamenturako duela bost urteko hauteskundeetan, Guaidoren alderdia izan zen garaile, botoen %74 eskuratuta; beraz, oraingo honetan parte hartzeak behera egingo balu, oposizioa indartuta aterako litzateke. Bestetik, inkestek iradokitzen dute Hugo Chavez presidentea zenaren jarraitzaileen artean eta oposiziokoen artean politikarekiko nekea dela nagusi.

Igandeak utziko duen irudia zer-nolakoa izango den aurreikusteko balio dezakete duela bi urte egin zituzten presidentetzarako hauteskundeek. Ordu hartan ere, oposizioak abstentziorako deia egin zuen, eta Nicolas Maduro estatuburuak erraz irabazi zuen, baina parte hartzea %46koa izan zen. Dena den, igandeko bozetan hori bera lortuko balute, arrakastatzat jo dezake gobernuak, batez ere kontuan izanik orain arte oposizioaren esku egon den ordezkaritzaren zati handiena bereganatuko luketela.

Krisia oposizioan

Guaidoren Herriaren Borondatea alderdiak boikoterako deia egin du, eta, bozetan parte hartu ordez, gaurtik eta hilaren 12ra bitartean egin nahi duten «herri kontsultan» parte hartzera deitu dituzte herritarrak. «Erregimenak bere egin ditu Asanblea Nazionalarenak ziren eskumenak», salatu du Guaidoren bozeramaile Antonio Ecarrik. Hala, haren esanetan, biharko hauteskundeak «iruzur bat» dira, eta, beraz, «irtenbide zentzuzko bakarra» egungo parlamentuari bere horretan eustea litzateke. Kontsultan, Guaido buru duen legebiltzarrari bere horretan eusteko aukerari buruz galdetuko diete herritarrei.

Kontsultak «nazioarteko arau guztiak» betetzen dituela berretsi dute Guaidok eta haren gertukoek, eta iragarri parte hartzea hauteskundeetakoa baino handiagoa izango dela. Modu horretan igandeko bozen zilegitasuna zalantzan jartzea litzateke oposizioaren asmoa. «Igandeko hauteskundeetako abstentzioa %80tik gorakoa izango da; kaleak hutsik ikusiko ditugu. Baina, irudi hori ez ikusteko, Maduroren gertukoak jendea antolatzen ari dira bozen egunean ilara luzeak egin ditzaten», salatu du Ecarrik.

Eskuinak berak ere ez du duela bost urteko irudi bera emango igandean. Abstentzioaren alde egin duten bi alderdi nagusien artean ere —Herriaren Borondatea eta Leopoldo Lopezen Ekintza Demokratikoa (AD)—, desadostasunak dira nagusi. ADko buruzagi Henry Ramos Allupek eskatu du ez joateko Guaidoren gertukoek antolatutako ekitaldietara. Allupen gertukoek uste dute, behin hauteskundeak eginda, Guaidok osatu nahi duen parlamentu alternatiboak indarra galduko duela, eta bestelako oposizio bat osatzeko deia egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.